argia.eus
INPRIMATU
Arrastoak
2007ko ekainaren 24a

Gladiadoreak ehorzten zituzten eremu bat aurkitu berri dute Efeson (Turkia). Aztarnategi honetan, arkeologoek 67 gladiadoreen hezurdurak aztertu dituzte, eta horrenbestez, erromatarren garaiko ikuskizunik garrantzitsuenetarikoaren inguruan orain arte ezagutzen ez ziren zenbait xehetasun argitara eman dituzte. Aztertutako guztiak 20 eta 30 urte bitarteko gizakienak dira. Hainbat garezurretan hiru zauriren arrastoak aurkitu dituzte. Horregatik, hiruhortzekoarekin eraso zituztela ondorioztatu dute. Beste zauri batzuek, aldiz, forma errektangeluarra dute. Horrek esan nahi du pisu handiko mailu batez jo zituztela. Adituek uste dute kolpe horiek larriki zauritu eta sendatzeko aukerarik ez zuten gladiadoreei jotzen zizkietela; alegia, nolabaiteko eutanasia egiten zutela. Arrastoak, Vienako Medikuntza Unibertsitateko patologoek ikertu dituzte.