argia.eus
INPRIMATU
PSN-Nabai Nafarroan, hiruko zulatua EAEn
  • Nahasi, oso nahasi eratu dira udalak han-hemenka, eta orain ikusi beharko da zer eragin duten foru gobernuen eraketetan, baina eremu honetan kartak gero eta ageriagoan daude. Nafarroan, denak adierazten du azkenean PSN-Nabai-NEB akordioa nagusituko dela, udal akordioek eta buruzagi sozialisten iragarpenek hala adierazten dute. Azken minutura arte –egunotan futbol zelaietan ikusi den moduan–, partidaren emaitza jokoan da. Edo udal eraketek erakutsi duten bezala, esan diezaietela bestela Zumaia eta Azpeitiko alkategai jeltzaleei. Eta lau urte atzera eginez, Madrilgo tamayazo ospetsuaren itzala ere hor da.
Xabier Letona Biteri @xletona 2007ko ekainaren 24a
Orain ikusi beharko da zer jarrera hartzen duen PSNk Iruñeko Udalean, agindutako oposizio zorrotza egiten badu Yolanda Barcinak gorriak ikusi ditzakeelako, batez ere kontuan hartuta UPN erabateko jauntxokeriaz aritzera ohituta dagoela. Baina lau urteko agintaldi osoa amaituko ote du? Su-eten berri bat gabe, PSNk oso gaitza du ANVrekin batera zentsura mozio batean parte hartzea, baina lau urtetan joan-etorriak ugari izan daitezke politikan, eta ez litzateke baztergarri alkate aldaketa saioa, batez ere PSOEk 2008ko Espainiako hauteskunde orokorrak irabaziko balitu. Nahi baino gutxiago, baina Nafarroan aldaketa politikoaren lehen zantzuak ikusten ari dira jada, herritarrek hori euren egunerokotasunean nozitzea da orain gauzatu beharrekoa; UPN eta enparauen gobernu moldeak ikusita, egia esan, ez litzateke horren zaila izan behar.

EAE-ko hiru foru gobernuetako egoera gero eta garbiagoa da. Bizkaian EAJk ez du arazorik, Gipuzkoan ere EAJk eta EAk gutxiengoan jardungo dute, batzuetan EB-Aralarren sostengua bilatuz eta proiektu handietarako –erraustegia...– PSErena. Araba dago zintzilik eta ikusi beharko da PPk PSNri baldintzarik gabeko sostengua ematen dion edo sozialista eta jeltzaleen arteko akordiorik gauzatzen den. Normalean lehenago gauzatzea litzateke, baina epeen arabera, uztail bukaera arte ere atzera daitezke gobernu eraketak.

Nola uztartzen dira pluraltasuna eta diziplina? Alderdien malgutasun eskasaren ispilu izaten dira udal ondorengoetan entzuten diren buruzagi askoren adierazpenak, batez ere ezustekoak medio alkatetzak galtzen dituztenena. Aitortu behar irensterraza ez dela, baina pluraltasunaz ahobete jardun eta gero ezin onartu pluraltasun horren ondorioak? Sartaguda, Zumaia eta Azpeitia dira adibide entzutetsuenak. Salbuespena ukaezina da, berez dago hor; eta salbuespena ez denean, orduan bai barne irakurketa politiko zorrotza ezinbestekoa da, EAJn, PSN-n, EAn...