Ez da giro. Bazetorkiola, bazetorkiola eta azkenean jin zaio. Heldu den denboraldian Ejidora joanen da Poli bisitatzera. Aspalditik zebilkigun hara begira, infernua deitzen dioten eremura erre ke erreka bonberoa bailitzan. Eta azkenerako ura ahitu. Eskarmentuz esan dezaket zailagoa dela jokalari eskasenekin maila galtzea onenekin txapelduna izatea baino. Eta txapeldunak izan zirenean aurkarietan jokalari hobeak aurkitu bazitezkeen ere, talde onena osatzeko gauza izan ziren. Oraingo honetan ahalak izan dituzte jokalariak aukeratzeko, ez nahi lituzketenak ekartzeko baina bai Lehen Mailan eroso antzera jokatzeko egokiak liratekeenak. Talde kaskarra osatu dute. Hasieratik ibili dira ezinean. Eta turroi garaian enpanadak ekarri dituzte. Orain garbiketa dator, errudunen garaia. Denon Errealan bere errealitatea hobetzeko xedez jokatutako hainbati iritsi zaio damu unea, baina ohi bezala ahulenek ordainduko dute erronda. Merke aterako zaie. Azkarrenek epaileena egingo dute. Jada hasiak zaizkigu. Eta gaitzerdi Eibarrek lortuko balu Ipuruan Realak jokatu behar izatea, eibartarrentzat Anoetakoa, berez, saria bailitzateke. Igandero eta publikoki aztertzen den taldeak bestelako fundamentua behar du bere inguruan, bulegari marrazoetatik urrun.