Euskal Herriko maitagarri-ipuinak bildu dituzu oraingoan.
Bai baina, aizu, Maitagarri ipuinak deitzen diegun arren, Gorrotagarrien ipuinak ere badira.
Zaku bete hauts liburuan agertzen diren ipuin gehienak izugarri gogorrak dira, tradizioan kontatu izan diren bezalaxe. Hau da, norbaiti eskuak mozten badizkiote, hori esaten da. Bravanteko Genobebaren hartan kontatzen dena bezala: ama umeekin basora bota, eskuak moztuta utzi... Horrelakoak ere agertzen dira ipuin hauetan.
Bestelakorik ere agertuko da, noski?
Bai. Azkartasuna. Heroiak, pertsonaia ahulak bere buru azkartasunaren bidez nola gainditzen dituen probak, gorrotagarriak menderatu arte.
Eta gorrotagarrienetan gorrotagarriena, nor da?
Nik uste dut pertsonaiarik bortitzena Zirto erregea dela: diktadore nazkante bat besterik ez da, nahi dituenak hiltzen dituena... Eta betiko istorioa: alabaz maiteminduko da heroia, aitaren jazarpena jasango dute biek, eta abar. Honelako istorioak daude liburuan bilduak. Beste bat:
Amak hil nau, aitak jan nau / arreba poxpolinak piztu nau. Gure arrasto antropofagikoak daude hor: amak hiltzen du, eltzean egosten du, eta aitari ematen dio jateko. Kanibalismoaren oihartzun garbia. Ipuin berean, gero, alaba panpoxak neba berpiztu egiten du: hor dago mito zaharrek berriz osatzeari buruz ziotena; azterketa sinbolikoak eginez gero, haurtzaroaren galera eta bizimodu berri bat hastea izan liteke. Ipuin hau nik Joxe Mari Satrustegiren eskutik ezagutu nuen.