argia.eus
INPRIMATU
Ibilalditik Urratsera
Andoni Mujika Ulazia @mujikaandoni 2013ko maiatzaren 03a
Andoni Mujika
Obligazioaren dimentsioa pertsonarentzat maldizioa da, gure euskal kultura kolektibotik jaso dugun herentzia lorrinenetakoa. Izugarrizko gatazka eragiten dio bere bizitzaren kudeaketan eta orekan. Hona adibide esanguratsu bat: pertsona euskolabeldunaren desafioak. Errito euskaltzale/abertzaleak ailegatzen direnean, urteko zita basque-laikoak, pseudokoherentzia ariketa kuriosoa injeniatzen du ardi latxa humano gizagaixoak. Zeregin konplikatu samarra jartzen zaio aurrean: nola kudeatu label punturik ez galtzea eta eskola publikoaren alde egotea? Ea adibidea deskodifikatzen dudan. Ezagutzen dut zenbait guraso gazte eta majo beren publiko-zaletasuna eta euskalzaletasuna uztartzeko formula asmatu dutenak. Hala, bake ideologikoa erdietsi dute ikastoletako jai batzuetara joanez, eta beste batzuetara ez. Nafarroara bai, Iparraldeko hirugarren mundura bai, baina Araba, Gipuzkoa eta Bizkaira, ez. Injenieritza ideolojikoak apur bat gehiago korapilatzearren, esango diet, EAEko ikastola barik, herri ikastola barik, ezingo litzatekeela Nafarroa eta Iparraldekoa sostengatu. Hori zientzia da.