Apirilaren 15etik ingelesak planeta jaten ari dira

  • Ekologiaren eta giza justiziaren ikuspegitik Mendebaldeko aurrerapena gero eta ez-jasangarriagoa dela irudikatzeko, Britainia Handiko erakunde batek kalkulatu du dagokien mundu zatia jatera bertako herritarrak zein egunetan iritsi diren. Lau hilabete ez dituzte osatu etxean dutenarekin.

    New Economics Foundation (NEF) deitzen da analisiari titulu deigarri hori ipini diona: Britain starts eating the planet on Sunday 15 April. 1985ean sortu zuten NEF herrialde txiroen kanpo zorraz kezkatuta zebiltzan zenbait intelektual aktibistak. Eskuin neoliberalak bere estrategiak aurreratzeko eta ideologia zorrozteko think-tank (pentsamendu tankeak) direlakoak dauzkan moduan, NEFek bere burua think-and-do tank (pentsamendu eta ekintzarako tankea) definitzen du.
Londresko Piccadilly Circus inguruko karrika
Argazkiko eszena Londresko Piccadilly Circus inguruko karrika batekoa da, iazko Saint George egunean. Ingalaterrako patroiaren eguna da apirilaren 23a eta herritarrak, tartean turistak, ongietorria ematen diote ospakizuneko desfileari. Sabairik gabeko autobus zahar tipikoaren goiko aldean II. Mundu Gerrako beteranoek agurtzen dituzte ikusleak, beren banderak erakutsiz. NEF erakundearen kalkuluetan, egun horretarako ingelesek xahutua zuten dagokien mundu zatia. "Britainia Handiaren munduarekiko interdependentzia aukera bat da, baina alferrik galtzen ari gara. Gure inguruneak ahal duenaren oso gainetik biziz eta zor ekologikoak pilatuz, bi oker egiten ditugu. Batetik, milioika pertsona kondenatzen ditugu bizi hobe baten aukerarik ez izatera. Bestetik, planetaren biziraupena bermatzen duten mekanismoak arriskuan ipintzen ditugu", idatzi du New Economics Foundation-eko Andrew Simms-ek.
Hona NEFen helburuak: “Bizi kalitatea hobetu nahi dugu, eta horretarako ekonomiaz, inguruneaz eta gizarteaz dauden pentsamendu korronte nagusiei aurre egiten dieten soluzio berritzaileak sustatzen ditugu. Elkarlanean ari gara eta jendea eta planeta jartzen ditugu ororen aurretik. (...) Era berean, sortzen ditugu aurrerapena neurtzeko tresna berriak, ongizate handiagoaren eta ingurunearen iraunkortasunaren alde”.

NEFek bere webgunean asteotan erakusten duen artikuluak dioenez, dagokien planetaren zatia xahutua zuten britainiarrek apirilaren 15erako, eta hortik aurrera besteren zatiak ari dira irensten. Iaz baino egun bat lehenago gastatu dute berena. Duela 46 urte baino askoz goizago: 1961ean uztailaren 9a arte iritsi ziren ingelesak berenetik kontsumituz. Hogei urtetan zehar, ingelesen gurmandiza etengabe handiagotu zen eta bi hilabetez aurreratu zen epea 1981ean: maiatzaren 14an hasi ziren auzokoenetik bizitzen. Mendebalde osoan bezala Britainia Handian ere aurrerapenak erruki gabe aitzina egin duenez, aurten apirilaren 15etik zorrak eginez bizi dira berriz.

Mundu osoa bizi da dagokion baino gehiago kenduz planetari, NEFek kalkulatu duenez. Baina bataz beste, mundutarrok Lurrari era jasangarrian kentzen dioguna kontsumituz aurten urriaren 23ra arte iritsiko ginateke. Hori bai, munduko biztanle guztiok nahi balute Britainia Handikoen bizimaila gozatu, orduan 3,1 planeta beharko lituzkete. Luze irauteko gehiegitxo dirudi.

Datuok eta askoz xehetasun gehiago eskaintzen ditu NEFeko ekipoak Interneten PDF formatuan irakur daitekeen txosten honetan: The UK Interdependence report: How the world sustains the nation’s lifestyles and the price it pays. Euskaraz ipiniko genuke: “Britainia Handiaren Interdependentziaz dosierra: munduak nola eusten dion nazioaren bizimoduari eta zer nolako prezioa ordaintzen duen”. Honela laburtu du ideia ikerketa koordinatu duen Andrew Simms-ek: “Alde batera, ez da txarra behar ditugun ondasunak eta zerbitzuak inportatzea; baina gure begiak luzeagoak dira daukagun planeta baino. Mundu guztiak kopiatu nahiko balu gure kontsumo maila, orduan Lurra bezalako hiru planeta baino gehiago beharko genituzke. Eta ez daukagu bakar bat baizik. Gure ekonomiak eta bizitzeko erak bat egin behar dute mundu errealarekin, lehenago istripuz osorik irentsi baino lehen”.

