argia.eus
INPRIMATU
Epaiaren zain!
  • Hala ditugu 18/98ko sumarioan auzipetuak. Bederatzi urte sufritzen eta oraino uda ondotik zigorra jaso dezaketen beldurrez; oporretan ere artega. Gu lasaiago egon ginen zer esango zuten zain, Donostiako Miramarren. Bigarren egunean Madrilgo epaile aurrerakoiek egin ziguten bisita, egun Yugoslavia ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiko epaile den Jose Ricardo de Prada jaunak eta Egunkaria auziko epaiketa egitea erabaki duen Espainiako Auzitegi Nazionaleko 1. zigor salako magistratu den Ramon Saez Valcarcel jaunak. Aurrerakoiak ez izatera, ez ziren etorriko Donostiara, Eusko Ikaskuntzak gonbidatuagatik.
Pako Sudupe 2007ko uztailaren 15
Pako Sodupe
Dani Blanco
Leiho ondoan paratu nintzen: beti da ona itoegi sentituta ere, leihoren baten arnasbidea. De Prada jaunak monotono esandako hitz andanatik Auzitegi Nazionalera itzuli beharrak sortzen omen dion zorabioa iltzatu zitzaidan buruan: Madrilgo Auzitegi Nazionala egun gaizki definitutako “terrorismoa” borrokatzeko estatu-tresna bat dela aitortzen du –esaterako, Zigor Kodearen 577. eta 578. artikuluak zabaltzeak ekarri du “desordena publikoak” eta “terrorismoarekin lotutako delituak” multzo berean sartzea, horrek berekin dakartzan zigor ondorio izugarriekin– eta horren ordez konponbidea aurkitzeko tresna izan behar lukeela; alabaina, Yugoslavia ohikoa buruturik hara itzuli beharra da, eta horrek zorabioa sentiarazten dio. Leihora begiratu dut: ezteiliar batzuk dotore jantzirik argazki-makinari kliska eta klaska dabiltza, inguru paregabean! Auzitegi Nazionala barrutik aldatzen ahalegintzeko itzuliko da ala bere lanbidean gora egiteko?

Nor naiz ni inor juzkatzeko, baina Espainiako Konstituzioa gauza handitzat dutenek ere onartzen dutenean eskubide zibil eta politikoetan aurrera egiteko baino gehiago frankismora gibelarazteko balio duela auzitegi horrek, nola ez du epaile aurrerakoien artean kontrakotasun gehiago sorrarazten?, eta, jakina, epaileetan ez ezik politikari aurrerakoietan eta gizartean, frankismoko Ordena Publikoko Auzitegiaren bertsio eraberritua baino ez den horrek?

Valcarcel jaunaren mintzaldia patetiko samarra egin zitzaidan. 2001eko irailaren 11koaren ondotik mendebalean botere-guneetan hedatu den espiritu errepresiboak –herritarren eskubideen babesa bazter utzirik– 68ko maiatzeko espirituaren nostalgia sentitzera ekarri du: garai txarrak aurrerakoientzat. Egunkariaren auziko epaiketa egitea onartu duenean ez bezala, badu aukera ez hain aspaldiko espiritu hura berreskuratzeko epaia ematean.

Egunkariaren auzia, 18/98 sumarioa, oraingoan ez bada hurrengoan, zu zeu irakurle, eta gu geu guztiok egon gaitezke egoera bidegabe berean sartuak. Ez dezagun bestera begiratu, hurrengoan geu egon gaitezke-eta epaiaren zain!