«Senarraren pertsuak garbiki ezartzen nituen kaieran»

  • Batere uste ez genuela, horra liburu bat: Bihotz barneko solasak, izenburu. Bertsoak, Joanes Arrossagarayrenak. Aitzin solasa, bertsolariaren alargun Mayirenak. Eta jo ditugu goiak eta beheak. Hartu dugu autoa, hartu mapa, eta heldu gara Donibane Garazira. Igaro dugu Donazaharre, errepide nagusian mantso, bide seinale guztiei begira. Eta ikusi dugu: Aintzila. Bazter bidean aurrera, 120 arimako herri ttipia. Bentaberri etxea nahi dugu. Karrikan inor ez galde egiteko. Etxeak zerratiak. Noizbait, bizilagun bat. Bentaberri? Ezterenzubi aldera zuzendu gaitu. Bide mehar bihurrian kilometroa egin eta zenbait etxalde mendi magalean. Geratu, berriz galde egin eta heldu gara Mayi Arrossagarayren mundura, XXI. mendeak ukatu nahi digun zokora.
Mayi Arrossagaray
Dani Blanco

Bihotz barneko solasak. Nola etorri zen liburuaren istorioa, Mayi?


Lehenbizian, Lakak telefonatu zidan, Baigorriko pertsulari horrek, ea nahi nuenez liburua ateratzea. Baietz esan nion. Gero, Emile Larrek ere nahi zuen, eta horrela. Eta Antonio Zavala ere izana duzu hemen Emile Larrerekin hiru aldiz. Hark lagundu nau.

Garai bateko bertsoak, zure senarrarenak, ditugu liburuan…


Senarra bizi zelarik egin nuen nik hori. Hark paper batean izkiriatzen zituen pertsuak eta nik kaieran garbiki egiten nituen. Hori egina nuen aspaldi. Liburuaren egiteko, aitzin solasa nahi zuen aita Emile Larrek –aita Antoniok ere nahi zuen–, eta egin dut aise! Gauzak buruan nituen eta segidan izkiriatu nuen. Egun guztiz puxka bat, ez da neke izan, batere! Buru ona dut, gauzak aise atxikitzen ditut buruan. Orduan, anitz gauza banituen buruan eta ezarri ditut aitzin solasean izkiriaturik.

Mundu bat bildu duzu aitzin solasean. Hainbat pertsona. Apez eta serora. Eta pertsulariak. Eta Ameriketara joanak. Familia osoak…


Oroitzen denak! Atxikitzen buruan! Buru ona dut, hara! Emile Larrek erraten dit: “Buru ona duzu, Mayi!”. Liburuko kontu horiek denak buruan nituen. Noiz hilak eta denak. Eskolako zerak eta. Norekin komuniatua, norekin konfirmatua… Denak ezarriak ditut. Liburuan dira! Baionako apezpikuaren izena ere ezarria dut: Paul Moullon. Alduden izan diren alkate, erretore… Lehen, bikarioa ere bazen Alduden; orain ez da. Urepel ere ezarria dut: hango apez eta, handik atera diren serorak eta. Ezagutu ere egin ditut, eta ezagutzen direnak aiseago sartzen dituzu. Badira anitz hilak, gaixoak!, baina zer nahi duzu!


Harritua naiz: buru ona baino hobea.


Aintzila ere ezarri dut. Herri ttipia da eta hemen gutxixeago da baina ezarri ditut hemengo gauzak ere.


Alduden sortua zara, Urepel ere hainbat maite duzu…


Ama hangoa nuen. Ondoan dira Urepel eta Aldude, hiru kilometro, hurran. Xalbador ongi ezagutu dut, haren familia dena ezagutzen dut. Haren emaztea ere hemen zen, Donibanen [Garazi]. Zahar etxe batean da. Badu hiru urte hor dela. Baditu lauretan hogei eta ez dakit xuxen zenbat. Makilarekin korritzen da. Maingu da puxka bat. Biziki emazte goxoa elekatzeko! Ezagutzen duzu?


Ez, ez… Alduden ginen, eta Alduden Esnazu.


Alduden kartier ttipi bat, eliza ttipi batekin, Esnazu. Nire sortetxea han da: Patxikoinea du izena, baina ni Baigorrin, etxe batean sortua naiz. Ama neskato han egona zen eta etxeko andereak eramanarazi zuen hara. Han sortua, Patxikoinean hazia.


Bi anaia ttipi hilak dituzu.


Bai, bi anaiak, gaixoak! Ez ditut ezagutu. Bat Jean Mixel, sortu eta hamaika egunen buruan. Bestea Edouard, bi urtetan. Etxean ginen aita-amak eta ni, amatxi xahar bat, osaba bat… Haiek ere hilak dira, adinarekin!

Non ikasi zenuen hain molde garbian izkiriatzen?


Nihaurek. Eskolan Esnazu kartierrekoan ibilia naiz, ez Aldudekoan. Aspaldi zerratia da Esnazuko eskola, badu hamasei-hamazazpi urte zerratia dela, ez baitzen gehiago haurrik. Orain haurrak Aldude zolara joaten dira. Eta hamaika-hamabi urtetan, seigarren mailakoak, Baigorrira joaten dira. Ene izkiria nihaurek ikasi nuen. Eskolan ere berdin nintzen, hara! Beti izkiriatzen dut, ahal bezala. Ez dakit zerk egiten duen hori, eskuak edo zerk! Ez dugu denek berdin izkiriatzeko manera! Nik badut seme bat, haren izkiria ez da leitzen ahal. Itsusia! Eskolan ni baino gehiago ibilia baita, hogei urteak artio! Orain gazteak horrela dira! Aldiz, ni, zerbait beti izkiriatzen eta!


Eskolan ere izkiria ederra. Han euskara gabe, frantsesa izanen zen mintzo eta izkiria…


Bai, bai, frantsesa. Etxean atxiki dugu eskuara. Lagunak elkarrekin eskuaraz ari ginen gu ere! Orain ez da gauza bera. Orduan eskuaraz ari ginen gu! Eskolan frantsesa eta gero, gu, guhauren artean eskolatik etxerat, bidean, eskuaraz! Eskolan bazen punizionea eskuaraz mintzatzeagatik, baina ez baikinen haien bistan hartzen! Hamalau urte artio arizan nintzen eskolan. Gero, etxean lanean. Seroretan bi urtez, badakizu. Aldude zolan baziren serorak, elizatik berehala. Orain ez da gehiago serorarik.

Aitzin solasean hainbat izen dituzu ezarriak, Aldude eta Urepelen sortuak. Anitz dira apez, serora eta elizako jendakiak…


Bai. Lehenago bazen serora eta apez gehiago. Orain ez da gauza bera. Anitz apez eta serora eman du Aldudek.

Beste anitz, Ameriketara joanak dira…


Badira orain ere, ene senarraren kusiak, bost Ameriketan. Kalifornian dira, Chino herrian. Eta ene senar zenak bederatzi urte zituelarik, aita Ameriketara joan zitzaion, diru puxka bat egitera. Bi urte egon zen artzain han, etxean utzirik emaztea, haurra eta bere aita xaharra. Ameriketan zelarik hil zitzaion aita, gaixoa! Gero handik jin zen Joanesen aita. Baina bazituen hiru arreba eta anaia eta haiei behar zuen sosa eman: “Etxe partea”. Eta eman zuen. Hori puxka bat gogor zen. Ez zen aise, handik jin eta denei sosa eman behar!

Orain ez da horrelakorik: joaten dena joaten da, ez du sosik banatzen.


Orain ez baita nehor Ameriketarat joaten, segurik! Badira zenbaitzuk, joaten dira itzuliaren egitera, norbaiten ikustera. Baina hamabost egunen buruan, edo hilabetearen buruan heldu dira. Orduan besterik zen: sosa egin behar zuten! Urepel, Aldude, Banka, Baigorri horietarik, baduzu anitz Ameriketan.

Beste batzuk itzuli ziren, Mixel Xalbador eta…


Bost urte egin zituen artzain Xalbadorreko Mixelek. Gero, jin zen, ez zen biziki laketzen nik uste. Hemen ere ontsa da. Haurrak handitiak ditu. Hiru alaba. Hiruak kantariak.

Nola ezagutu zenuen zure senar Joanes?


Bankako bestetan. Hilabete honen [ekaina] hondarrean izanen dira. Joan ginen lagunak hara eta hura ere etorri zen. Bazuten kantatzea, Alkatek eta biek, eta han ezagutu genuen. Ez zuen lehenbiziko kantatzea, baina Bankan aski lehenbizikoa. Kantatzen zuen beste herrietan, orduko. Hasia zen gazte, hemezortzi urtetako; gaztetan. Izkiriatzen, hamasei urtetako. Hogeita zazpi urte zituen ezagutu nuenean… Banuen Joanesen aditzea, baina ez nuen ezagutzen, hemen baino gehiago kantatzen baitzuen Lapurdin eta kostaldean.

Aintzilara ezkondu zineten, senarraren etxe Bentaberrira…


Mila bederatziehun hiruretan eta hogeita hamazazpian heldu nintzen hona. Baditut hogeita hamar urte etxe honetan naizela. Hona heldu naizelarik, ez dut batere diferentziarik harrapatu. Eskual Herria dena! Aintzila Aldude baino apalago, baina hemen ere ona da. Hemen ere bazen eliza. Eskola ez: zerratia zen ni honat etorri gabe, hiruretan eta hogeita hamazazpia baino lehenago. Baina ene gizona Aintzilan ibilia zen eskolan, eta katiximan ere bai.

Lanean, aldiz, etxeko lanean eta hemendik landa ere bai, Suitzan, Bordele partean… Bretainian, Meaux herrian, “betarraba sasoinean”.


Arbia bezala duzu betarraba. Azukrea egiten da harekin. Parisetik urrunago zen Meaux herri hori. Sasoinetan joaten zen hara. Egiten zuen buruila, urria, azaroa eta abendua… Hiru-lau hilabete hor. Zazpi edo zortzi sasoin hartzen zuten. Ezkondu aitzin izaten zen betarraba sasoinean. Ezkondu ondotik behin izan da.


Zu bakarrik utzirik Aintzilako Bentaberrin…


Ez nintzen bakarrik, banituen xaharrak hemen, senarraren aita-amak.

Bankako bestetan ezagutu senarra. Alkatekin zen orduan kantatzen.


Bai. Anitz kantatzen zuen Alkatekin, Mendibururekin. Ezponda, Xanpun, Mixel Xalbador… Laka eta Mihurarekin ere kantatu izan du, eta lehenbiziko urteetan Mattin eta Xalbadorrekin. Xalbador, aspaldi hila baita, gaixoa!

Ernest Alkat, Joanesen lehenengo bertso laguna.


Bai, Alkat. Bi horiek gazterik hasi ziren... Alkat ez dugu ikusten gehiago. Ez du kantatzen. Kanbon zen, eri, baina ez dakit orain nola den. Mendiburu ere ez duzuia ikusten? Hura, etxean.

Maite duzu pertsua?


Bai, eta Joanes ezagutu aitzinetik ere! Ni haurra eta jiten baitziren Uztapide eta horiek kantatzera Alduderat. Lazkao Txiki eta. Bankako Zubikoa eta… Bankako Iriarte ere ezagutu dut. Onak ziren horiek.


Zertan da pertsulari bat on, ala txar?


Hitz ederrak eta aho garbia baldin badu, hura pertsulari ederra duzu. Xalbador maite nuen, Uztapide ere bai… Enetako, Mattin eta denak onak ziren, pertsulari ederrak. Zubikoak ere bazituen ateraldi pollitak, irri eginarazteko. Lazkao Txiki ere!


“Hitz ederrak, aho garbia”. Nolakoa zen Joanes pertsularia?


Botz ona zuen. Elizan eta, aise kantatzen zuen. Orduan pertsu saioak anitz herritan egiten ziren hemen, arratsarekin. Plazan, trinketan... Elizan ere bai. Behin, Aintzilan egin zuten sabai batean!

