Afrika: deforestazioaren bideak

  • Azken hiru hamarkadatan sateliteek hartutako irudiei esker, ikerlariek Afrika erdiko deforestazioaren progresioa neurtu dute.

    Gero eta bide gehiago egiten ari dira Afrika erdiko baso hezeetan egurraren ustiapena dela eta, batez ere mahogany bezalako egur noblea lortzeko. Horregatik gero eta baso gutxiago geratzen da. Deforestazioaren aurrerakada neurtzeko 1973tik 2003ra bitarteko 300 irudi –denak sateliteetatik egindakoak– erabili dituzte ikerlari estatubatuarrek; guztira 4 milioi metro koadroko azalera aztertu dute.
Nadine Laporte eta bere lankideek baso ustiapenerako 51.916 kilometro katalogatu dituzte Kamerunen, Erdiafrikako Errepublikan, Ekuatore Ginean, Gabonen, Kongoko Errepublikan eta Kongoko Errepublika Demokratikoan. Zientzialariek sailkatutako bideak Erdiafrikako bideen %38 dira.

Aldaketarik garrantzitsuenak Kongoko Errepublikan gertatu dira. 1976 eta 1990 bitartean urtero 156 km berri eraikitzen zituzten bertan; 1990 eta 2000 urteen artean urteko 660 km berri eraiki zituzten. Kongoko Errepublika Demokratikoan dute baso eremu handiena, Erdi Afrikako guztiaren %63. Eta bertan 1986 eta 1990 artean urteko 336 km berri eraiki zituzten; 2000 urtetik gaurdaino urteko 456 km berri eraiki dira.

Gaur egun, aipatu basoen herena (600.000 km koadro) ustiatzen ari dira eta %12 baino ez dago babesturik. Gainera, ustiatzea errazteko zabaltzen diren bideak oso egokiak dira legez kanpoko ehiza egiten dutenentzat eta horrek ere ekarri du hainbat espezie desagertzeko zorian jartzea.

Haririk gabeko argia ...

Marin Soljacic eta André Kurs fisikari estatubatuarrek joan den urtean adierazi zuten haririk gabeko argia posible zela teorikoki. Aurten teoria praktikara eramanez inora konektatubako 60Wko bonbilla bat piztea lortu dute.

Erresonantzia magnetiko nuklearra eta ezaguna den teoria bat erabili dituzte horretarako. Hots: bi gailuk era berean bibratzen badute posible da beraien artean energia transmititzea.

Elektrizitateak ez bezala erresonantzia magnetiko nuklearrak oso eragin txikia du izakiengan, eta horretan datza aurkikuntzaren garrantzia.

Sistema horri ikusten zaizkion berehalako aplikazioak telefono eta ordenagailu eramangarrien kargatzean daude. Aparailu horiek inora konektatu gabe kargatzeko modua izan liteke etorkizunean.

ASTEKARIA
2007ko ekainaren 24a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#4
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Eguneraketa berriak daude