Paperetik builaka datoz unibertsitarioak

  • Estra! Estra! Euskarazko hamabostekari bat sortu da EHUn! Harrabots du izena eta beharrezkoa zen inondik ere, geroz eta ikasle euskaldun gehiago dituen eremuan. Biologiako ikasle talde batek sortu du, baina dagoeneko karrera askotako jendea hurbildu zaie.
<em>Harrabots</em> eko erredakzio taldea
–Biologiako ikasleek sortu duzuela? Kazetaritzakoak izango zinetela uste nuen...

–Egia esan orain jende pila bat ari gara lanean lehen geundenekin konparatuta. Kazetaritzatik ere hurbildu dira –azaldu du telefonoaren beste aldetik Harrabots aldizkariko Oier Aranzabalek. Ikasle batzuek burua botanika eta zoologia liburu artetik atera eta prentsan aritzeko txolarte bat hartzea ederra izango zela pentsatu zuten urte honen hasieran. Beharra bazegoen Aranzabalen esanetan: “Asko harritu nintzen unibertsitatean ikasleek egindako euskarazko aldizkaririk ez zegoela ikustean”.

Erdi broman hasi ziren aldizkaria sortzeko ideiari bueltak ematen, baina pixkanaka bilerak antolatu eta forma eman zioten. Harrabotsen lehen piezak burutazio faktoria dinamikoenean jarri zituzten: unibertsitateko kafetegian. Ondoren, fabrikatik ateratzeko ordua iritsita, EHUri laguntza eskatu zioten.

Judoa eta euskal prentsaren harremanak ez du entziklopedia idazteko adina ematen, baina kasu honetan batak izan du bestean eraginik. Ludger Mees EHUko Euskara Errektoreordeak argitu du harreman hori: “Kasualitate hutsa izan zen. Harrabotseko kide batek [Aranzabalek berak] nire semearekin batera judoa egiten du, klub berean. Bera biologia ikasten hasia zen gure unibertsitatean eta bazekien ni Euskara Errektoreordetzan nengoela. Lehiaketa batera eraman nituen batean esan zidan egitasmo bat bazeukatela, lagun batzuen artean aldizkari bat kaleratzeaz hitz egin zutela eta ea zer iruditzen zitzaidan”.

Kiroltasunez bilera egiteko hitzordua jarri zuten, proiektua borobildu eta unibertsitatearen laguntza zehazteko. Oraingoz, ikasturte honetan argitaratu diren zenbakien kopiak ordaindu ditu Euskara Errektoreordetzak, kazetaren aurkezpen ekitaldirako beharrezko baliabideak jartzeaz gain. Aranzabalek dio hurrengo urtean elkarte modura erregistratu nahi dutela, dirulaguntza ofizialak jaso ahal izateko.

Errektoreordetzak premiazko ikusten zuen horrelako proiektu bat, ikasle asko baitago euskara buruan izanda mingaineratzen ez duena. “Iruditzen zait halako ekimen batek laguntzen duela arlo hori garatzen”. Meesen ustez ikasleek sortua izateak balio erantsia ematen dio gainera: “Nahiago dut goitik behera planifikatzea baino, behetik gora egitea”.

1.500 aleko tirada

0. alea aurtengo maiatzean kaleratu zen, lehen orrialdetik “harrabotsa, kalapita, astrapala, iskanbila eta hainbat sinonimo gehiago” sortzeko gogoz. Eta momentuz zarata, burrunba eta asaldura –hara hor sinonimo batzuk– ateratzen ari direla ematen du. “Kazeta guztiak desagertu egiten dira. Ez dakit hartzen duten guztiek irakurriko duten edo batzuek abioiak egiteko erabiliko dituzten, baina…”. 1.500 ale bota dituzte aurreneko hiru zenbakietan, 750 Gipuzkoan banatzeko eta beste horrenbeste Bizkaian.

Oraingoz bi herrialde horietan dauzka lantaldeak Harrabotsek. Araban hari muturrak lotzen ari dira, jendea biltzen, eta Aranzabalen ustez lortuko dute taldea osatzea, “euskal Filologia ikasten ari diren ezagunak badauzkagu”. Nafarroako eta Iparraldeko unibertsitateetara iristeko asmoa ere badute. “Gure helburua ez da EHUko aldizkaria izatea, ikasle euskaldunona baizik”.

Zer dio harrabotsak?

Irakasle askok ez dute lortzen ikasleen interesa piztea. Ez da erronka erraza unibertsitateko kazeta batentzat ere. Harrabotsen plazaratuko diren gaiek ez dute fakultate giroarekin zerikusirik izan behar derrigorrez. “Dena onartuko da, gogoetak, poesiak, bertsoak, artikuluak, erreportajeak, elkarrizketak…”. Sail finko batzuk izango dituzte: “Ezagut” izenekoan pertsonaia, talde edo erakunde baten inguruko xehetasunak emango dira; agenda eskainiko dute “Kulturaldia” sailean; “Fakultatetik” atalean berriz, ikasleek landutako gaiak agertuko dira. Eduki horiek eta iritzi saila ondo bereizteari garrantzia eman diote. “Iritzi artikuluak sinatuta joango dira eta gainerako sailetan berriz, ideologiak alde batera utzi nahi ditugu”.

Amaraunean interesa pizten

Azterketak bukatuta izango dituzte ikasleek lerro hauek argitaratzerako. Azken hilabete honetan aldizkaria eta testu liburuak uztarri beretik tiraka eraman dituzte Harrabotsekoek. “Urte osoa pasa dugu lanean hona iristeko eta justu azterketa garaian hasi gara aldizkaria argitaratzen. Zaila izan da ikastearekin batera egitea, baina jende dezente garenez ez da arazorik izan aurrera eramateko”. Eta orain, udako lasaitasunean, armiarma sareak hasiak izango dira testu liburuak estaltzen. Bestelako sareek ordea martxan jarraituko dute. Paperean banatzeaz gain Interneteko amaraunean ere badu bere tokia ikasleen kazetak.

http://harrabots.mundua.com helbideko blogean aldizkariaren inguruko datuak aurkituko ditu bisitariak, baita e-posta bidez jasotzeko jarraitu beharreko urratsak ere. Gainera, Oier Aranzabalek azaldu duenez, EiTB taldeak interesa agertu du proiektuan: “EiTB 24ko zuzendariak deitu zigun, Euskadi Gaztearen web gune berrian tokia utziko zigutela esanez”. Gai horretaz hitz egitekoak dira, baina bitartean orain arteko gunearekin gustura daudela dio Aranzabalek.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude