argia.eus
INPRIMATU
Osasuna
Transmisio sexualeko birus bat eztarriko minbizi eragile?
  • 20 urte baino gehiago daramatzate ikertzaileek giza papilomaren birusek aho-barrunbeko tumoreen agerpenean izan dezaketen eragina argitu nahian, hala ere oraindik ez da harreman hori minbizi ginekologikoen kasuan bezala frogatu. Baina 2007ko maiatzean The New England Journal of Medicine (NEJM) aldizkari ospetsuan argitaratutako ikerketa batek frogatzen duenez, transmisio sexualeko birus patogeno hori da eztarriko tumoreen agerpenaren arrazoia, nola gizonezkoetan hala emakumeetan ere.
Jabier Agirre 2007ko uztailaren 08a
Baltimore-ko (AEB) John Hopkins Unibertsitateko ikertzaileek tumorea diagnostikatutako 100 pazienteren –86 gizonezko eta 14 emakumeren– laginak aztertu zituzten. Mostrak faringe ingurutik, alegia amigdaletatik, mihiaren atzealdetik eta eztarritik hartu zizkieten. Paziente horien datuak beste 200 pertsona osasuntsuen datuekin konparatu eta gero, ikertzaileek garbi ikusi zuten giza papiloma birusaren (GPB) infekzioa zela tumorea agertzeko arriskurik handieneko faktorea.

Izan ere, infekzioa zuten pertsonek 32 aldiz gehiagotan garatu zuten minbizia. Ikerketa honi esker frogatu dute tabako edo alkohol kontsumoak baino eragin handiagoa duela birus horrek nahiz eta ahoko eta eztarriko tumoreak agertzea –hamar kasutatik zortzitan– betidanik lotu izan den tabakoa eta alkoholarekin. Ikerketan zehar ez zuten arrisku handiagorik ikusi pertsona infektatuetan, tabako-kontsumo handia izan arren ere, eta horrek bi arrisku-faktoreen arteko sinergia ukatu egiten du. “Behin birusak zelula maila batetik gora alteratu duenean, kantzeroso bihurtzeko moduan, litekeena da tabakoak eta alkoholak eraginik ez edukitzea”, ikerketak adierazten duenez.

Bikotekide sexual ugari edukitzeak –bai bagina bidezko sexu harremanetarako, baita sexu oralerako ere– arriskua gehitu egiten zuen ikertutako kasuetan. Felazioa edo “cunnilingus”a bezalako jarduera sexualak dira birus honen transmisioan arriskurik handienekoak. Umetokiko minbiziaren kasuan gertatzen den bezala, patogeno horrek eragindako infekziorik gehienak bere kasa sendatzen dira; baina infekzio kroniko bihurtzen denean, lesio prekantzerosoak agertu daitezke, tumorea eragiteraino.