Erresuma eta Fedea trilogiaren aurrenekoa

  • Aingeru Epaltza ::Mailuaren odola

    Elkar

    orrialdeak ::324

    prezioa ::19.20€

'Mailuaren odola'
Historiazalea da Aingeru Epaltza eta betidanik harrobi interesgarria iruditu zaio iragana literaturan erabiltzeko. Baina XVI. eta XVII. mendeetako tarte hori da iragan aldiko gertaera gogoengarrietatik ikaragarri interesgarritzat jotzen duena. Hara zergatik erabaki duen Erresuma eta Fedea izenburua duen trilogia osatzea. Mailuaren odola, trilogia horren aurreneko liburua da, eta Nafarroako erresumaren gainbehera azaltzen du, egiazko pertsonaiez zein gertakizun historikoak irakurleari gerturatzeko baliagarri zaizkion fikziozko beste batzuez. Azken hauetarikoa da Joanes Mailu, Mailuaren odolako protagonista nagusia. Mende erdia bete duenean agertzen da nobelan, Henrike III. erregearen hilketaren ondorioz pil-pilean dagoen Pariseko ateetan, ihes egiteko zorian. Han, baina, Sorbonako unibertsitatea utzi eta Inkisizioaz libre dagoen Sarara itzultzekotan den Axularrekin egingo du topo. Ez du begi onez ikusiko higanot itxurako gizon zarpaila Sarako erretoreak; baina haren zalditik zakuto bat erortzen denean, berak jasoko du, beranduxeago barruan zer dagoen begiratzeko asmoz. Eta hantxe aurkituko du, euskaraz idatzirik, iragan mendeko bere herriaren historia kitzikariena.
Aingeru Epaltza
«Nobela historikoak orainaz gogoeta egiteko balio dit»

Zein asmorekin idatzi duzu Mailuaren odola?


Garai berezi baten argi-ilunak erakustea izan da nire helburuetariko bat, eta horretarako egiazko historiaren datuak erabiltzera beharturik nengoen. Benetan izan ziren pertsonaiak ere erabiltzen ditut, alegia, errege-erreginak, nobleak, gure literaturaren pertsonaia ezagunak... Alabaina, protagonista nagusia fikziozkoa da. Eta neurri handi batean Joanes Mailuren joan-etorriek eta abenturek osatzen dute liburua.

Denbora asko eraman al dizu eleberria egiteak?


Lau urte inguru ibili naiz liburu honekin. Dokumentazio lanak denbora luzea kendu dit eta izerdi asko bota arazi. Idazteak ere berea eraman du, ez bainuen tonu eta hizkera egokia atzematen. Nolanahi ere, XVI eta XVII. mendeak ikaragarri interesgarriak iruditzen zaizkit. Nolabait ere, gure oraina orduan hasi zen finkatzen. Bada, gainera, garai horiei edo lehenagokoei, nostalgiaz begiratzen dienik, une haietan zerbait galdu genuelakoan. Hori akuilu gehigarria izan da niretzat.

Nobela historikoak aldekoak eta aurkakoak ditu. Zer harrera espero duzu?


Nobela historikoak denbora pasa hutsarekin edo literatura komertzialenarekin lotzen dira maiz. Orainean ezinezko gertatuko liratekeen pertsonaiak eta egoerak aurkitzen ditudalako interesatzen zait niri iragana, baina baita orainaz gogoeta egiteko balio didalako ere. Mailuaren odolan abenturak maite dituenak izanen du non ase bere gogoa. Gogoeta maite duenak ere bai. Harrera? Auskalo. Euskal irakurlea misterioa da euskal idazleentzat.

ASTEKARIA
2007ko uztailaren 08a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Azkenak
Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude