argia.eus
INPRIMATU
Faraoien madarikazioa
  • Egipto, 1923, apirilak 24. Goizeko 1:55ean Kairoko argi guztiak itzali egin ziren. Une horretantxe Lord Carnarvon birikako gaitz batek jota hil zen. Ordu berean, Londresen, Carnarvonen zakurra zerraldo erori zen. Tutankhamonen hilobia aurkitzeko lanen bultzatzaile ekonomiko nagusia izan zen Carnarvon. Haren heriotzarekin hasi zen faraoien madarikazioa.
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2007ko ekainaren 24a
Howard Carterrek hamabost urte pasa zituen faraoi gaztearen hilobiaren bila eta, azkenean, besteak beste Lord Carnarvonen laguntzaz, 1923ko otsailaren 17an hilobia ireki zuen; hogeiren bat pertsona izan ziren une horren lekuko. Aste gutxi batzuk geroago Carnarvon izan zen erortzen lehena. Urtea amaitu baino lehen beste dozena bat pertsona hil ziren hogei horietatik. Gainera, Carnarvonen lagun George Jay Gouldek hilobia bisitatu zuen, eta hogeitalau orduen buruan hil zen. 1929an, modu batera edo bestera, momiarekin lotura zuten beste hamasei pertsona hil ziren.

Inork ez zion jaramonik egin hilobiaren sarrerako hieroglifikoari: “Faraoiaren ametsa eteten duen oro heriotzaren hegoek kolpatuko dute”.

Hauxe da, laburbilduz, C. Berlitz eta P. Vandenberg “adituek” faraoiaren madarikazioari buruz diotena. Bi horiek dira gaiari buruz gehien idatzi (eta gehien saldu) dutenak. Baina ikertu, ez dirudi gehiegi ikertu dutenik. Eszeptikoek erraz desegin dituzte madarikaziozaleen “frogak”.

Lehenik eta behin, Carnarvonen heriotza ez zen batere misteriotsua izan. Biriketako gaixotasun bat sendatzera joan zen Egiptora, hango klimak on egingo ziola pentsatuz. Gainera, hil baino lehen infekzio larri bat izan zuen. Heriotzaren ordu berean hiriko argiak itzaltzea ere ez da harritzekoa, 20ko hamarkadako Kairon elektrizitate arazoak oso ohikoak baitziren. Hildakoaren zakurra (zakurretako bat) lauzpabost ordu geroago hil zen.

Hildakoen zerrendari dagokionez, adibide batzuk baino ez ditugu hemen ipiniko: George Jay Gould Frantzian hil zen, ez Kairon. Arthur C. Mace egiptologoa hilobia zabaldu eta 5 urtera hil zen; 69 zituen. Momiari analisi guztiak egin zizkion Douglas Derry ez zen 1929an hil, 1939an baizik, 80 urtetik gora zituela. Alfed Lucas kimikaria 79 urterekin hil zen, hilobia ireki era 27 urtera. Howard Carter bera 1939an hil zen. Alan Gardiner filologoa bizirik zen oraindik aurkikuntzatik 42 urte pasa zirenean; eta inoiz ez zuen madarikazioaren hieroglifikorik topatu.

Aurkikuntza bera nahikoa ikusgarria ez balitz bezala, madarikazioaren kondaira berehala zabaldu zen, literaturak eta zinemak gizenduta; faraoien momiak beldurgarriak omen dira. Arthur Weigall arkeologoak idatzi zuenez, “faraoien madarikazioan sinesten duten hainbeste turista eta bildumazale egoteak sumindu egiten nau, izan ere, antzinako herrien artean, egiptoarrena gozoena, atseginena, izan zen”.