Iruorri mingotsa, basoetako mingotsa, mingotsa eta egun batik bat barrabas-belarra deitzen zaio, Bizkaian Lekeitio-belarra eta Lekeition Txomin-belarra bezala ezagutzen dena. Barrabas Txomin dute edo Txomin guztiak Barrabas ote dira Lekeition? Zalantza hau ez du argitu landare jende honi buruz doktore tesia egina duen Aritz Royo Esnalek Euskal Herriko barrabas-belar motei buruz Elhuyar-en idatzi berri duen artikuluan. Bertan, dotore, orain arte Oxalis latifolia Cornwall izeneko forma Oxalis jacquiniana aparteko espeziea dela argitzeaz gain geure florako beste bost Oxalis espezie jaso ditu.
Barrabas-belarra belar txartzat dugu soro eta ortuetan, kalte latzena, baina, hazitegi eta muintegietan eragiten du. Lurpeko erreboilatxoetatik egun gutxi batzuetan zabaldutako hiru-orri edo hirustek berehala itzalpean hartzen bai dituzte landaretxoak. Haziak emateko antzu, erreboilatxo horiek erruz ugaltzen ditu eta guk nolanahi zabaltzen. Teknologia du bere alde: rotabatorrak, goldetu ondoren lurra txikitu, harrotu eta berdintzen duen makinak isilpean zabaltzen ditu eta lur sail osoan barreiatzeaz gain baita hurrengoan sartuko denera eraman ere.
Bere alde ditu lorategietaraino eramateko adinako dotorezia eta izena ematen dion mingostasunaren iturria, azido oxalikoa, grekoz garratz, min, bixi... adierazten duen oxysetik datorrena. Mingostasun hau eraman ezazu platerara eta min gozatuko dituzu ahosabaiarainokoak. Eta mahaian min, gero ere min...