«Iruñeko Udalean, su-etenaren hausturak eragin handia izan du»

  • Goizean bilera zuen PSNrekin eta arratsaldean ere bai; tartean harrapatu dugu eta baikorra dela aitortu digu, bere ustez akordioa gauzatuko dela. Ezin aztia izan, ordea, eta “datorren astean” –aste honetan, beraz– jadanik hala den ala ez jakingo dela zehaztu du. UPNk eta Miguel Sanzek Fernando Purasi oraindik mokadu goxorik eskainiko diotela espero du.
Patxi Zabaleta
Josu Santesteban
Jadanik atzean dira hauteskundeak, negoziazio eta itun unea da. Buru-belarri dabil horretan abokatu leitzarra, PSN eta Ezker Batuarekin.

“Datorren astean [honetan] Purasi azkenean lehendakaritza ere eskainiko dio UPNk”, dio NaBaiko zerrendaburuak.

Eta zu, PSN-NaBai-NEB akordioa gauzatuz gero, Purasen Gobernuan egongo al zinateke?


Ahal balitz, nik gobernu kargurik ez nuke nahi. NaBai Nafarroako lehen indar politikoa izateko hurrengo urratsak eman behar dira, eta nik zeregin horretan egon nahiko nuke.

Nafarroako Gobernuko negoziazioei begira, posible ikusten al duzu PSNk Iruñeko Udalean egindako jokaldia errepikatzea?


Azken unera arte zalantza bat gelditzen da beti, baina uste dut posible dela bestelako gobernu bat antolatzea eta gainera horren oihartzuna ere Nafarroako beste udaletxe batzuetara ere zabaltzea, esate baterako Barañain, Burlata, Antsoain, Atarrabia eta beste askotara. Horrek, halaber, bere eragina izango luke beste erakunde batzuetan ere, adibidez Iruñerriko Mankomunitatean.

Askoren hipotesia da ETAk su-eten haustura erabakita izanda, itun eta negoziazio une zehatz honetan apurtu nahi izan duela su-etena, eta bereziki Nafarroako egoerari begira.


PSNk ahuldade handia du komunikabideen eta PPren aurrean, bi eragile horiek etengabe daude hor bere jarrerak baldintzatzen, baina horrez gain, ETAren su-etenaren hausturak eragin handia izan du bere jarrera aldaketan. Su-etenaren haustura hori, dena den, orain ofizialki egiaztatu egin da, baina berez abenduko Barajaseko atentatuarekin gauzatu zen.

Alderdi sozialistaren jarrera aldaketaz ari zara. Interpretatu al daiteke zure hitzetatik su-eten hausturarik gabe PSNk Uxue Barkosen aldeko botoa emango zuela Iruñeko alkatetzarako?


Hori ere ezin liteke zeharo eta osotasunean esan, baina baliteke. Joan den astelehenera arte [hilaren 11], PSNrekin genituen elkarrizketetan Uxue Barkosi botoa emateko aukera zabalik zuten. Are gehiago, bi egun lehenago, hilaren 9an, Madrilen izandako PSOEko Batzorde Federalean gai hori ez zen eztabaidatu eta ez zen ezer erabaki. Gaia astelehen goizeko PSOEren Batzorde Eragilean jorratu zen eta, horren ondorioz, astelehen arratsaldeko PSNren Batzorde Eragilean Uxue Barkosi botorik ez ematea onartu zen.

Bake prozesuan EAJk, EAk eta Batasunak izan dituzten elkarrizketetan EAE eta Nafarroaren arteko harremanetan egin bide da estropezu. Zure ustez, zer behar da eremu horretan akordioa lortzeko?


Baldin eta bake prozesua baldin bada, Nafarroa prozesu horretatik kanpo utzi behar da, zeren eta lurraldetasuna ezin da sartu demokratikoki bakegintza prozesu batean. Gainera, nahiz eta ETAk sekula ez duen berretsi Anoetako Aldarrikapena, han argi eta garbi onartu zen hori.

Bigarrenik, Nafarroaren gaia prozesu baskongadista horretan sartzea errespetu falta da Nafarroarentzat eta, jakina, porrotaren hazia ereitea. Hori ezin da horrela planteatu, abertzaleok demokratikoak bagara, edo soilik azkarrak izanda ere, jakin behar dugu lurraldetasuna bakarrik bide demokratikotik irabazi behar dela, Nafarroaren eta Iparraldearen esparruan. Bere unean, batzuek esaten genuen gutxienez hiru mahai beharko zirela; bat atera zen, baskongadoa, eta hala izanik, Nafarroaren gaia planteatzearekin minbizia barruan zuen. Nola egingo zuen horrek aurrera?

Su-etena gaizki kudeatu da politikoki, Lizarra-Garazikoa gaizki kudeatu zen bezala, eta gainera, une honetan edozein su-etenaren eragin politikoa ezabatuta geratu da. Su-etenaren oinarria sinesgarritasuna zen eta horrek eztanda egin zuen Madrilen abenduaren 30ean.

Eta zer egin behar zen ondo kudeatzeko?


Ez zen erraza ondo kudeatzea, baina horretarako oinarri demokratiko oso sendoak behar zituen. Lehena, bakegintza eta normalizazio politikoa ondo bereiztea eta ez nahastea. Bigarrena zen erabaki esparruak onartzea: EAE, Nafarroa eta Iparraldea. Hirugarrena, abiadurak indar harremanen arabera egokitzea, autonomia mailatik hasi baina autonomiaren maila horretan gauzatu behar direnak gauzatu. Horretarako ez da aski Anoetako Aldarrikapena egitea, hori sekulako aurkikuntza balitz bezala; hori ez da serioa. Une honetan hori bukatu da, su-etena beti eta gehien eskatu dugunok jadanik ezin dugu eskatu, ez dagoelako horretarako behar den baldintzarik. Orain, elkarrizketaren bidea ahalbideratuko duen neurri bakarra da alde bakarreko, behin-betiko eta baldintzarik gabeko etena.

Bada, ez dirudi hala denik, ez da hori azken 40 urteetan gertatu dena.


Bai, baina gainerako guztia herri honen interesen aurka doa, independentziaren eta demokraziaren aurka.

Esaidazu ematen den irudi hau egia den: profil abertzalea arindu behar da eta soziala azkartu, hor PSNrekin zerbait lortzea errazagoa da eta.


Hori ez da horrela. Abertzaleok, independentziazaleok edota euskaltzale garenok, horiek aniztasunaren defentsatik azkartu behar ditugu. Hori egiten dugun unetik, euskarak irabazia dauka edozein herritarrek aukera gisa erabiltzea, edozein herritarrek irabazia du nahi duen nazioarekiko atxikimendua egitea.

XXI. mendean hori da Europak herri honi ematen dion aterabidea, ez dago besterik, eta horretarako borroka, lana eta zehaztapen ideologikoa behar dira. Guk ez diogu inori esanen ekitaldi batera ez ekartzeko ikurrina, baina ikurrina beste ikur guztiak defendatzen ditugun argudio eta dema ideologiko berberarekin defendatzen dugu.

NaBai Gobernura iritsiz gero zein litzateke Euskararen Legearen aurrean izango lukeen jarrera: beste lege bat sortu, dagoena erreformatu edo dagoena baliatu ahalik eta gehien egiteko?


Gure azken helburua euskara Nafarroan ofiziala izatea da. Edo hobeki esanda, nafar guztiek eskubide horren erabilpenerako aukera osoa izatea, arlo ofizialean, komunikabideetan edo irakaskuntzan.

Hori egiteko gauden tokitik abiatu behar dugu, erantzukizunez hornituz horrek behar dituen diruak eta aldaketak. Urratsez urrats egin beharreko bidea da, graduala, baina datozen urteotan, eskaeraren arabera, euskararen egoera nabarmen hobetuko da Nafarroan.


Zehaztu al dezakezu zertan?


Mahai gainean daukagu horren eztabaida eta zalantzarik gabe lege aldaketa beharko da, egungo legeak dituen zirrikituak ez direlako aski egin beharrekoa egiteko. Une bakoitzean ikusi beharko dugu zein indar eta onarpen maila daukagun.

Euskal kulturaren inguruan lanean ari direnak estu dabiltza Nafarroan. Euskalerria Irratia datorkit burura. Izango al da aldaketa ekonomikorik halakoentzat?


Izango dira aldaketak eta batez ere legalak. Ondoren, ekonomia mailan Euskalerria Irratiak izango du bere burua defendatzeko adina aukera eta aurrera aterako da zalantzarik gabe.

Beste adibide bat jarriko dizut. Iruñeko Errotxapea auzoan D eredua gora egiten ari da azken urteetan, baina Nafar Gobernutik ez zaio behar bezala erantzuten eskariari eta D ereduko talde berriak irekitzeko beti dira arazoak. Nola konponduko litzateke hori?


Hemen arazoak beti daude eremu mistoan, dauden dekretuek D eredurako 16 pertsonako taldea eskatzen dutelako euskarazko talde berria osatzeko. Errotxapean, adibidez, 4 ikasleko talde erdalduna sortu izan du Nafarroako Gobernuak, baina 13 pertsona lituzkeen euskarazko talde berririk ez du nahi. Egoera horiek aldatu egin behar dira.

0-3 urteko zikloan ere sekulakoak gertatzen dira Iruñean, Yolanda Barcinaren udal gobernuak bultzatuta. Eskari handia dago eta zabaldu daitezke ingelesezko haurtzaindegiak, frantsesez edo vietnamdarrez... salbu euskaraz, eskari handiena duen hizkuntza. Joko hori argitu eta gainditu behar da nahitaez.

NaBaik zein gobernu sail nahi lituzke?


Izaten ari garen elkarrizketetan, oraindik ez gara halakoetan sartu, egitaraua eztabaidatzen ari gara, lehentasuna hori da eta. Hor adostasuna lortzean, helduko diogu sailen banaketari.


Politika sozialean, zeintzuk lirateke hartu beharreko begi bistako lehen neurri horiek?


Begi bistakoak dira, UPNk akats bihurtu dituenak, nagusiki diru murrizketak direla eta eskandalagarriak bihurtu dituenak: osasuna, ongizate saila, irakaskuntza, kultura eta elkarbizitzako arloak. Horietan behintzat talka politikak behar dira.


Aralarrek ez ditu hartuko ANVri legozkiokeen eserlekuak. Nafarroa Bairen jarrera ez da hori.


Baina NaBaik ere malgutasunez jokatuko du, eta hiru herritan, esate baterako, bakarrik geure botoengatik legozkigukeen zinegotziak hartuko ditugu, nahiz eta hiru horietan gu lehen indarra izan garen. Hala ere, ezin ditugu ahaztu kanpainan zehar hainbestetan jasandako irain eta etenaldiak; behin gure egoitzara bortxaz sartzeraino ere iritsi ziren. Edozein eratan, guk beti erantzun izan diegu begirunez eta aurrerantzean ere hala izango da.

ASTEKARIA
2007ko ekainaren 24a
Azoka
Azkenak
Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude