Horren diferenteak ote gara, bada, gizonak eta emakumeak? Errealitate maskulino bat eta beste errealitate femenino bat bereizi behar ote dira, akaso? Erantzuna baiezkoa da, bi kasuetan, Louann Brizendine neuropsikiatra iparramerikarraren iritziz, eta horren guztiaren "errua" biologiak izango luke; hormonek, zehatzago esateko.
San Frantsizkoko (AEB) Unibertsitatean Emakumeen Klinika Hormonaleko sortzailea eta zuzendaria da Brizendine aspaldiko urteotan, eta Europara etorri berri da Emakumeen garuna edo garun femeninoa bere liburua aurkeztera. Espainian RBA argitaletxeak kaleratu duen obra horrek eztabaida ugari piztu du bere jatorrizko herrialdean, eta itxura guztien arabera, hemen ere hautsak harrotuko dituela esan genezake, kale egiteko beldur handirik gabe.
Gure neuropsikiatra herriz herri ibili da, bere azalpen teorikoak bestelako esperimentu praktikoekin nahasten. Bere maletan daraman plastikozko masa grisarekin, emakumearen garunean gertatzen diren erreakzioak zergatik eta nola gertatzen diren azaltzen saiatzen da. Bere iritzian, hipokanpoa izeneko garunaren atala –bertan osatzen dira emozioak eta baita memoria eta oroimena ere– handiagoa da emakumeengan, eta, beste muturrean, gizonek 2,5 aldiz gehiago eskaintzen diote euren garunean bulkada sexualak kontrolatzen dituen eremuari, eta beste puska eder bat oldarkortasunari.
Hilekoaren inguruan agertzen diren sintomak –hilekoaren aurreko sindromea– azaltzeko, neuropsikiatraren iritzian garai horretan emakumearen garun-zati batzuek %25erainoko aldaketak izaten dituzte. Eta aldaketa horiek, jakina, emakumearen jarreran islatzen dira. Gizonen eta emakumeen arteko alde gehiago ere aurkitu ditu: emakumeetan handiagoa da komunikazioen zentroa –%11 neurona gehiago mintzairaren eta entzumenaren zentroetan– eta baita emozioena ere; gizonak, aldiz, arrazionalagoak omen dira, baina baita autistagoak ere.