Azzam Al-Ahmed: «Okupaziopean segi baino hobe dugu zerotik hastea»

  • Azzam Al-Ahmed Romane herrixkan jaio zen (Jenin), eta gogoan du hango olibondo bakoitza, hango meskita atzea, eta jolaserako erabiltzen zuten lur puska oro. Herritik alde egin beharrean izan zen, eta Jordanian bizi izan zen OLP (Palestinako Askatasunarentzako Erakundea) sortu eta Palestinara itzuli arte. Sei ministeriotatik pasa ondoren, lehen ministro-orde da Al Fata eta Hamasen arteko koalizioko gobernu berrian. Gobernuko bigarren gizona da, baina Haniyeh ezin denez Gazatik atera, Azzam Al-Ahmedek egiten ditu Zisjordanian lehen ministro lanak.
Azzam Al-Ahmed
Txomin Txueka

Amari esan zenion haurra zinela, “ama, nik politikari izan nahi dut”?


Ez, ni etxe politiko batean hazi bainintzen. Nire aita Jihad el Moqatedeko lider bat zen Palestinan, eta etxeko kultura guztia politikoa zen. Oroitzen naiz umetan hasi nintzela egunkariak irakurtzen, eta Al Fatako kide egin nintzen zazpi urterekin. Bizitzarekin batera ezagutu nuen politika, eta eskolan geundenean ere, Zisjordania Jordaniako parte zenean, gure bizitza bukaerarik gabeko manifestaldia zen.

Zure besoak ere ibiliko ziren harriak botatzen…


Hiru oroitzapen nagusi ditut. Lehena, eskolan nengoenean atxilotu nindutenekoa. 1964an, Burgibak Jericho bisitatu zuenean hitzaldi ezagun bat eman zuen, eta oroitzen naiz nola manifestatzen ginen. Polizia atzetik segika etorri zitzaigun, eta lehen ogi labea zegoen leku batean gorde ginen, baina alferrik. 1966an israeldarrek Jenin inbaditu zutenean erasoa gure etxe aurrean gertatu zen, eta ni soldadu israeldarrei begira egoten nintzen. Hirugarrena, 1967an, batxilerrean nengoen eta okupazioaren lehen egunetan manifestaldiak egiten ibili ginen, soldaduekin borrokan, eta harriak botatzen. Ordurako Al Fatako zelula bat osatua genuen Jeninen, Zisjordaniako Al Fatako lehen zeluletako bat. Nire familiako bat Al Fatako beso armatuan zebilen eta edozer gauza behar zuenean niri galdetzen zidan. Artean gaztea nintzen eta ez nuen inongo ekintza armatutan parte hartu, baina Palestinatik Jordaniara atera eta gero lana ugaritu zen, eta buru-belarri sartu nintzen borrokan.


Palestinarrek sinesten al dute politikan?


Bai, uste dut orain herriaren kontzientzia pixka bat nahastua dagoela gertatzen ari denaren eta desio duenaren artean, baina ezkorrenak ere oraindik sinesten du politikan.

Baina OLP eta Al Fata ustelkeriak jota egon direla jakina da. Gaur egun zenbatekoa da ustelkeria ?


Badago ustelkeria, baina oso kopuru txikian. Eskuak zikindutakoak bi eskuz kontatzen dira goi karguen artean. Gehienak bidetik kendu genituen eta beste batzuk berak apartatu ziren. Garbi esango dut, ustelkeria guri laguntzen ziguten herriek ekarri zuten. Eta orain ere, arduratsu izateko galdetzen ari zaizkigun batzuk ustelkeriari laguntzen ari dira. Ezin nezake esan zein herri diren korruptuak hautatzen dituzten laguntzaileak, baina zenbaitek nahiago dituzte korruptuak hemen. Gu alertan gaude.

2006ko hauteskundeak Hamasek irabazi zituen, eta Al Fatari kosta egin zitzaion hori liseritzea. Zuk nola erreakzionatu zenuen emaitzak jakitean?


