Miñaoko hegazkin laborategia Europan aitzindari

  • Aste gutxi barru egongo da prest Teknologia Aeronautikoen Zentroak (CTA) sortutako laborategi aeronautikoa. Miñaoko Teknologi Parkean (Araba) egongo da laborategia eta sektoreko hiru enpresa garrantzitsuenek sustatu dute sorrera: Aernova, ITP eta Sener. Lehenengo lanak Airbus enpresarentzat izango dira. Airbusek, besteak beste, zama-lanetarako hegazkin militarra egiten du Europako partzuergoarentzat, A-400-M hegazkina.
Euskal Herriko aeronautika sektorea oso azkar ari da “hegan” egiten, eta badirudi bere urrezko aroan dagoela. Azken zortzi urteetan irabaziak bikoiztu egin ditu. 6.300 langile baino gehiago ari dira sektorean eta kopurua bikoiztu egin da azken urteetan. Miñaoko Teknologi Parkean egiten ari diren laborategi aeronautiko berria horren erakusgai da. Teknologia Aeronautikoen Zentroak (CTA) sortu du laborategia eta, Europan, aitzindaria izango da. Inaugurazio ekitaldia abuztuan egitea aurreikusi dute, baina, aurretik, laborategian egongo den tresneria doitu eta probak egin beharko dituzte, guztia martxan jarri ahal izateko.

CTA sektoreko hiru enpresa garrantzitsuenek sustatzen dute: Aernova, ITP eta Sener enpresek. Aernovak Gasteizen ere baditu instalazioak, eta Gamesa enpresaren aeronautika ataletik jaio zen. Haren kapitala Gamesatik eta Castilla La Mancha aurrezki kutxatik etorritako kudeatzaileen artean banatuta dago. ITP eta Sener enpresek Bizkaian dituzte instalazioak, eta, oso ezagunak izateaz gain, esperientzia handia dute sektorean. Hiru enpresek 1997tik dute teknologia zentro espezializatua, CTA deritzona, eta bi egoitza ditu CTAk, Miñaoko eta Zamudioko parke teknologikoetan bana. Arabakoan, laborategi berriaz gain, egitura probak egiteko zentro bat dute, gainera. Bizkaikoan, motorren saioak egiten dituzte. CTAk 3,6 milioi eurorekin itxi zuen azken ekitaldi ekonomikoa, %12,5eko igoera izan zen hori. Egun, goi mailako prestakuntza duten 40 langile ditu, eta 60 langile izatera hel daiteke.

Laborategi berriaren gakoak

Laborategi berria Miñaoko Teknologi Parkean dago eta, Europan, erreferentziatzat jotzen da. 2007an, 2,3 milioi euro inbertitu dira laborategi hori egin ahal izateko. 8.200 metroko lursaila hartzen du eta 200 metroko azaleran egin dituzte eraikinak. Laborategian, saioetarako bi gela daude elkarren ondoan. Hamabost metroko altuera dute gelek, pieza edo atal handiekin lan egin ahal izateko. 450 metroko hiruki formako eta bost metroko altuera duen gela bakarrean atxikita daude bulego teknikoak. Hegazkinen atalen “bizitza oso azeleratu”ko saioak egingo dira laborategia horretan. Goi teknologiaz hornituta egongo da, HALT delakoaz.

Dagoeneko, munduko eraikitzaile garrantzitsuenek eskatu dute goi teknologia hori, esate baterako, Boeing eta Airbus enpresek, eta, Ipar Amerikan horrelako laborategiak badauden arren, Europan aeronautikaren industriarako horrelako zerbitzu aurreratua eskainiko duen lehenengoa izango da.

Zein da laborategi horren gakoa? Teknologia berri horiekin egingo dituzten saioek hegazkinetako piezak egiaztatzeko denbora murriztuko dute. Hegaldiak hasi baino lehen, hegazkinaren pieza guztiek azterketa zorrotzak gainditu beharko dituzte muturreko egoeretan. Zertarako? Pieza bakoitzaren mugak ezagutzeaz gain, haien benetako iraupena ezagutzeko, arazoak sortu eta hegazkina arriskuan jarri baino lehen. Orain arte, piezak aztertzeko sistema tradizionalek lau hilabete eta urtebete bitartean irauten zuten, eta, Euskal Herriko laborategiko teknologia berriarekin, denbora hori %90 txikituko da, adituek diotenez. Are gehiago, kasu batzuetan, astebete baino ez dute iraungo.

Airbusen A-400-M hegazkinerako lehenengo lanak

Lehenengo bezeroa Airbus izango da, Espainiak bere filialaren bidez lortu baitu kontratua egitea, hau da, Sistema Aeronautikoen Espainiako Konpainiaren (CESA) bidez. A-400-M zamalanetarako hegazkin militarra izango denaren osagai hidrauliko eta mekanikoak helarazten hasiko zaizkio laster. Horregatik, laborategia prestatu ondoren, hegazkin militarraren egiturako zatiak sartzen hasiko dira laborategiko proba geletan. Lau motorreko hegazkina da; 42 metro luze da, eta 32 tonako pisua du. Euskal Herriko enpresak Airbusekin sinatu duen kontratuaren arabera, hiru milioi euro irabaziko ditu, eta 2010 arte izango du lana.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude