Josu Chueca historialari nafarrak Gurs. El campo de los vascos liburua idatzi du. Txalaparta argitaletxearekin kaleratutako liburu horrekin, ofizialki harrera-esparru gisa izendatutako baina errefuxiatu-esparru bihurtu zen Gurs-eko eremuan euskaldunek bizi izan zituztenak gogorarazi nahi izan ditu Chuecak. 2.745 euskaldun inguruk “inauguratu” zuten Gurs-eko esparrua.
Alfredo de Estéfano argazkilari mexikarraren erakusketa paratu dute Iruñeko Contraluz galerian, Diálogos con la tierra (Elkarrizketak lurrarekin) izenburupean. Hilaren 30a arte ikusgai izango den erakusketa horretan, basamortuaren ikuspegi berezia eskaintzen du De Estéfanok.
Pedro Alberdi eibartarrak irabazi du Bilboko Udalak antolatzen duen Miguel Unamuno saiakera saria, Carlos esaten zioten gizona lanarekin. Alberdik 50 eta 60ko hamarkadetako Eibarko gizartea berregin du bere saiakeran, Mario Onaindia politiko eta idazlearen bizitzaren bitartez. Gaztelaniazko lanen artean, Lorenzo Alvarez de Toledo madrildarrak jaso du lehen saria, De manzanas y serpientes lanagatik.
Esther Barandiaran eta Itxaso Aristizabal piano jotzaile irundarrek Aita Madinak idatzitako konposizio ezezagunenak, orkestrarako eta ahotserako sortutakoak, berreskuratu dituzte hainbat hilabetetako ikerketaren ondoren. Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak proposatutako lan horren emaitzarekin Saski-naskiren hotsak egitaraua prestatu dute.
Teatro Gorakada antzerki konpainiak Gondola misteriotsua obra estreinatuko du ekainaren 20an Zizur Nagusiko kultur etxeko plazan. Gianni Rodari idazle italiarraren La gondola fantasma ipuina du oinarri. Veneziako Pionbiko gartzelan Ekialdeko printze bat preso sartzearekin hasten da istorioa.