«Industria-enplegu guztiak hiritik ateratzea akats larria da»

  • Bilbo, 1964. Zuzenbide ekonomikoan lizentziatua. Abokatu lanetan jarduna. Auzo eta gizarte mugimenduetan aritua. EBko –Euskadiko Kontseiluko– kidea da. 1995ean, Bilboko Udalean hartu zuen zinegotzi kargua estreinakoz. Laugarren legealdia du oraingo hau: Emakume, Enplegua eta Ingurumen sailak ezagutu ditu, baita oposizioa ezagutu ere. Hirigintza eta Ingurumen saileko zinegotzia da egun, aurreko legealdiko kargua errepikatuz. Ezkondua. Hiru seme ditu: 11 urteko Jon eta 7 urteko Mikel eta Xabier bikiak. Errekalde auzoan bizi da.
Julia Madrazo
Iñigo Azkona
Bilboko udalbatza 29 zinegotzik osatuta dago: Udal Gobernua EAJko hamairuk eta EBko bik osatzen dute. PPko eta PSEko zazpinak berriz oposizioa. EAE-ANVk bi eserleku erdietsi zituen azken hauteskundeetan, baina baliogabetuta geratu dira. EAk berriz, ez du zinegotzirik lortu legaldi honetan.

Gobernuan zazpi dira emakumeak. Emakumea politikan nola ikusten duen itaundu diogu Julia Madrazori: “Espazio politikoa eta publikoa geureganatzen ari gara. Emakumeak asko ekartzen du politikara. Uneon akordioa eta isileko lana behar dira, eguneroko lan praktikoa, eta emakumeak berezko ezaugarriak ditu horiek”.


Nola daramatzazu berriz, politika eta boterea? Tira handikoa baita boterea, harrapatzen zaituen erakarlea.


Boterean nago, baina boterearen egiturak aldarazteko. Boterearen estrukturetan nago aldaketak estrukturalak izan behar direla uste baitut. Batzuen ustez lan marjinalean aritu behar da, kontzientzia lanetan. Ados. Nik ez ditut horiek baztertzen, baina ez da nahikoa. Boterea ezagutu eta kudeatu behar da. Boteretik kanpo egonez, sistemaren ertzean dagoena eraldatzea ezinezkoa da. Egia da, boterearen esferan koipekeria larregi dago, baita artifiziozko su eta jantzi luze gehiegi ere, lehen lerroan agertu nahia. Zurikeriatik eta losintxatik aldentzen saiatzen naiz, botereak ez nau harrapatzen edo erakartzen.


Azaldu iezaguzu EBk EAJrekin duen akordioa. Ezkerreko eta eskuineko alderdi bien arteko udal ituna.


Guk (EB) ezker erreala eta eraldatzailea izatea proposatu diegu herritarrei, oro har. Udal honetan eraginkorrak izateko oposizioan egotea baino gobernuan egon beharra adierazi genien. Berbarako, zer ekar genezake guk PP eta PSE-EErekin oposizioan egonda, aurrerapen sozialetan edo hirigintzan egin beharreko aldaketak eragiteko? Ezer gutxi. EAJrekin diferentzia handiak ditugu, baina EAJk itun zalea da eta demokrazian ezaugarri hori funtsezkoa da. Alderdi bion arteko itunak aurrerapen sozialak eta politika aurrerakoiak ahalbidetu ditu.

Egin al daiteke hirigintza-politika egokia, ingurumenarekiko begirunez eta garapen jasangarriari eutsiz.


Bai. Batera daitezke. Bilbon azken lau urteotan egin dugun hirigintza guztiz garbia da, Bilbo onestasunaren paradigma da, eraikitzeko modua aldatu dugu. Hona adibide batzuk: Zorrozaurre hirigunean etxeak eraitsi dira orain arte, gaur egun ez. Nik saila hartu nuenean, Olabeaga auzo osoa botatzeko asmoa zegoen. Proiektua kaxoian geratu zen, egun auzoa ari da berreraikitzen. Bilboko inguru berdea sakratua da orain, mendi magaletan aurreikusiak ziren proiektuak bertan behera geratu dira. Agenda 21 ekimenaren bidez herritarren parte-hartzea bermatu gura dugu: tailerrak antolatzen ari gara, hirigintza partehartzaileak garapen jasangarria ahalbidetu dezake, berau aplikatzen saiatzen gara ditugun baliabideak erabiliz.


