Harrobiak, bidesari garestia

  • Autobia edo igarobide bat egiteko milioika tona material behar dira. Asko dira martxan dauden garraio azpiegitura proiektuak eta harri eskaria asegaitza da. Euskal Herriko zenbait herritan harrobi zaharrak irekitzeko saiakera atzeman da; harrobi kare harrizkoak, lan erraldoientzako agregakinak sortzeko egokiak. Izan ere, superkaminoek bidesari ugari izango dituzte: ekonomikoak batzuk, ingurumenak ordainduko dituenak besteak.
Buruntzako (Gipuzkoa) harrobia
Dani Blanco
Lehen egunean makinak sartu zituzten, iluntzerako baserrien horma zaharrak bota, bigarren egunean mendiari saihetsa jan zioten eta hirugarrenerako irentsita zegoen. Gipuzkoan, Urnieta eta Hernani arteko Mandazubi eta Bakero baserrien hilobitik pasako den asfaltozko bidelasterra egiteko mendia ebaki dute, cuter batek papera bezala.

Erakunde publikoek datozen urteetan garraiobide eta obra erraldoi ugari eraikiko dituztela jakina da. Ezagunak ditugu, itxuraz behintzat, Abiadura Handiko Trena, Jaizkibelgo magalean eraiki nahi duten Pasaiako kanpo-portua, Bilbo inguratuko duen Supersur errepidea... Inork ez du ukatzen saihesbide eta portu erraldoi horiek egiteko harrobietatik atera beharko dela materiala. Harria Euskal Herrira inportatzea garestiegia da eta inportazioak kutsadura handia sortuko luke gainera. Beraz, izatekotan, labeldun azpiegiturak izango ditugu, bertako harriarekin eginak. Gaur egun EAEn 48 harrobi daude martxan eta 60 inguru Nafarroan, ofizialki. Honen harira, Asecabik (Bizkaiko Harrobien Enpresen Elkarteak) duela gutxi adierazi zuen gaur egungo harrobien ustiapena azkenetan dagoela. Elkarte honek esplotazio gehiago irekitzeko beharra ikusten du: “Y trenbidea edo Supersurra eraiki nahi baditugu harrobi gehiago beharko ditugu, bestela obra horiek gelditu egingo lirateke”, esan zuen Manuel Fernandez Asecabiko lehendakariordeak.

Nondik aterako da materiala?

Enpresariaren hitzak deigarriak dira oso, herri askotan geldirik zeuden harrobi zaharrak martxan jarri edo berriak irekitzeko planak atzeman baitituzte. Horren aurrean, kontrako plataforma eta taldeak sortu dira; hauek diotenez, ustiaketa egitasmo horiek lotura zuzena dute erakunde publikoetatik bultzatzen ari diren azpiegitura eta obra erraldoiekin. Eusko Jaurlaritzak ukatu egin du horrelakorik, eta ziurtatu du ez dela harrobi gehiago irekiko trenbide berria eraikitzeko.

Baina datuak hor daude: obra horiek mugitutako lur kopurua izugarri handia izango da. Esaterako, AHT Gelditu! Elkarlana plataformaren txostenak dio trenbide berriarentzako tunelak egiteko hormigoiak 4,1 milioi tona agregakin beharko dituela.

Pasaiako kanpo-portuarentzat ere 6 milioi tona harri aterako dira inguruko mendietatik eta Bilboko Supersurrak beste hainbeste beharko omen ditu. Hobeto ulertzeko: Udalaitz aldez alde zulatuko duen tunela egiteko, kasik New Yorkeko Dorre Bikiek adina hormigoi erabiliko da.

Koral arrezife baten gainean bizi gara

Aiako Harriaren itzala Oiartzungo Ergoien (Gipuzkoa) auzoraino luzatzen da. Harri harrigarria da hura, geologiaren kapritxo bat.
Sumendi batetik jaiotako granitozko kolosoa aspaldi ustiatu zuten erromatarrek, “baina zorte handia izan du, granitoa ez da kalitatez hain ona eta horregatik ez dute bertan harrobirik egin” dio Jose Angel Torresek, Luberri Oiartzungo Geologia Ikastegiko arduradunak. Ergoiengo egoitzara hurreratu garenean lanean topatu dugu Aranzadiko geologoa; fosilak, harriak eta mineralak dira bere bizitza, nabari da. “Nolakoa da gure ADN geologikoa?” galdetu diogu. “Duela 290 milioi urte, Euskal Herri osoa itsas azpian zegoen, Aiako Harriko eremua izan ezik. Gero, duela 120 milioi urte, plaka iberikoa hurbildu zen guregana; Errioxako itsasertzean dinosauroak paseatzen ziren bitartean koral arrezifeak agertu ziren ur azpian”. Hain justu, Euskal Herriko mendi lerro gehienak (Aizkorri, Gorbea, Urkiola, Ernio...) arrezife horietako fosilez josita daude, “Aralarko San Migelen paisaiari begiratu beharrean lurrera begiratuko bagenu, segituan aurkituko genuke itsas triku baten edo koral baten irudia”, dio Torresek irribarrez.

Hilerri fosilizatu honen egitura karstikoa da, eta urak forma kurioso imajinaezinak maneatu ditu bere barrunbeetan. Mendi tontorrean eroritako ur tantak itsasoan amaitzen du, ilunpeko ibilbide baten ondoren: “Uraren pasabideak txikitzen baditugu sekulako mina egiten diogu naturari”, ernegatu zaigu geologoa. Jakina, harrobiez ari da. Harrobi mota ezberdinak daude: Harria apaingarri bezala erabiltzeko esplotazioen artean Markinako (Bizkaia) marmol harrobia da ezagunena. Marmola oso preziatua da, baina harri gutxi ateratzeko asko industu beharra dago; gainera, ateratakoa Europara esportatzen dute, bertan tratatu eta saltzeko.

Hau da, lehengaia ateratzeko txikizioa bai, baina onura ekonomikoak ez ditugu sumatzen harrobi hauekin. Harrobien gehiengoa industriala da ordea, kareharri arruntez osatua eta aspaldian arrezife ederrez jantzia. Torresek azaldu digunez, harrobi mota hauek berriz martxan jartzeko aukera aztertzen hasi dira enpresa batzuk eta sektorearen kontzentraziorako joera nabarmena ikusi dute.

Kasu batzuetan eremu publikoak bereganatzeko asmotan omen dabiltza gainera, makroproiektuen “behar sozialean” babestuta.

“Lehenago eskuz egiten zuten, gaur egun kapaz dira hiru hilabetetan mendia jateko”, dio Luberriko arduradunak.

Errezil: zulo handi bat Arzallus auzoaren erdian

Enpresa pribatuen asmoen ondorioz kezka handia sortu da herritarren artean, batez ere kalteturik suerta daitezkeen lekuetan.
Arzallus auzora Azpeitia eta Errezil (Gipuzkoa) elkartzen dituen errepidetik iristen da. Halako batean, ezkerrera dagoen bidexka bat hartu eta gora egin dugu errebolta festari ekinez. Paraje zoragarria topatu dugu mendi kaskoan: baserriak, basoak, mimoz zaindutako belazeak... Han bizi da Josu Bereziartua mendizalea, Arantzadizabal baserrian. “Ondoko baserrikoak ezagunak dira, Idiazabalgo gazta egiten dute”, esan digu adeitsu, ongi etorria emanez. Katran baserriko gaztagileak ere ez omen daude harri gosetik salbu.

Auzoa korridore ekologiko baten barruan dago, Pagoetako parke naturaletik gertu, eta nekazal turismoa oso ohikoa da bertan.

Alarma duela urte batzuk piztu zen, Udalak Extra-Aintza izeneko harrobi zaharraren inguruak birkalifikatzeari ekin zionean: “bi hektarea dituen harrobiaren gainean 14 hektareako bat egin nahi dute, baina ez dituzte kontuan hartu horrek sortuko dituen kalteak”. Eta ez dira gutxi. Harrobia egin nahi duten lekuan lur azpiko akuifero garrantzitsua dago, Gazume mendiko mazeletatik datorrena; erreserba hori mugitzeak kalte egin diezaioke bailaran behera doan errekari, eta horrenbestez, bertako naturari. Hain zuzen, akuiferoa eta erreka interesgune hidrologiko izendatu dituzte duela gutxi. Bestalde, inguru horretan Aintzulo izeneko koba dago. Brontze Aroko aztarnak azaldu dira eta Aranzadi elkarteko txosten batek dio harrobiak kobari kalte egin diezaiokeela, oraindik prospekzio arkeologiko sakonik egin ez duten arren. “Honek ez du ez hanka ez bururik! –esan digu Bereziartuak asaldaturik–, nekazal turismoa bultzatzeko leku ederra da hau, esaten digute etorkizunean horretara jo behar dugula, eta orain harrobi bat irekiko digute?”.

Udalak behin behineko onarpena eman zion lurrak birkalifikatzeari, baina Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen txostenak zenbait zuzenketa egiteko eskatu dio. Herritarrek irregulartasun batzuk ere aurkitu dituzte. Adibidez, harrobia “geldirik” dagoela argudiatu dute sustatzaileek, baina harrobia “itxita” omen dago. Errezilgo alkate Iñaki Oiarzabalek esandakoaren arabera, oraindik ez dago ezer erabakita, baina asmoa badago kontua “legalizatzeko”. Aitzitik, auzotarren artean mesfidantza da nagusi. Badirudi egitasmoa herriaren gaineko interesek babesturik dagoela eta harrobiaren kontrako 300 sinadura bildu dituzte errezildarren artean. “Hori, seiehun biztanle eskas dituen nekazal herri batean ez da batere erraza” azpimarratu du Arantzadizabal baserrikoak.

Extra-Aintzatik kareharri beltza aterako dute, obra handietako bete-lanetarako primerako materiala omen da. Antza, Construcciones Amenabar eta Hormigones Azkune daude esplotazioan interesaturik. Enpresa hauek, inguruko zenbait harrobi ezagunekin (Osinbeltz, Sasiola...) jokamolde antzekoa izan dute: harrobiaren jabetza eraikuntza enpresarena da normalean, baina harria hormigoi lantegiak erabiltzen du morteroa egiteko eta eraikuntza enpresa handiak hornitzeko. Enpresa hauek azpiegitura obra ikaragarriak egiteko lehian daude etengabe eta batzuetan elkartu egiten dira indar gehiago izateko. Esaterako, Donostiako bigarren ingurabideko zati garestiena eskuratzeko Moyua, Altuna y Uria, Amenabar eta Galdiano enpresek bat egin dute. Obrak 164 milioi euroko aurrekontua du eta hasiak dira eraikitzen.

Jarduera “estrak” eta harri eskaria

Zurrumurrua bolo-bolo dabil azkenaldian: Eusko Jaurlaritzak txosten bat egin du EAEn harrobiak egin daitezkeen lekuak kokatzeko. Ehundik gora leku aztertu ditu EEEk (Energiaren Euskal Erankundeak), horietako batzuk parke naturalen barruan leudeke eta gehienak lur barruko harrobiak izango lirateke. Hain zuzen, Jaurlaritzak dirulaguntzak eskaini ditu lur azpiko ustiaketak sustatzeko, “inguruarekin begirunetsuagoak” omen direlako. Baina Luberriko Angel Torresek esan bezala, “lur barrukoa gauza sekretu bat bezalakoa da, ez da ikusten, baina hor dago eta badu bere aberastasuna”. Geologoa Tindaya mendian (Kanariar Uharteak) edo Udalaitzen egin behar dituzten “ezkutuko” zuloekin arduratsu azaldu da egin diogun bisitan: “Tindayan traquita dago eta beso zabalik hartu dute Chillidaren proiektua. Udalaitzen AHTa jarri dute aitzakia bezala, tiro batez bi txori: materiala eta trenbidea”.

Administrazio publikoaren arrastoari jarraituz, Industria saileko Meatzaritza Zuzendaritzara ailegatu gara: “Txostena existitzen dela egia da, baina hurbilketa geomorfologiko soila da, harrobi izan daitezkeen zonaldeen balorazio bat, besterik gabe” esan digu Jesus Cospedalek, garrantzia kenduz. Meatze zerbitzuetako buruari galdetu diogu ea egia den harri eskariaren ondorioz harrobi gehiago irekiko direla: “Ez da dudarik harri eskaria handitu dela, baina ez zirkunstantzia zehatzengatik, kasuistika ezberdinengatik baizik. Zaila da harrobi baten irekiera ‘euskal Y-a’ bezalako proiektu zehatz batekin erlazionatzea, hainbat urte irauten duen prozesua da hori”. Hala ere, Cospedalek aitortu du badagoela loturarik eta material eskaria handitu dela gero eta hormigoi gehiago erabiltzen delako: “Jarduera ‘estra’ batzuk daude eta eragin erlatiboa dute eskariaren gorakadan”, dio. “Eta harrobi-enpresen kontzentrazioaz, zer diozu?” itaun dugu segidan. “Merkatua teknifikatzen ari da eta kontzentraziorako joera logikoa dago. Baina sinergia horiek positiboak dira, kalitate eta errentagarritasun handiagoaz gain legea hobeto betetzen dutelako, seguruagoa da”.

