Elizondo-Orbaizeta, kondaira zaharrak gogoan

  • Zailtasun handirik gabe osatu genuen Hendaiatik Elizondorainokoa, gorputzeko giharren prestaketa modura. Euskal Herriko gailurrera bidean osatuko dugun bigarren etapak, ordea, geroz eta garaiera handiagoko lepoak igarotzea eskatuko digu, kateko gailur nagusiak hurbilago dauden seinale. Kintoa, Urkiaga, Aldudeak, Orreaga, Urkulu eta amestutako etapa amaiera Orbaizetako ola zaharrean. Gozamenak ez du etenik.
Orbaitzetako ola zaharra
F.J. Beltrán de Heredia
Elizondotik abiatu eta Orbaizetako olara helduko gara hiru zatitan banatu dugun etapa ezin ederragoa osatu eta gero.

Elizondotik Urkiagako mendatera GR-11ko ikur zuri gorriak jarraituz osatuko dugu bidea, gailurren bat edo beste igotzeko baino ez ditugu utziko alde batera arrastoak. Elizondoko elizaren atzealdean hasiko dugu txangoa (200m), Santa Engraziko ermitara doan errepidea jarraituz. Ermitatik gertu, errepidea baso pista bilakatuko da, eta, poliki-poliki, metroak irabaziko ditugu igoera ederrean.

Bideak atseden hartzeko gonbita luzatuko digu behin baino gehiagotan: gibelean Baztan haran zoragarria; parez pare, berriz, Auzatik Urkiagara doan gailurreria, hots, Aldudeak inguratzen dituen mendi multzo paregabea. Mendi pistak marrazten dituen bihurguneak saihesten dituen xenda bati esker laster helduko gara Bailegiko lepora (605m).

Xendak ez digu atseden handirik emango; tarteka zenbait malda piko gaindituz, Urballoko lepora helduko gara (900m), Larrabeltzeko Haitzak (970m) eta Alba Haitzaren (1074m) artean dagoen lepora. Margo ikurrek eskuinetik zeharkatzen dute Alba Haitza, baina ez digu ahalegin handirik eskatuko gailurrera igotzeak. Elizondo atzean utzi dugunetik estreinakoz, Aldudeak begiz jotzeko aukera izango dugu Alba Haitzetik. Sarritan behelainoak erdi estaliriko Aldudeei sorginkeri kutsua darie, gainerakotik aparte dagoen mundu txiki baten aurrean gaudela pentsaraziz. Kintoako basoak estaltzen duen Urkiaga mendatea hautemango dugu, dagoeneko, Alba Haitzetik; Adi erraldoiak ere, desafioa botako digu harro. Behakoa ezkerrera biratuz, berriz, Auza ageri da, eta atzerago, Gorramendi, Gorramakil, Alkurruntz...

Pagadi ederretan barna edo haizeak orrazturiko soiluneak igaroz zenbait igoera eta jaitsiera laburri egin beharko diogu aurre jarraian, harik eta Urkiagako mendatera heldu arte. Aurrera eginez Kintoako bordara –mahaiak eta iturria dituen ehiztarien aterpea– iritsi arte, Zaldegiko lepoan. Hortzak estutu eta Argintzuko malda igoko dugu, uren banalerroan dagoen GR-12 ibilbidearekin bat egiteko. Erraza izango da GR-12ko ikurrei jarraiki, Artesiagako mendatera jaistea nahi izanez gero. Guk, ordea, Urkiaga dugu jomuga. Mila eta ehun metroko langaz goitiko zenbait muino saihestu ondoren, bideak beheranzko joera hartzen du bat batean, Urkiagako mendatearen bila. Denbora gutxiren buruan, Eugi eta Aldudeak batzen dituen errepidearekin egingo dugu topo: Urkiaga (912m). Mendatetik hurbil, hegoaldeko isurialdean, Arga ibaiaren sorleku omen den iturritik edan ahal izango dugu.

