Kontzientzia lokartuak ernarazteko ahalegina da Pamiela argitaletxeak plazaratutako Markak. Gernika 1937 lana. Batetik, aspaldiko iraganetik gizakiak bere ondorengoei utzitako aztarna artistikoen gainean Bernardo Atxagak egiten duen gogoeta dago. Gernikan eginiko sarraskia besteri leporatuz hainbeste urtetan jardundako faxistei, Picassoren Guernica pintura aurrean jartzen zaie, gizadiaren aurkako krimenaren sinboloa, alegia. Baina horrez gain, inoiz argitaratzerik izan ez zuten Guernica liburuxkatik hartutako dokumentuak eskaintzen ditu liburuak, ingelesez zeudenak euskarara itzuliak, euskarazkoak bere horretan; eta Guernica liburuaren faksimile-edizioa ere bai, bere dokumentu grafiko eta guzti.