Txorokil: baso aberatsa arriskuan

Gorbeia eta Urkiolako parke naturalen artean dago Txorokil (Zeanuri, Bizkaia), inoren lurrean. A-68ko bidesaria saihesteko Barazarko portutik pasatzen diren kamioien joan-etorria kasik ez da entzuten bertatik, bai ordea igelen korroka edo karnabaren kantua, edo haizearen jolasa pagadien hostoak laztantzen. Iraitz eta Kimetz Intxaurraga zeanuriarrak ditugu gidari, beraiek eraman gaituzte Txorokil harrobi zaharrera: “Francoren garaitik itxita dago eta basoak estali du jadanik” diote. Hala ere, kareharrizko pareta ikusgarri batekin egin dugu topo bertara iristean. Hiru hektarea jan zizkioten mendiari eta orain beste 18 irentsi nahi dizkiote, inguruko baso guztiekin batera. Propio sortutako Cantera de Zeanuri S.L. enpresak lursailaren jabeei erosketa eskaintza egin die eta hauek lurra birkalifikatzeko eskatu diote Zeanuriko Udalari. Dena den, momentu honetan kontua geldirik dago, Bizkaiko Foru Aldundiak atzera bota baitu birkalifikazioa, Ingurumen txostenean akatsak ikusi eta gero.

“Hau elorri zuria da, hori lizarra...” izendatu dizkigu Iraitzek gure paseoan. Basozaina da Araban eta Arratia Bizirik taldeko kidea.

Berak esan digunez, Txorokil inguruko pagadia oso aberatsa da, lepatu gabeko pagoak daude bertan, baita agiña bezalako zuhaitz endemikoa ere. Bertatik pasatzen den erreka funtsezkoa omen da bisoi europarraren kontserbaziorako eta Eguzkiola izeneko haitzuloan saguzarra bizi da. “Joango gara kobara?” esan digute bi anaiek. Mendiaren gainaldean ezkutaturik dago garai batean ETAren zulo izandakoa, Brontze Aroko hainbat giza aztarna aurkitu dituzte bertan. “Ingurumen txostenak dio koba kalteturik dagoela ETAk zulo bezala erabili zuelako... sarrera bakarrik erabili zuten-eta!” diote gure gidariek.

Ez dute fede askorik txosten horiengan eta ez dira bakarrak. Talde ekologista askok errezeloz begiratzen diote ingurumen-inpaktu ikerketen emaitzei. Hor dugu Altzoko (Gipuzkoa) Amaia harrobiaren adibidea. Joan den urtean onartu zuen Eusko Jaurlaritzak Altzoko harrobia handitzeko eskaria, Ingurumen azterketa ontzat emanez. Bada, azterketa horrek inpaktu negatiboak ikusten ditu inguruko hamasei arlotan eta positiboa bakarrean –lanpostuetan– baino ez. Hala ere, txostenak ondorio baikorrak atera ditu, kalteak “orokorrean” ez direla hain handiak izango baitio eta kasu askotan “erreparatu” daitezkeela gainera. “Lanpostuak? Okindegi batek edo harategi batek harrobiak adina lanpostu sor dezake!” dio basozainak.

Baina, zertarako nahi dute Txorokilgo harria? Zer dago guzti horren atzean? Antzeko beste aferatan gertatzen den bezala, ez da erraza proiektu honen benetako interesa argitzea. Canteras de Zeanuri S.L. enpresa Urazca taldearen barruan dago; talde honek errepide, eraikuntza eta trenbide askotako lanak egin ditu, eta azken hilabeteetan obra garrantzitsuak esleitu dizkiote: Bilboko metroko azken lanak, Eibar-Gasteiz autopistako tunelak, Supersurraren zati bat... Horretaz gain, Urazca AHTa eraikitzeko deialdietan dabil buru-belarri sartuta. Honi lotuta, Txorokil harrobiko sustatzaileek Zeanuriko esplotazioaren beharra justifikatzen dute, esanez Arabako merkatuari begira agregakin gutxi dagoela eta horretara bideratuko dutela: “Hori ez da kasualitatea, AHTaren Urbinako trazatua (Araba) hemen ondotik pasatzen da”, dio Kimetz zeanuriarrak.

Itxi gabeko piramidea

Beraz, badirudi Txorokilgo kareharriak errail batzuen azpian amaituko duela, tunel bateko labarretan ez bada. Itxi gabeko piramide poligonal baten lehen koska dira harrobiak, makroproiektuen dirdiratik ezkutuan geratzen diren leku lausoak, osinbeltzak. Eta agregakin kontsumoak gora egiten duen bitartean –2005ean biztanle bakoitzeko 7,6 tona agregakin erabili ziren eraikuntzarako EAEn eta 14 tona Nafarroan– mendia mokaduka jaten jarraituko dugu, itzulerarik gabeko abiadura handiko bidaia (des)erosoan.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude