Bigarren aldiko beldur, min eta argiak

  • Beldurra, mina, argia izenpean Keike talde ondarrutarraren bigarren diskoak doinu gitarreroagoak ditu. Partaideen artean ere aldaketarik izan da, Itsaso Gutierrezek (Jauko Barik) taldea utzi berri duen Axular Arrasateren lekua hartu baitu. Estreinakoa bezalaxe, Oihuka diskoetxeak kaleratu du lan berria ere.

    Duela bi urte pasa aurreneko lana argitaratu ondoren Keike taldea bere bigarren estudioko diskoarekin iritsi zen azken Durangoko Azokara: Beldurra, mina, argia. Lehena (Oinetan kea, Oihuka 2004) ez bezala, Ondarroako Santos Records-en grabatu zuten hamar kantuz osatutako disko berria Iñigo eta Mikel Santosen eskutik. “Lehen lanean ere Mikel Santos ekoizpenean aritu zen gurekin. Horrez gain, zuzeneko teknikaria ere bada. Badira urte batzuk estudioa sortu zuela anaiarekin Ondarroan eta dagoneko hainbat disko grabatu dituztenez eta esperientzia hartu dutenez etxean bertan grabatzea erabaki genuen”, diosku Ion Kirru gitarra-joleak. Oraingo honetan baliabide gutxiago izan badituzte ere, taldekideak aurreko esperientziarekin baino gusturago gelditu dira eta Santos Recordsen denborari etekin handiagoa atera ahal izana ere azpimarratu dute.
Keike taldeko kideak
Beldurra, mina, argia izeneko honetan kantuak zuzenagoak dira taldekideen ustetan: “Soinua gogorragoa da, gordinagoa. Lehen diskoan intentsitate aldaketekin asko jokatzen genuen eta lan berrian Keikeren ezaugarri hori mantentzen bada ere, ez da hain nabarmena. Ahotsaren presentzia ere txikiagoa da, baina orekatuago dagoela uste dugu”. Nerea Sanchezek latzago abestu du. “Elkarren grabatu genuenean kantatzean guztia hain garbi entzuten zenez, Nereak ere akaso konturatu gabe ahotsa leunago kanporatzeko joera izan zuen. Beraz, disko honetan taldea hobeto islatzen dela uste dugu”.

Titulua, hitzen isla

Beldurra, mina, argia ez da hala nola asmatutako titulua. “Kantuak osatzen joan ginen heinean hitzetan ‘beldurra’, ‘mina’ eta ‘argia’ terminoak askotan errepikatzen zirela konturatu ginen. Beraz, diskoari borobiltasuna eskaintzeko asmotan Beldurra, mina, argia izenburua jartzea erabaki genuen”, azaldu du taldeko gitarra-joleak. Batez ere, Nerea Sanchez abeslaria dugu kantuen hitzak idazteaz arduratzen dena. Hitz intimista eta barnerakoiak, sentimenduak hizpide izaten dituztenak. “Niaren ikuspegitik idatzitako letrak dira, egoera pertsonalei buruz dihardutenak, sentimenduak... Halere, badira gai sozialak aintzakotzat hartzen dituzten pare bat kantu ere. Errudun jaioak, adibidez, inmigranteen egoera salatzen duen abestia da; eta Jositako ahoak, berriz, emakumeen kontrako tratu txarrak gaitzesten dituena”.

Partaide berria taldean

Keike 2002an sortu zen Ondarroan eta hasiera-hasieratik boskotea izan dira: Ion Kirru eta Axular Arrasate gitarretan, Gorka Ruiz baxuan, Denis Alberdi baterian eta Nerea Sanchez ahotsean. Disko berriarekin, ordea, lehen aldaketa gertatu da partaideen artean. Axular Arrasatek Keike utzi du eta ordura arte Jauko Barik taldean gitarra jotzen eta abesten aritutako Itsaso Gutierrezek hartu du bere lekua. “Talde batean jotzeak konpromiso handia dakar, musika egiteaz gain partaide guztiok egiten dugu lan. Batek agian gaueko txandan egiten du, besteak goizekoan... Batzuetan gaueko hamar eta erdietan entseatzen dugu, bestetan arratsaldeko zapietan… Kontzertu asko…”, azaldu du Ion Kirruk. Arrasatek bigarren diskoaren konposaketa prozesuaren erdian utzi zuen banda. Eta orduantxe sartu zen taldean Itsaso Gutierrez, aspaldidanik Keikeren jarraitzailea zen abeslari eta gitarra-jole gipuzkoarra. “Itsaso gure kontzertu gehienetara etortzen zen, gustuko zuen taldea zuzenean ikustea. Jauko Barik garai hartan utzi zuten eta musikarekiko grina duen edonork talde bat amaitzen denean beste proiektu batean murgiltzeko gogoa izan ohi du”, diosku Ion Kirruk. Emakumearen presentzia gero eta modu naturalagoan ikusten da euskal musika modernoaren panoraman.
Orain arte, batez ere, abeslari solistak edota koristak izan ohi ziren taula gainean ikusten genituenak. Eta hala ere, bakan batzuk ziren rock taldeetan aritzen zirenak. Egun beste instrumentu batzuk jotzen ikusteaz gain, soinu mahaiaren atzean eta fokuak muntatu eta gidatzen ere ikus ditzakegu neskak. “Ondarroan bertan, hasi ginenean Nerea zen lokaletako neska bakarretakoa. Orain, aldiz, emakumezko gehiago ikus ditzakegu. Gauzak aldatzen doaz”, azaldu du Ion Kirruk. Axular Arrasatek taldea utzi duen arren, diskoan parte hartu du, Mundua minus bat kantuan, hain zuzen. Eta Parasma eta Etsaiak taldeetan aritutako Tokik perkusioa grabatu du Ni, korapiloa piezan.

Euskal Herrian musika talde batean aritzeak sortzea eta interpretatzea baino gehiago eskatzen du. Ez da nahikoa konposatu eta zuzenekoak eskaintzea, hori betebeharren atal bat besterik ez da. “Kontzertuak lotu, kamisetak egin, zuzeneko eszenatokiko oihala egin… gauza asko behar dira talde batean. Eta egia esan, orain esparru horretan lehen baino finago gabiltza”, onartzen du gitarra-jole ondarrutarrak. Horrez gain, lan berriarekin zuzenekoa ere arretaz prestatu du banda bizkaitarrak. Ikuskizun hobea eskaintzeko asmoz, ordura arte kontuan hartu gabeko hainbat xehetasun zaintzen saiatu dira horretarako. Kontzertuaren jarraikortasuna bermatzeko, adibidez, kantuen zerrenda multzoka banandu eta geldiuneak eta arnasaldiak non eta nola egin aztertu dute. Kantu berriak “zuzenean jotzeko egokiagoak” direla uste dute taldekideek. Konposatzerako orduan ere, lehenengo diskoarekin erkatuz ikuspegiz aldatu dute Keikekoek: “abestia sortzerakoan gero nola grabatuko dugun ere hartu dugu kontuan, zuzenekoan funtzionatuko ote duen ala ez... Orokorrean, kantuak borobilagoak dira eta emanaldetan igarri egiten da”. Bigarren disko honekin dagoeneko emanaldi andana eskaini du banda ondarrutarrak eta aldaketen fruituak jasotzen ari dira: estreinako lanarekin baino jende gehiago gerturatzen da kontzertuetara.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude