argia.eus
INPRIMATU
Ipuruan
Joxemari Ostolaza 2007ko uztailaren 08a
Joxemari Ostolaza
Ere izango dugu derbirik. Asko da. Eta Anoetako inguruak okatuko dira eibartarrei zor. EuskoTrenak ordutegi berezia eskainiko du joan-etorrian: Ipuruatik Anoetara, Anoetatik Ipuruara. Bartzelonako elastikoak ikusiko dira baina Fagoaga, Alaña, Eizagirre eta gainerakoen sorbaldak dotoretuz. Tailerretako kultura multinazionalen finantzarioren ordez. Zango lana espekulazioaren aurka. Piztifaktoria muntatua dute Zubieta aldean piszina marrazoek, bisigua, legatza eta antxoa falta ditugun garaian, Gasteizko aireportua Kantauri. Eta Zubietako frigorifikoa konjeladorea bilakatuz, bertan hazitako ale freskoak gorde dituzte ustel usaina duten urrutikoak Anoetako restauranteko menuetan hamabostero agerian erakutsiz. Ez dira plater jangarriak izan eta kamareroek ihes egin dute nagusiarekin batera sukaldea hustuz. Berriak behar omen dira, deskonjelatutako aleak prestatu eta fundamentuzko oturuntzak paratzeko gai izango direnen beharra omen dago. LFPra itzultzeko lehen lana, piszina marrazoak desagerraraztea da, guztia irensteko sortutakoak, Reala ataka hontara ekarri dutenak. Hau gabe inor gutxi inguratuko da Anoetako banketetara, bestela ere soziedadetan ongi asko jaten baita eta ez da sukaldaririk falta.