Etxebizitza alokairua nola lantzen duzue, etxearen jabetzaren aldean?


Gure politika etxebizitzaren eskubidea babestera zuzenduta dago, ez jabegoarena. Nire nahia erakunde publikoek alokairuzko etxe gehiago eraikitzea eta babestea da. Bilboko Udalak sustatzen duen etxebizitzaren ehuneko ehun alokairuan erabiltzen da.

Alokatzaileen segimendu kontrola nola burutzen duzue, ordea? Etxebizitza propioa duten akolatzaileak daudela salatzen dute hiritar zenbaitek.


Etxebide elkartearen bidez egiten dugu. Honek 5.000 etxebizitza du alokairuan. Bilbo da Estatuan, proportzioan eta konparazioan, etxebizitza alokatu gehien duen hiria. Etxebizitza berriak zozketa bide esleitzen dira, egokitzapen sistema doituaren bidez. Esleipendunaren kontrola eta kontratua bost urtetan behin berritzen da Eusko Jaurlaritzarekin batera. Aurrekontuen araberako eraikinak dira: zerrenda eta leihatila bakarra da, eta formulario ere bakarra. Kontrola bermatzeko etxeko agiriak eskatzen ditugu, baita alokatzaileak kontratua berritu dezakeen edo kontratua izateko behar den irabazi-baremoan dagoen ere. Zorrozaurreko etxebizitzen erdia publikoa da eta alokairuan dago. Etxebiden sartzeko ezin duzu etxebizitza izan eta urtean 33 mila euroen irabazia gainditu. Lege berriarekin etxebizitza duenak ez du beste bat alokatuko edo etxe publikoa erosiko, ziur.

Errekaldeko auzokidea zara. Metroa eta tranbiaren proiektuek gorabeherak ekarri dituzte.


PPk eta PSEk bata edo bestea planteatu dute Errekalden. Hauteskunde kanpainan beren proiektuaz galdetu diegu baina ez digute erantzun.

Auzoko plataforma batek “Metro bai, tranbiarik ez” aldarrikatu ei du.


Batzuek tranbia soilik gura dute eta beste askok biak.

Eta zuk?


Nik biak bateragarriak ikusten ditut, San Mamesen biak dabiltza. “Metroari bai eta tranbiari ere bai”, diot nik. Tranbia arin batek hiru miloi bidaiari darama urtean. Metroa baino merkeagoa da eta beretik hiria ikusten duzu. Tranbiak hiria kohesionatzen du, zerbitzu eta kalitatea bermatzen ditu eta aberastasuna partekatu.

Ekimen honetan hartu duzun jarrera dela-eta, Errekalden botoak galdu dituzula diote batzuek. Hiri mugimenduetan ibilitakoa zarela baina...


Baina Plataforma horren ildoan ez naiz inoiz ibili. Plataformak 1.000 lagunen sostengua du, ez du gehiengoa biltzen, ezta hurreratu ere. Jende hori manipulatuta dago. Hiri mugimenduak errespetu pixkat merezi du. Ez dut horregatik botorik galdu. Errekalde ez da neurezko feudoa. Ehunekoetan ez dut galdu. Abstentzio altua izan da eta denok galdu dugu. Egia da, hainbat auzotar ez dator bat nire aukerarekin, baina joka dezagun garbi. Aldera al daitezke tranbiaren proiektua –dagoeneko aurrekontu osatuta daukana– eta ez sosik ez aurrekonturik ez duen metroarena? Metroaren auziaren atzean alderdi sozialista eta popularra daude, Espainiako hiri guztietan tranbiaren alde dira, Bilbon ez. Gainera ez dut tranbiaren aukera baztertuko dutenik sinesten.

Supersur autobide proiektua ere ezbaian dago. Gizarte plataformek kritikatua.


EB da –Udalean nahiz Batzar Nagusietan– Supersur proiektuari uko egin dion alderdi bakarra. Supersurrek azpiegitura bikoizten du, gainera behar duen edukierak ez ditu trafiko fluxu guztiak absorbituko. Pagasarri mendia bitan zatitzen du eta gainera finantziazio moduak beste proiektuen aurrekontuak apaltzen ditu, garraio publikoarena, berbarako. Garraio publiko eraginkorra eraiki arte itxaron beharko luke Supersurrak, baita Metroko lineak nondik nora joango diren ezagutu arte.


Bilbo turismo eta zerbitzu hiria bilakatzen ari da. Enplegua sustatzeko nahiko al da ordea? Zein motako enplegua hobesten duzu zuk?


Bilboren izaera birdefinitzen ari da. Bilbok zerbitzu nahiz turismo hiria izan behar du, baina I+D delakoa ere landu behar dugu, industriari eutsi behar diogu. Une batez industria gune guztiak etxebizitza egiteko hartu zen, ez naiz ados. Errekalde eta Irala auzoetan industria asko dago eta berari eusteko lanean ari gara. Zorrozaurren 100 metrotik 25 ekimen ekonomikoa sustatzeko gorde dugu. Abandoibarrean edo Plaza Biribilean aldiz, ez da metro koadro bat bera utzi industria-enplegua sortzeko, eta hau PSOEren arduragabekeria da. Eta lortu dena ez da EAJri edo PPri esker. Eusko Jaurlaritzarekin hiri parke teknologikoa eraikitzeko ituna sinatu dugu. Ingurumena zaindu behar da, ados, baina industria-enplegu guztia hiritik ateratzea akats larria da. Ibilgailuek geroz eta kutsadura eta zarata gehiago eragingo dute. Hiri konpaktuak eta autosufizienteak eraiki behar dira, lana, bizitza eta erosketa inguru berean eginez gero hiri jasangarriak eraikiko ditugu.


Iñaki Azkuna alkatea kritikatua izan da etorkinentzako jarrera dela-eta. Kritikak justuak al dira zure ustez?


Ziur aski nik ez nituen berak erabili dituen berbak erabiliko. Biok kultura politiko desberdinetatik gatoz. Etorkinen gaia fenomeno soziala da, ez arazoa. Nork zaintzen ditu haurrak, nork adineko pertsonak, nor ari da eraikuntzan eta ostalaritzan lanean. Esku lana behar dugu. Planeta hau denona da eta denon artean eraiki behar dugu. Euskal Herrian lana dago eta gehiengoa lanera datoz, lanak eta bizi baldintza egokiak pertsona duintzen dute. Lapurretak badira legea aplikatu, baina bertakoak ere lapurrak izan gaitezke. Beraz, joera arrazista eta xenofoboak baztertu behar dira. Etorkinekiko sentsibilitatea landu behar dugu eta lan munduan beren integrazioa bilatu.


Zer moduz Iñaki Azkunarekin?


Azkunak ardura eskatzen du, laneko konfiantza lortuz gero harremana ona da. Guk zorroztasuna erakutsi diogu. Biok ala biok antzeko umorea dugu, Azkunak hurbildik asko irabazten du.


707 urte dira Bilbo sortu zela. Hamaika bider aipatua eta beste hainbeste ospatua. Aldiz, 70 urte bete dira tropa frankistak eta faxistak hirian sartu zirela eta hori ez ei da oroitarazi.


Nik hiriaren mendeurrenaren zioz antolatua eta eskainia ontzat jo dut. Kultur ekimenak landu dira, kalitatekoak, nahiko sozializatuak, hiritar guztiarentzat, batzuk debaldekoak. 70. urtea aitzakia da, eta balia dezagun bere alde ona. Egia da diozuna: demokrazia eta askatasunaren alde borrokatu zutenak gehiago gogoratu beharko genituzke, ezagutza eta errekonozimendua aitortu. EBn azken hauen alde gehiago egin daitekeela pentsatzen dugu. Neuri Diego Lopez de Haro baino hurbilago ditut espetxea jasan eta bizia galdu zutenak, orain dugun sistemaren alde borrokatu zutenak.

ASTEKARIA
2007ko uztailaren 08a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude