argia.eus
INPRIMATU
The Killministers
«Rock-and-rolla handia izatera bueltatzea, ghettoetatik ateratzea nahi dugu»
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2021eko uztailaren 12a
The Killministers taldeko bi kide

Izena lehenengoz entzundakoan Motörhead taldeko abeslariarekin lotu zintuztedan haren abizenaren antzekotasunagatik… Baina, zer daukazue ministroen kontra?


Ministroen kontra denetik dugu, baina hori ez da izenaren jatorria. Motörhead-eko Lemmy Kilmister-engatik jarri genuen izena, baina nahastu ginela ohartu ostean ez genuen aldatu.

Batzuentzako rockeroegiak; eta punk-rockeroentzako melodikoegiak. Horrela sentitzen al zarete, inoren eremuan?


Bai, bete-betean eman duzu. Hala sentitzen gara. Estilo asko eta bariatuak ditugu gustuko, eta badirudi ez daukagula leku finkorik rockaren eszenan. Horretan ere Motörhead modukoak gara: haiek heavyentzako rockeroak, eta rockeroentzako heavyak ei dira.

Rock-and-rollaren inguruko poseaz paso egiten duzue?


Take me home abestian hitz egiten dugu rock-and-rolla elitista eta kopuru txiki batentzat izatea nahi dutenen gainean. Rocka guretzat ezin da moda edo arauez betetako ezer izan. Guk nahiko genuke rock-and-rolla handia izatera bueltatzea, ghettoetatik ateratzea.

Abestien iraupenak ez dituzue mugatzen; garatu egiten dituzue...


Batzuetan fresko dauden bitartean grabatzea gustatzen zaigu. Bestalde, uste badugu abestiak intentsitaterik ez duela galtzen nahiz eta luzea izan, hala egiten dugu.

Euskadi Gaztea-ko lehiaketan finalista izateak lagundu dizue?


Ez dut uste oso garrantzitsua izan denik. Gure egorako bultzadatxo bat, behar bada...

Gustura gelditu zarete emaitzarekin?


Oso sinple egin dugu: oinarria guztiok batera jo eta gero, ahotsak, punteoak eta organoa gehitu, nahastu apur eta listo. Gustura gaude.


Ingelesez abesten duzuen arren, kritika gogorrak sartu dituzue hitzetan: tratu txarren kontra....
Bai, ingelesez abestu arren ez genuen nahi bakarrik I love you esan. Horrek ez gaitu mugatu hitzak idazterako orduan, nahiz eta jende askok hori pentsatu.