Urduritasuna sumatuko dugu gailur garrantzitsu bat igo aurretxoan beti gertatu ohi zaigun bezala; Adi (1457 m) da, arnasa hartzeko ia astirik gabe, igoko dugun menditzarra. Urkiaga mendatetik abiatzen den baso bidetik erraz egingo dugu gorantz Adiko leporaino. Zain dago Adi ia 300 metro gorago. GR-11ko margoak utzi egingo ditugu zeharbide bat jarraitzen dute eta. Sorogaingo bailarara bidean, Adiren ekialdeko isurialdean topatuko ditugu berriz arrastoak. Belarrezko malda eder bezain gogorra igota Adiko tontorrera helduko gara. Bakandu samarrik egoteak eta, besteen aldean garaiagoa izateak, talaia paregabea bilakatzen dute Kintoako kolosoa: Sorogaingo bailara, Erro harana, Orreagako mendiak (Astobizkar, Ortzanzurieta...), Adartza, Alba Haitza, Auza, Saioa, Zuriain... Malda gogor bat jaitsi eta Sorogain bailaratxoaren atarira helduko gara, Aratungo lepora.

Mendien erraietatik irteten diren errekastoak jarraituz, baso bide eder batean barrena, helduko gara Sorogaingo bailaratxora eta GR-11k aterpearen ateraino bertaraino eramango gaitu (850m), Orreagara jarraitu aurretik atseden hartzeko aukera izango dugularik. Lasaialdiaren ostean bideak gorako joera hartzen du berriz ere, Arbilletako muinorantz. Arbilletan aukera bi izango ditugu aurrera jarraitzeko: GR-11k hego ekialderantz jotzen du, beherantz, zuzenean Auritz herrira iristeko. Hor Orreagatik datorren GR-65eko (Donejakue bidea) gezi horiekin bat egin eta, aurkako norantzan, Orreagara helduko gara hiruzpalau kilometro osatuta.

Guk, ordea, gailurreria jarraitzen duen xenda hautatzea proposatzen dugu, Mendiaundi eta Lindus gailurrak igoz eta, baso pista bati jarraiki, Ibañetako gainera iritsiz. Ibañetatik Orreagara bidean edo Orreagan bertan, erromes ausartekin hiruzpalau hitz elkartrukatzea zirraragarria da. Orreagako kolejiata, 950m.

Kolejiataren atzealdetik abiatzen den baso pista lokaztuari ekingo diogu. Segituan ordeka utzi eta modu erabakiorrean mendian gora abiatzen da. Nekez izango dugu arnasa hartzeko aukerarik, harik eta Ortzanzurieta –eskuin aldean antenaz “apainduriko” gailurra– eta Astobizkar –ezkerrean– banatzen dituen Lepoederrera (1445m) heldu arte. Eremu honetan gailur ugari igotzeko aukera izango dugu. Bakarra aukeratu dugu guk: Urkulu. Ingurukoen arteko bereziena bilakatzen du, agian, gailurrean antzina eraiki zuten dorre famatuak.

Astobizkar inguratu eta Menditxipiko lepora helduko gara jarraian, Donejauke bidea ekialderantz ibiliaz. Nahi izatera Txangoa muinoa ere igo daiteke, Urkuluko dorreari begira gozatzeko. Gu ordea Bentartea lepora zeharbidetik joango gara, eta, Napoleonen bidea deritzonetik Donibane Garazira eramango gintuzketen gezi horiak agurtuz, Urkuluko oinera iritsiko gara; Arnostegiko lepora.

Azken malda gogor samar bat gainditu eta Urkuluko dorrean izango gara. Pozak gainezka egingo digu: Urkulu, 1419m.

Urkuluko dorretik Organbideko lepora jaitsi beharko ginateke zuzenean, malkar harritsu batean behera, Hiru Erregeen Mahaira eramango gaituen bidea jarraitzeko. Guk, ordea, Azpegiko leporako bidexka jarraituko dugu, hemendik, kilometro gutxiren buruan, Orbaizetako olara eramango gaituen baso pistarekin bat egin arte. Orreagako kolejiata begiz jotzean zirrara batek gorputza zeharkatu bazigun, Orbaizetako ola zaharraren arrastoekin topo egitean sentituko duguna zaila da, hitz gutxitan deskribatzea. Norberak bizi beharreko sentipenak dira.

Orbaizetako ola, 800m.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude