Dani Blanco
Bere absurdoan jeniala zen, Zaldieroak ohiturik gauzkan bezala. Baina anakroniko bihurturik zegoen argitaratu zenerako. Bezperan, marrazkia egitean, Patxi Huartek ez baitzekien berria, guk geuk ere ez genekien bezala. Eta irria izozturik gelditu zitzaigun askori, mahai gaineko kafea baino hotzago eta mikatzago. Mahai bera erakutsi zigun marrazkilariak biharamunean, “Urratsa” izenburupean: “Asier… / Zer dugu? / Su-etena bertan behera utzi dugu. / Hara. Independentziaren bidean beste urrats bat!!”. Eta amaieran, korolarioa: “Kontua da aurrera edo atzera eman ote dugun!”.
Bere bide ustez argitsuan, gero eta etsai gehiago ditu erakundeak, gero eta traidore gehiago topatzen ditu bazterretan. Eta hori, nahi ez badu ere, arazo handia da gerra irabazi nahi duenarentzat, arerioa baino askoz ahulagoa denean batez ere. Beste arazo bat ere badu ordea: ustez ulertu lezaketenengan ere, abertzale eta euskaltzale eta ezkertiar den gizarte-atalean gero eta gutxiago konprenitzen dela erakundearen logika, gero eta arrotzago eta urrunagoa zaiola haren estrategia, gero eta deserosoagoa eta gaitzesgarriagoa estrategia horren ondorengo jardunbidea.
Horixe baita kontua. Pastak amaitu dira. Orain, beste zerozertara pasatu behar da. Eta hor txisteek ez dute lekurik, ondo asko daki Zaldieroa artista handiak ere. Lehen gauzak oker egonda ere, inork sinesten du amnistia, autodeterminazioa, lurralde-batasuna hurbilago izango ditugula inori auto azpian amosal-opari bat utzita?
Mesedez, Asier: kimizefak –Quimicefa jostailua, alegia– utzita, sartu ezazu bizkotxo bat labean.