Britainia Handiari dagozkion datuak bildu ditu NEFek. Euskal Herrian aurten zorpean zein egunetan sartu garen kalkulatzeko, bi erreferentzia eskaintzen dizkigu txostenaren bukaera aldean ipini duen egutegian: Frantzia uztailaren 27an sartuko da zorretan, eta Espainia berriz maiatzaren 1etik ari da besterenetik jaten. Seguru honetan ere euskaldunok frantses baino espainolago garela.

Interdependentzia ala hil

NEFek ikerketa hau Interdependence Day proiektuaren barruan kokatu du. Izan ere, Mendebaldeko herritarrok gainerako mundutarrekiko zorpean sartzen diren data ez baita lurtar guztien arteko interdependentziaren ikurra baino.
Britainia Handia uhartea da, askotan Europa edo Ipar Amerika ia irlak direla diruditen moduan. Baina arras lotuta dago mundu guztiarekin. Janariari dagokionez, hasteko. Britainiarrek beti inportatu dute asko, baina beren buruak elikatzeko ahalmena izugarri urritu da 1990eko hamarkadatik, gaur egun bere apalenean dagoelarik.

Orobat gertatu da energiarekin. 1970etako krisiaren ondoren, Ipar Itsasoan petrolioa aurkitu zutela eta, urte oparoak bizi izan dituzte britainiarrek, baina hura agortzen hasi ahala berriro zordun bihurtu dira, nahiz eta iturri berriztagarrietan ahalegin handiak egin.

Azken 30 urteotan merkataritzaren garrantzia handitu da Britainia Handiko ekonomian, eta gaur bere diru sarreren erdia dago komertzioari lotuta. Gainera, ekologiaren ikuspegitik zaborrez betetako merkataritza da, efikaziarik ezaren poderioz. Izan ere, petrolioa aurreztu eta negutegi eragina duten gasak gutxitzea aldarrikatzen den arren, alferrikako joan-etorriz betetako merkataritza baita.

Hona adibide xume batzuk. Britainia Handiak iaz pastel gauzetan (galleta, opil eta abarretan) 586 tona esportatu zituen, eta aldi berean beste 669 tona inportatu. Goxokitan Suediara zehazki 1.445 tona esportatu zituen eta 1.632 inportatu handik bertatik. Txokolatez betetako gaietan 14.137 tona inportatu eta 15.856 esportatu. Pentsa alferrikako joan-etorri horietan zenbat energia xahutu zen debaldetan.

Mundu mailako merkataritzak urteotan eragin du hiru produktu ingurunea arras kaltetzen dutenak askoz gehiago kontsumitzea. Soia da bata, palma olioa bestea eta oihan tropikaletako zura hirugarrena. Hiru produktuon ustiaketak bioaniztasuna gutxiarazi eta baso eremu izugarriak hondatu ditu.

Britainia Handiak gero eta gehiago behar ditu urrutiko mediku eta erizainak ere. Sistema eroriko litzateke horiek gabe. Beren sorterrietan hango estatuei asko kostata hezi ondoren, bizimodu oparoagoaren bila Europara etorri dira. Horrela ikusita, esan liteke Mendebaldeak Afrikari, esate baterako, osasungintzarako ematen dizkion laguntza asko oker bideratuta daudela.

Ahaztu gabe milioika lanpostu beharrezko zaintzen dituzten etorkinak, NEFen ikerketa honek nabarmendu du aisialdi eta kultur industria hein handi batean herrialde txiroetatik etorritako jendeen gain oinarritzen dela. Hasi kirolari, futbolari batez ere, bizia ematen dioten kanpotarretatik: Ingalaterrako lehen mailako jokalarien erdiak hala dira. Segi, aisialdian britainiarrek bisitatzen dituzten fast-food jatetxeetatik, %38 etnikoak baitira, indiar eta txinatarrak batik bat. Eta bukatzeko, telebista eta zine produkzioen herena kanpokoa da. Euskal Herrian kontsumitzen duguna ikusiko balute NEFekoek...

Finantzei dagokienez, Mendebalde aberatsak bereganatzen ditu munduko kapitalak, eta hori nabarmen ageri da Britainia Handian. Tony Blairren gobernuak harro aldarrikatu du Londresek herrialde txiroei 6.200 milioi dolarreko laguntzak eman zizkiela 2004an. Baina urte horretan bertan garapen bidean diren herrialdeetatik jinik 385.000 milioi dolar depositatu ziren Britainia Handian.

Hitz bitan, metropoliaren garapen gero eta ez-jasangarriagoa gero eta gehiago dagoela lotua gainerako mundutarren egoerari. Interdependentziaren parabola bailitzan, Londres eta Glasgowko leherketetan, Ekialde Hurbiletik etorritako medikuak ziren bonbalariak.

http://www.argia.eus/nethurbil.php
helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude