argia.eus
INPRIMATU
Euskal Etxeak eta lastozko zubiak
  • Euskal Gizataldeen IV. Mundu Biltzarra

    Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak lau urtean behin antolatzen du Euskal Gizataldeen Mundu Biltzarra. Aurten da laugarrena, Zubigintzan izenarekin. Hilaren 9tik 13ra, munduko bazter guztietatik etorriko dira Euskal Etxe eta elkarteetako ordezkariak, protokolo handiz jantzitako kongresuan eztabaida eta analisia mamitzeko asmoz. Eta behar dute aztertu. Munduan existitzen diren hamarnaka Euskal Etxeren etorkizuna kinka larrian baitago. Duela urtebete inguru astekari honetan honela zioen Gloria Totoricaguena ikertzaileak: “Deskonexio beldurgarria dago hango eta hemengo euskaldunen artean eta zubiak eraiki beharra dago. (...) Gaur gaurkoz, uste dut Euskal Herrian bizi diren gehien-gehienek ez dutela ulertzen emigrazioa, ez eta zergatik nahi duen hemengo eukaldunak identitateari eutsi”. 
Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2013ko maiatzaren 03a
Arrazoi du Totoricaguenak, nortasun bikoitzaren auzia ez da erraza ulertzen askorentzat. Baina gauza bat da nortasunari eta erroei heldu nahi izatea eta bestea folklorismo hutsean erortzea. Tamalez, Euskal Etxe askotan horixe gertatzen da. Hor dago erronka beraz: euskal nortasuna erakargarri egingo duen Euskal Etxea antolatzea; Sabinoren garaiko etnokeria irrazionaletara joan gabe, baina kanpoko euskaldunei bost axola zaien euskal hiri global horren ustezko birtuteak janarazi gabe ere bai.

Hala ere, erronkarik handiena Euskal Etxeen etorkizuna definitzea da. Eta horretaz ere hitz egin beharko lukete Bilboko biltzarrean.
Erakunde publikoen dirulaguntzen menpe baino irauten ez duten elkarteen geroaz; Ipar eta Hego Amerikako euskal jatorriko sektoreen pentsamolde ezberdinaz; ideologia –edo alderdi– politiko zehatz baten hegemonia eta paternalismo asaldagarriaz; sekula iristen ez den belaunaldi erreleboaz... Zubigintzan ari omen da Eusko Jaurlaritza, baina kontuz! Lastozko zubiak egiten hasiz gero Markosi gertatutakoa errepikatzeko arriskua baitago, eta txerria bakarrik eroriko balitz, gaitzerdi! Aurkituko al dute Bilbon zubi sendo bat eraikitzeko giltzarririk?