Arabarba frantsesen rhubarbetik, zein latinaren rheum barbarum, zein rhubarb grekotik, zein Ukrainako Rha ibaiaren izenetik, hau da, batelari ederrik baduen Volga ibaiaren izena denetik dator. Bere erribera zabaletan du nonbait jatorria prezioa igotzeko asmo soilez Asian arrunt haruntzagotik zekartela zioten belar honek. Erdi Aroan beltz erabili aurretik Mediterraneoko inperioen garaitan afrodisiako gisa gozo jo zioten landare honi.
Lurpean erreserba zorten ederra du eta neguoro desagertzen bada ere urtetik urtera kementsuago berritzen da. Hosto gero eta handiagoak, metro bete artekoak izan daitezke, eusten dituzten txorten gorri antzak dira jaki: mermelada, dultze, konpota… Barrabas-edo Txomin-belarraren senide haren tankeran azido oxaliko franko du eta honek hortzetako esmaltea gogor erasotzen du. Udaberrian zenbat eta lehenago jan azidotan eskasagoa denez, badakizu… Esaerak dio behin ekainean sartuz gero haren garraztasunaren xarma ahazteko. Ametsetan arabarba tartean baduzu jakizu: lantzen ari bazara gustuko gauzak izango dituzu inguruan, sukaldean ari bazara berarekin lagun bat galtzerainoko liskarretan arituko zara eta amets horietan arabarba jaten ari bazara duzun lanarekin gustura ez zauden seinale.