argia.eus
INPRIMATU
Proze-sua, oin-arriak eta zu-bi-gintza
  • Hegoaldeko herritarrek Udalen, Batzar Nagusien eta Nafarroako Legebiltzarraren osaketa hautatu dute. Normalizaziorantz urratsa ematea espero genuen, baina Batasuna eta PSOEren arteko negoziaketek porrot egin dute eta, ezker abertzale ortodoxoa (EAO) hauteskundeetan aurkezteko nola-halako egoerara iritsi da. Kuriosoa da biek ala biek jaso dituztela emaitza onak. Biek izan dute “prozesua” kanpainako gai nagusi, eta batak bestea elikatu du. Jokoan herritarren bizimoduaren nondik norakoak jartzen dituen hauteskundeak izan arren, horren ordez prozesuarekiko jarrera bat ala bestea ipini dutenak izan dira garaile nagusi EAEn.
Xabier Sarasua 2013ko maiatzaren 03a
Xabier Sarasua
Dani Blanco
Niretzat pozgarria izan da, hala ere, EAOk jaso duen gorakada hori. Ez bake eta normalizazio prozesuan jarraitu duen estrategiarekin inondik ere ados nagoelako, Anoetan hasi eta –nola edo hala– gaurdaino jarraitu duen norabideari emandako babes modura interpretatzen dudalako, baizik. Duela lau urte Batasunak zuen diskurtsoa atzo arte izan duenaren oso bestelakoa zen, eta orduan EAOk emaitza kaskarrak izan bazituen, oraingoetan askoz babes handiagoa jaso du. ANVk ere “prozesuaren aldeko botoak” eskatuz egin du kanpaina, ezkerreko alderdi batzuek ongizatearen banaketa justuagoaz, bestelako garapen ereduaz eta herritarren parte-hartzeaz hitz egiten zuten bitartean.

Baina hara non, “udaberri berria”z hitz egiten zutenek prozesua hautsita dagoela dioten, kasik biharamunean, bat-batean tximistak jota hautsi balitz bezala; eta hara non, ETAk su-etena hautsitzat ematen duen, ANVren aldeko botoek borroka armatuarekin jarraitzeko indarra ematen diotela esanez. To! Hori al zen “prozesuaren alde” hitzekin esan nahi zutena?

Egia aitortzeko, batzuk ez gara asko harritu. Beste behin ere ziria sartu diotela pentsatu duen tertuliakide, kulturgile eta gainerako jendea engainatuak sentitzen direla esaten entzungo banu, orduan bai harrituko nintzateke. Izan ere, adiskide batek berriki esan bezala “hotz egiten baitu tributik kanpo”.

Baina hotzik gehien haize lekuetan egiten du, zubietan bereziki. Eta hala ere, zubigintzan jardun beharra dago. Hasteko, herritarrek EAJren kudeaketa eta garapen ereduei ezetz esan dietelako hamaika herritan, eta horietan aldaketarako gobernuak osatzen saiatu beharra daukagulako ezker abertzaleko indarrok. Zubi orok ordea, oinarri sendoak behar ditu, eta elkarlan horiek ere boto guztiak aintzat hartzea eta elkarbizitzarako jarreren aldeko konpromiso argiak beharko dituzte, eta oinetara harririk ez botatzea.

Badugu zubi handiagoen beharra ere, Jose Elorrietak dioenaren ildotik. Baina horretarako, esklusiboki bide politiko hutsen hautua egitea da oinarri posible bakarra. Sufrimendu guztiak gogoan, zenbat eta lehenago hobe.