Bai, liburuan ezarria duzu: “Behin batez izan zen pertsu saio bat Aintzilen, Idiarteko sabaian. Hor arizan ziren Joanes zena, Ezponda, Alkat, Mendiburu eta Laka hemendik; Hegoaldetik ziren Jon Enbeita eta Amuriza. Hori zen 1981eko maiatzaren 24an. Egun hartan zituen ene senar zenak hogeita hamabi urte betetzen, eta gure haur gehienak, Bernadettek, hamar egun zuen sorturik”.

Aspaldi du. Jendea omen zen ontsa han bildua. Orduan ez baitziren belarrak eginak oraino, ez baitzen ontsa betea sabaia, hara! Besta ederra eta jendea bildu. Mixel Xalbador eta Xanpun ez ziren etorriak.

Badira bertso batzuk Joanesenak: “Pertsularitza, norat zoaz?”. Galduko ote zen kezka eta arrangura bazuen: Lehen bertsulariak ainitz gehiago / jenden artean zauden estimatuago…


Tenore bat izan zen, gazterik ez pertsutan, pixka bat apaldua hemen, Iparraldean. Han ez, Hegoaldean, han beti azkar duzue pertsua. Orain puxka bat iduri du hemen ere. Baina tenore batez ez zen pertsua batere konta. Gazteak denak frantsesez mintzo, eskuararik ez egiten… Hegoaldean ere berdin? Hala ere han eskuara gehiago baduzu, naski. Pertsularia ere gehiago baduzu. Han beti pertsulari gehiago izan da hemen baino. Xalbador eta Mattinen denboran ere hemen ez zen pertsulari anitz. Han biziki gehiago.


Zure solasa leitu eta irudi luke hemen ere izan direla, baina ez ditugula ezagutzen. Mañex Etxamendi, adibidez.


Hor, omenaldi bat egin zioten Eiheralarreko Larramendi pertsulariari 1982an, eta ezarri zituen zenbait pertsu. Eta pertsu horietan ezarria da behar zela hurren urtean ohoratu Mañex Etxamendi hori, Ezterenzubikoa. Oraino segurik nehork ohoratu gabea da. Biziki pertsulari pollita omen zen, baina izkiriatuz. Ez zuen nahi publikoan arizan, omen. Botz ttipia zuela eta ez da plazetan behin ere arizan. Hura ere zaharturik hila da. Nik ez dut ezagutu, ene senarrak ezagutu du.


“Euskal Herriaren agonia” ere kantatu zuen Joanesek. Horrela ikusten zuen gure herria, hiltzera zihoala?


Ez batere! Horrela emanak dira pertsu horiek, zerbait eman behar eta! Sujeta hartzen dituzte pertsulariek. Joanesek erraten zuen sujetarekin aiseago ari zirela. Eta egiazkoa balin bazen sujeta, aiseago. Enetako ere, zerbait baldin bada gertatua, hura ederrago da. Ene ustez.


Aitzin solasean kexa zara bestak eskas izanak direla Aintzilan.


Ni heldu naizelarik hemen bazen besta. Gero, bederatzi urtez egon da bestarik gabe. Eta, orain, joan den urtean hasiak gara egiten. Botzetan samurtu baitziren, puxka bat. Ezarri dut liburuan hori! Iduri du orain arranjatu direla. Ez dakit… Besta pollitak egiten ziren. Jendea ere biltzen zen auzo herrietarik! Beharrik, orain berriz hasi dira.

Diote ez dela aise bertsolariaren emazte izatea, neke dela.


Enetako batere ez!


Zuk Joanes senarraren bertsoak izkiriatzen zenituen kaieran.


Hark bazekien maite nuela izkiriatzea, eta maite nuela pertsua. Hark izkiriatzen ez zuen halako gustua, eta ni hartzen nintzen gogotik. Hark marratu egiten baitzituen pertsuak, nik orduan garbiki egiten nituen paper batean, kaieran ezarri.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude