Ia bi kilometro eta erdiko zabalera duen eraikuntza hori espaziotik ikus daitekeen apurretakoa da eta NASAko Landsat sateliteak 1987ko apirilaren 17an eta 2006ko azaroaren 7an ateratako argazkiek eremu hartan gertatutako aldaketak erakusten dituzte.
Urak estalitako lur-eremuez gain, urtegiak beste 160 km koadroko eremuan eragina izango du. Eta milioi bat pertsona baino gehiago lekualdatu dituzte agintariek.
Urtegiaren inguruan gero eta euri gutxiago egiten du; handik ehunka kilometrora, Daba eta Qinling mendietan, aldiz, tenperatura ia gradu bat jaitsi da eta gero eta euri gehiago egiten du.
Lanak amaitzean ur-biltegiak ia 600 km koadroko izango dituenez, inguru hartako klima gehiago aldatuko dela uste dute ikerlariak.
XIX. mendeko balea ehizatu dute
Hamabost metro luze eta 50 tonako pisua du Alaskan ehizatu berri duten baleak. Animaliaren gantza artean 1880-1890 inguruko arpoi-zatia atzeman dute.
Harrapatutako baleak 120 urte inguru izango zituela kalkulatu dute eta 8,5 cm-ko arpoi-zatia lepoaldean zuen. Arpoiak dituen ezaugarriengatik Massachussetts-eko (AEB) New Bedford-en egina izan zela uste dute, esan bezala XIX. mendearen hondarrean.
Balaena mysticetus espezieko balea da eta Beaufort itsasoaren eta Bering itsasoaren artean bizi izaten dira espezie horretakoak.
Ez da baleen gorputzetan horrelako zerbait topatu duten lehendabiziko aldia, baina sekula ez zuten lehenago hain arpoi zaharra kausitu.
Baleak babesturik daude eta Ipar Poloko itsasoetan aipatu espezieko ia 11.000 ale bizi direla uste dute zientzialariek; izan ere, ehizarako kuota kontrolatu zenetik urtero %3 hazi da kopurua.