Platinotipia izeneko teknika erabiltzea "arriskutsua" dela diote. Oso argazkilari gutxik kontrolatzen duela, eta Isabel Muñoz kataluniarra dela horietako bat. Emaitza politak lortzen dituela. Ez dabiltza oker. Donostiara ekarri dituen formatu handiko kopiak zoragarriak dira, definizio eta kalitate ederrekoak. Zuri-beltzekoak dira argazki gehienak. Pertsonalitate handiko erretratuak dira batzuk, Etiopiako tribuetako eta El Salvadorreko penaletan dauden Mara taldeetako kideenak kasu. Sugerenteak eta plastikotasun handikoak beste batzuk. Egipto, Kuba, Brasil eta Argentinako dantzen inguruko serieak dira horren adibide. Salbuespenak salbuespen, ederrak dira argazki guztiak. Forma, tono eta konposizio bikainekoak. Giza gorputza da protagonista nagusia. Begiradak, ipurdi eta bizkarralde biluziak, armoniatsu mugitzen diren beso eta oinak... eta larruazala. Muñozen erretratuetan sarri ageri dira tatuaiak, erritu-markak eta pintura tribalak marrazturik dituzten pertsonak. Batzuei darien izerdia ere usain daiteke ia. Eta zer esanik ez Buenos Aireseko kale kantoi batean tangoa dantzatzen ari den bikoteak sortzen duen zirraraz. Emakumeari oilo-ipurdia antzematen zaio bizkarrean.
Zoragarria.
Koloretako argazkiak ere jaso ditu erakusketak. Iranen atera zituen irudi horiek Muñozek, 2003an, lurrikara batek Bam hiria astindu ondoren. Istorio dramatikoak gordetzen dituzte, baina argazkilariak kolorearen aldeko hautua egin du. Agian, dramatismoa ez, errealitatea eman nahi izan dielako baizik. Irango argazki bildumaren harira, Kubo-Kutxa aretoan ordu erdiko dokumental hunkigarria proiektatzen dute, pantaila handian. 2003ko lurrikaran arreba galdu zuen mutila da protagonista. Irudi bakoitzaren atzean istorio gogor bat dagoela konturatuko gara, eta argazki on bat lortzeak gutariko askok uste baino lan eta denbora gehiago eskatzen duela.
Erakusketan beste bi bideo daude ikusgai. Making off izenekoan, Muñozek erabiltzen dituen kamera, film eta teknikak ezagutuko ditugu. Argazkilari kataluniarrak batez ere formatu ertaineko kamerekin –Hasenbald eta Mamiya markakoekin– eta Canon markako kamera digitalarekin egiten du lan: “Mundu analogikoan jarraitzen dut; digitalak irudien kalitatea hobetzeko aukera ematen dit”.
Hirugarren bideoa esklabutzari buruzko argazki seriearekin loturik dago. Kanbodiako neskatila eta emakumeen erretratu txiki piloak osatzen du protesta-bilduma hori.