argia.eus
INPRIMATU
Ravioliak
  • Gauerdi ilunean esnatu naiz, azaldu ezinezko goseak. Zaunka eta uluka ari ziren zakur nabarrak. Negarrez kale gorrian. Arma-izerdia usaintzen zuten.

    Maiatzekoen bilkuraren erdian esnatu naiz, Itxaro. Amestu dut poesia mukitsu, leun eta arrosarik ez dugula behar zioen militante puruaren jardun altzairuzkoa. Burdin hotzezko bozgorailuetatik entzuten nion jarduna, iman musulmanari nola.

    Amesgaizto zurbil horretan, Angelen manifestu gordina ibili da eskuz esku. Irakurri ere egin dute lagun batzuek. Halere, zigarro kubatarrak pizteko erabili dute gehienek Erroren proklama. Zeren manifestua, azken finean, literatura baita.
Jose Inazio Basterretxea 2007ko ekainaren 24a
Jose Inazio Basterretxea
AIOL
Eta, literaturarekin… nora goaz?

Beruna da, literatura ez dena. Gazteluko harresi gorenetatik jaurtitzen den su gorizko bike urtu hori ez da literatura, ez denez. Eta, gizartea kiskaltzen duen tximista urdin horixe bera da herria aska dezakeen bakarra, akzio legitimo bakarra; akzioa, egoera puruan.

Ez literatura. Ez hitza, berba, elea.

Zer deritzozu zuk, marinel zahar?

* * *

Lemazaina, lemara!

Hegaluzearen kanpainaren atariko, borroka armatua atera dute batzuek atoi-ontziko hozkailutik. Trabes eta traban, itsaslabarretako haitzetan potoraturik eta krokaturik zena, denen bistan da gaur, berriz lerden.

Gauza jakina da: bertan gordetzen den produktuaren ohiko transformazio eta garapen naturala moteltzen du hozkailuak. Lizunaren erasotik preserbatzen du hotzak jakia. Bakterioek ez dute haren baitan normalki jokatzen.

Halere, hozkailuak ez du betiko gazte mantentzen haranezko konfitura berdea. Ezta marrubi distiratsua ere. Hozkailu barruan, kraskadura ahultzen zaie Adarraganeko milorriei, hezetasunak hartuta. Ezpeletako piperrak balkoian ontzen dira ondoen, ez izotzaren zartadaren baitan. Gorbeiako gazta, arraildu egiten da, aire errefrigeratuan. Garnatxa-ardoak nahiago du txorroko ura, hotz bortitza baino…

Hozkailutik atera du lemazainak gori gorena.

* * *

Lo galduan nago hau idazten, lagunak. Auzoko umearen eztul beteak harrapatu nau gauerdian, eta begiak bildu ezinik nago leihoan, fruta-arbolei so.

Ekainekoak dira gereziak, gure artean. Orain igo behar da adar gorrira, eskua luzatu eta jan. Jan egin behar dira beren garaian gereziak, ez Gabonetan…

Sonanbulu piztuaren gisa nabil etxean, gelaz gela. Tribu lotiarengandik urrun. Galduta sentitzen naiz neure aberrian…
Sukaldean, hozkailua ireki eta segituan itxi dut: usteltzen hasita daude ravioliak. Kiratsa.

Idazteko mahaira itzuli naiz, eta deitu egin diot. Neronek deitu diot. Martiztar herrenari.

– Zer uste huen, ba?

– Nik uste… gutxi. Aldiz, amestu, dezente.

– Atera egin ditek, ba, orduan?

– Atera.

Lokartu ezinik ote nenbilen galdetu dit. Nola egotea nahi ote duen. Eta, orduan, ordu horietan, Martzialen epigrama zaharrak irakurtzeko aholkatu dit hark, sonanbulu asteroideak. Batez ere, Nevoloren esklabo gaztearen pasarteak.

Bitartean, absinta itsaskorra, lo-belarra eta bigarren eskuko munizioa ari dira saltzen Kabulgo azokan. Ezta?