31 baioneta-ren atarikoak azaltzerik bai?
Nire lan hau nobela historikoa da, 1813an gertatua, Donostian. Garai hura, nahiko nahasia izan zen. Batetik, Espainiako Independentzia gerra eta euskal gizartearen arazoak zeuden; bestetik, urte batzuk lehenago, 1793an, Espainia eta Frantziaren arteko gerra bat ere egon zen, Konbentzioko gerra, eta gizartea, egia esan, nahiko egoera zailean zegoen. Orduan nik, doi-doi, gerra egoera horretan kokatu dut nobela.
Zeintzuk hautatu dituzu protagonista nagusi?
Napoleonen soldadu bat Egipton, Portugalen, Espainian... kanpaina askotan parte hartua eta orain Donostian dagoena. Gerra bizipen horiekin guztiekin nahiko erreta dagoen soldadua da. Izaera bortitza dauka, menperatzailea da, badaki zer botere daukan herriarengan eta, gainera, gustatuko litzaioke bere ingurukoak jakitea berak botere hori daukala Baina arazo bat du: ikusmena galtzen ari da, eta horren aurrean, sendagile militarrengarrengana jo beharrean, arazoa ezkutuan eramatea eta petrikilo batengana joatea erabakitzen du, Beatrizengana.
Nor dugu Beatriz?
Uliako emakume bat, alarguna, alaba bat duena. Oso iragan mingarria du, eta saiatu da iragan hori ahazten. Eta orduan soldadu frantziarra agertzen zaio. Hark badaki petrikiloa izan zela eta Inkisizioarekin arazoak izan zituela. Orduan Beatrizek berebiziko sustoa hartuko du. Alaba arriskuan jarri nahi ez duenez, arazoari aurre egitea erabakiko du. Horietaz gain, nire ustez, nobelan, Donostia hiria bera pertsonaia nagusi bihurtzen da.