Icebergek izotz puskekin batera lurreko materialak daramatzate eta material horiek phytoplakton, kill eta txorien hazkundea ahalbidetzen dute.
Aztertutako izozmendiak bi izan dira; bat txikia: agerian 41 metro eta itsas azpian 300 metrokoa; bestea handia: agerian 31 kilometro koadro dituena eta itsas azpian 230 metro sakonera duena. Azterketa onik burutzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izan. Izan ere oso baldintza zailetan aritu dira, izozmendien inguruan izotz puskak etenik gabe erortzen direlako itsasora.
Lortutako datuek ikerlariei uraren aberastasunaz datu jakingarriak eman badizkie ere, datozen urteetan jarraitu nahi dituzte ikerketak, icebergek ekosistemak zein neurritan aldatzen dituzten jakin ahal izateko.
Txina gas-emisioen buru
Herbehereetako agentzia independiente batek iragarri berri duenez 2006an Txina estatu poluitzaileetan poluitzaileena izan da. Estimazioen arabera Txinak 6.200 milioi tona CO2 emititu zuen eta AEBek 5.800 milioi tona ‘baino ez’. Ordena-aldaketa aurreikusita zegoen jada, baina beranduxeago gertatuko zela uste zen.
Kalkulua egiteko garaian ikerlariek BP (British Petroleum) eta US Geological Survey erakundeek “Energia fosilen kontsumoari” eta “Porlanaren munduko produkzioari” buruz, hurrenez hurren, argitara emandako txostenak arakatu dituzte. Eta ez dira iritzira aukeratutako neurgailuak. Porlanaren industria da, izan ere, CO2 gehien emititzen duen industria. Eta munduan ekoizten den porlanaren ia erdia (%44) erabiltzen du Txinak.
Oro har Txinako emisioak %9 hazi dira 2006. urtean, Europako Batasunean, aldiz, ez dira igo eta AEBetan pixka bat jaitsi egin dira.
Pertsonako emisioak kontuan hartuz gero AEBek ez dute galdu ‘nagusitasuna’. Guztien buru jarraitzen dute biztanleko 20 tona botatzen baitu, Txinak, berriz, pertsonako 5 tona isurtzen ditu.