argia.eus
INPRIMATU
Desagerrarazi kultura
  • Antza, Iraken, Amerikako Estatu Batuen (AEB) eta bere eskupekoen okupazioa salatu duten 1.500 intelektual hil egin dituzte. Bagdadeko liburutegi nazionalean milioi bat liburu gutxiago ei dago eta irakiarren ondare arkeologiko garrantzitsuenak desagertu egin dira. Baina zer axola du horrek egunero dozenaka hildako dauden herrialdean? Zer garrantzia izan dezake kultura idatzita gordetzen duten paperak gordetzeak heriotza merkatuetan saltzen den herrialdean? Zertarako jakin behar dute nola bizi ziren duela milaka urte bihar biziko diren ez badakite?
Gotzon Barandiaran Arteaga @gotzonbarandi 2007ko uztailaren 01
Gotzon Barandiaran
Iñigo Azkona
Bizkaiko burdinazko gerrikoaren defentsan izandako borrokak gogorarazteko Larrabetzun egindako jardunaldien ostean hasi zaizkit ideiok korapilatzen eta azkura sortzen. Izan ere, jardunaldiotan izan ditugun hizlari gehienak ados daude baieztapen honekin, behinik behin: 1936ko gerrari buruz jakin behar genukeena baino dezente gutxiago dakigu, giltzape zabalgaitzegietan gordetako dokumentu asko dago, erailketa askoren arduradunen oinordeko zuzenek euskaldunon memoria historikoa desagerrarazi eta gure nortasuna birdefinitzeko ahaleginean ari dira ordutik gaur egunera. Duela hilabete gutxi Nafarroako Udal nagusian, Francori hiriko seme kutuna izatearen izendapena kentzeko mozioa aurkeztu zuten eta UPNren abstentzioari esker, bere horretan dirau generalisimoak, Iruñeko seme besoetako. Bitartean, Nafarroako Gobernua bertako idazleen antologia biltzen ari da. Idazle euskaldunik ez da inon ageri. Kontserbadoreenak kontserbak bereizten.

Harrigarria dirudiguke baina Iraken dagoen ekintzarik arriskutsuenetarikoa eta era berean heroikoenetarikoa, liburuzainek egiten dutena da, alegia, euren lantokietara joan eta liburuak balizko irakurleen eskuragai jartzea, jakinik, oso litekeena dela, intelektualen antzera erailak izatea.

Ez dakit gurean gudarien artean, liburuzainik izan ote zen, ez dakit gurean liburuak salbatzearren bizia eman zutenik izan ote zen, baina balego, galdera bat baino gehiago egingo nizkioke. Izan ere, jakin gura nuke zenbat eta noren liburuak erre zituzten gurean oraindik ere euren burua irabazletzat dutenen aurrekoek. Jakin gura nuke zergatik ez diguten inoiz irakatsi izan zirela EAJ-PNVkoak ez ziren idazle, kazetari, bertsolari, gudari eta kronistak; izan zirela Jaungoikoa eta Lagi Zarra baino, pertsona eta bere egunerokoa hobetsi zituztenak. Eta susmoa dut galtzaileen artean galdetzeko esango lidakeela balizko liburuzainak eta akaso, berak ere galdetuko liekeela: zergatik ostendu zenituzten horien guztien izenak?