Donostialdeko azpikeria agerian

  • Harkaitz Zubiri ::Zakur kale

    Susa

    orrialdeak ::140

    prezioa ::13€

'Zakur kale'
Edozein lekutan gerta zitezkeen Harkaitz Zubiri donostiar gazteak (1977) Zakur kale izeneko liburuan bildu dituen kontakizunak, baina idazleak hala nahita gehienbat Donostialdean kokatzen dira. Nola edo hala, etengabe goranahi dabiltzan pertsonaien jokaera agertzen du, bereziki, narrazioetan. Horretarako, gutxi axola zaie pertsonaiei egoerak nor zapaltzera bultzatzen dituen. Beraien artean, badira enpresetako jabeak, enpresa horietako zuzendariak edo goi karguren bat dutenak. Baina, gehiago ere bai: Abegi SA enpresan eta Pasaiako portuko merkantzien garraioaz arduratzen direnetan beren eguneroko irabazia atera nahirik dabiltzan langile soilak ere azaltzen dira liburuan. Pertsonaia guztiek aurre egin behar diote bizitzan izan duten nolabaiteko gainbeheraren bati, eta eskrupuluak bazterrera utziz ekiten diote ahaleginari. Hor azaltzen da Harkaitz Zubirik agerian utzi nahi izan duen zakurkeria. Etorkizun oparoagoa bilatu nahi horretan pertsonaiek erakusten duten besteekiko maltzurkerian. Batzuetan, beraiek horrela tratatuak izan direlako, besteetan bere kabuz aukeratu dutelako. Azpikeriaren unibertsoa eskaini du idazleak Zakur kale bere aurreneko liburuan.
Harkaitz Zubiri
«Nahi nuen orain eta hemen kokatutako ipuinak kontatu»

Zakur kale zure aurreneko liburua da...


Bai, baina betidanik izan dut idazteko ohitura, gutxienez institutu garaitik. Literatura izan nahi zuten testuak ziren, eta normalean ez nizkion inori erakusten. Baina duela bi urte ohartu nintzen baneukala nahikoa material zer edo zer egiteko, eta hasi nintzen baten bati erakusten. Eta prozesu horretan, azkenean, liburu hau atera da. Egia esan, ondo egon da jendeari materiala erakusten hastea, hori ere nahiko aberasgarria izan da niretzat.

Mamiaz zer edo zer argitzerik bai?


Bada, nik nahi nuen orain eta hemen kokatutako ipuinak kontatu. Nire oraina XXI. mende hasiera-edo da, eta nire lekua, Donostia –beno, Donostialdea, zeren Pasaia ere agertzen da–. Eta ipuin hauek idazterakoan, nire helburuetako bat sinesgarritasuna bermatzea izan da. Hori lortzeko baliatu ditut ezagutzen nituen kontuak, nolabait ezagutzen nituen kontuak: entzunak nituelako, zerbait ikusia neukalako, gertatzen direla badakigulako...

Aurre egin behar izan diozun arazorik handiena?


Duela bi urte hasi zen prozesu horretan neukan materialetik baztertu behar izan dudana. Izan ere, kontakizun batzuk, nahiz eta errealak izan, fikzioan ez ziren sinesgarriak, eta nik sinesgarritasuna bermatu nahi nuen. Argi utzi nahi dut liburua ez dela inondik inora autobiografikoa.

Nolabaiteko lotura badago ipuinen artean, ez da hala?


Gauza batek baino gehiagok batzen ditu ipuinok. Lekuak –Donostialdean gertatzen direla–; garaiak ere –aurten gerta zitezkeen denak–. Eta hortik dator izenburuko kale hori ere. Hiria da haria.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude