argia.eus
INPRIMATU
Osasun publikoa
Juan Mari Arregi 2013ko maiatzaren 03a
EAEko osasun publikoko langileek lehengo astean hainbat mobilizazio egin zituzten gizartearentzat oinarrizkoa den zerbitzu honetan baldintza hobeak eskatzeko. BAMEkoen –barruko mediku egoiliarren, gaztelaniaz MIR– gatazka egun batzuk lehenago amaitu zen. Hau guztia osasun publikoa duela urte batzuk esaten zen bezain eredugarria ez den seinale da. Zerbitzuen eskaera izugarri igotzen ari da. Azpiegitura asko zaharkituta geratu dira. Duela bi hamarkada zaintzen zen biztanleria kopuru bera zaintzen da gaur egun, baina ospitaleetan %22 ohe gutxiago dago, batez besteko egonaldi-denbora gutxitu egin delako. Era irrazionalean hazi dira guardiak. Langileek gehiegizko tentsioa dute beren jardueretan eta arretaren kalitateak okerrera egin du. Ospitaleetako larrialdietan kolapsoak sortzen dira, hauetara geroz eta maiztasun gehiagorekin joaten baitira gaixoak, lehen mailako arretan izaten diren atzerapenez gogaituta. Egoera hau aldatzeko, inbertsio handia egitea beharrezkoa da. Inguruko herrialde europarretan dituzten BPGen (Barne Produktu Gordina) portzentajeetara heldu beharko genuke. EAEko osasun publikoko gastua, BPG kontuan hartuta, %4,2an dago; Espainiako Estatukoa, aldiz, 5,7an eta Frantziako Estatukoa eta Alemaniakoa, %8an. Gastu publikoan lehentasunak ezarri behar dira. Adibidez, osasun publikoak baino diru gehiago jasotzen du EITBk. Gainera, sozietateen gaineko zergak gutxitzen jarraitzen dute, eta esango dute ez dagoela dirurik osasunean inbertitzeko. Ezta beste giza zerbitzuetan ere! Politika neoliberalaren ispilu da.