Barne beldur bat sentitu nuen. Nahiz eta nire eremuan nik erraz irabazi nuen hauteskunde haietan, beldur nintzen benetako bizitza parlamentario bat egongo ote zen Hamasen garaipenarekin. Nik uste dut Hamasekoak beren garaia baino lehen iritsi direla, eta aski egoera arraroan. Israelek eta AEBek kale palestinarrean utzi duten etsipenak ekarri ditu.

Esaerak dio herri bakoitzak merezi duen presidentea duela. Haniyeh eta Abbas dira Palestinak merezi dituenak?


Nik uste dut Palestinak hori baino gehiago merezi duela.

Bilerak bideo konferentziaz egiten dituzue, ministro gehienak Gazatik ezin aterata bizi baitira, lehen ministroa barne. Noiz egon zinen azkena lehen ministroarekin?


Gobernua osatu zenean. Baina etengabe hitz egiten dugu telefonoz.

Gobernua koaliziokoa da, baina Palestinako kaleak ez du batasun itxura handirik, batez ere Gazan. Lelo zahar batek hala dio: “Zatitu eta garaituko dituzu”. Barne gatazka osoa Israelek sortua da?


Nire ustez Israelek hasieratik parte hartu du Palestinaren barne gatazka honetan, bera egon da xaxatzen. Hamas sortu zenean ere, Rabin zen defentsa ministroa, eta berak lagundu zion Hamasi sortzen eta hazten. Orain behera bota nahi dituen azpiegitura horiek denak berak zabalduak dira.


Yasser Arafat omen zen palestinar guztiak batu zitzakeen pertsona bakarra. Gaur egun, inork ez du halako gaitasunik?


Ez dago Arafat bezalakorik. Arafat fenomeno bat zen, eta Arafaten fenomenoa gaur egunean ez da existitzen. Ni bere ondoan bizi izan nintzen, auzoz auzo, hogeita bost urtean, eta Bagdaden enbaxadorea nintzenean ere bere idazkari izateko eskatzen zidan. Oso hurbiletik ezagutu nuen. Arafatek ez zuen kezka pertsonalik, bere kezka bakarra Palestina zen, eta dena emateko prest zegoen Palestinaren alde. Indar handia zuen jendea beregana erakartzeko, baita bere etsaiak erakartzeko ere. Batzuetan pertsona xume bezala eta bestetan pertsona handi bezala ikusten nuen. Nik beti esan izan dut: Arafat pertsonaia asko dira pertsona bakar batean bilduak.

Osloko Arafat ez dute oso gogoko palestinar askok.


Ni han nengoen orduan, Oslon, eta gainera Oslo babesten zutenen alde, pentsamendu sionistaren erorketaren hasiera zela sumatu bainuen, eta oso baikor nengoen estatu palestinarraren sortzeari begira. Baina gertaerek erakutsi didate nire baikortasuna handiegia zela. Batez ere Rabinen heriotzaz gero. Israeleko eskuinak parlamentua eta boterea kontrolatu zituen, eta gure esperantzak lurrundu egin ziren. Oroitzen naiz Arafat hil baino bizpahiru hilabete lehenago, eskuetan azaleko gaitza zuela eta eguzkitan eseria aurkitu nuen. Berekin eseri nintzen hizketara, eta oso etsita nengoela esan nion, esperantza behera zetorkidala. Oslo amu bat bezalakoa izan zela, amerikarrek eta israeldarrek palestinarrei jarritako amua OLP arrantzatu eta Palestinari lepoa bihurritzeko. Amerikak Kuwait erabili zuen bezala Irak arrantzatzeko. Eta Arafatek Saddam oso maite zuenez, nik hori esatean, urduri jarri zen, “Rabin existituko balitz...” esan zidan. “Balitz esan duzu, hori alferrik da –erantzun nion–. Nork daki Rabinen erailketa ez ote zen antzerkiko gidoian idatzitako zati bat?”. Are urduriago jarri zen, eta teman segitu zuen, bazegoela esperantza, eta bakea helduko zela. Baina sumatu nion ez zitzaidala egia esaten ari.


Orain Mahmoud Abbas munduan zehar jiraka ibiltzen den artean nazioarteak ez du Hamas parte den gobernu palestinarra onartzen. Zuzenean nolako tratua jasotzen duzue nazioartetik?


Harreman asko dugu. Ni Al Fatako ordezkaritzako kide nintzen Mekako akordioak izenpetu genituenean, eta akordioak izenpetu eta gero sumatu nuen bazela gurekin kolaborazio baikor baterako aukera, batez ere Europa aldetik, eta amerikarrekin ere esperantza piztu zitzaigun, baina astebete beranduago dena aldatu zen. Olmert eta Bushek telefonoz elkarrekin hitz egin eta konplikazioak sortu ziren. Akabo. Israelek ez du blokeoa bukatu nahi, eta amerikarrek beti men egiten dute Israelen xantaiaren aurrean. Eta gero AEBek bere eragina eramaten dute Europara, eta mundu arabiar guzira. Horrela lurperatzen da aterabiderako edozein aukera.

Eta noiz arte segitu liteke horrela?


Nik uste dut hiru hilabete eman behar zaizkiola egoera honi, gehiago ez, eta ez bada blokeoa bukatzen palestinarrok orain arte egindako guzia berrikusi beharko dugu; gure politika, gure gobernua, eta PANen existentzia bera. Ezin gara izan gure kasua likidatzeko okupazioaren eskuko erreminta. Lehen ministroak ere gauza bera esaten du. Nik ezin nezake gerrara deitu, eta ez dut deitzen, baina gu zerotik hasi ginen hona iristeko, eta okupazioaren menpe segitzea baino hobe izango da berriz zerotik hastea.

Eta mundu arabiarrak zergatik ez du ahotsa gehixeago altxatzen?


AEB estaturik handiena da munduan eta prest dago bere indarra edozeinen kontra erabiltzeko, baina nik uste dut Europak eta arabiarrek zerbait egin dezaketela AEB behartzeko, AEBek zerbait onartzeko, nahiz eta lehen potentzia mundiala izan.

Zuek blokeo ekonomikoak itota bizi zareten artean Israel bi miliar dolarreko kostua duen horma eraikitzen ari da Zisjordania eta Gaza itxiz. Zer egingo ote luke zuen gobernuak bi miliar dolar (0,8 miliar euro inguru) balitu?


Buf… Ni Herri Lanen ministro izan nintzen, eta ministro nintzenean pentsatu nuen hiru hiri sortzea, eta komentatu nion Arafati ere. Bazen beste proiektu bat AEBek sortua, Nabulusetik Jeninera autobia egiteko proiektua. Jeninetik Nabulusera 45 minutuan iritsi beharrean 20 minutuan iritsiko ginen. Programa horiek plantan jarri genituen baina lanean hasi baino lehen amerikarrek dena gelditu zuten. Eta sei milioi dolar gastatu zituzten proiektu hori prestatzen, pentsa. Nik uste guk bi miliar dolarrekin hiri oso bat eraikiko genukeela.

Posible al da emakume bat Palestinako lehen ministro edo lehendakari izatea?


Hauteskundeak irabazten baldin baditu, zergatik ez? Hemen emakumea beste herri arabiar batzuetan baino egoera hobean dago, eta emakumeak parte hartu zuen OLP sortzen. Ni emakumearen berdintasun osoaren alde nago, kargu altu guzietara iritsi dadila.


Enbaxadore izan zinen urtetan Iraken. Bagdad telebistan ikusten duzunean zer datorkizu burura?


Iraken gertatu zen guzia aurreikusia nuen nik, eta esan nien gainera amerikar buru guztiei: “Erraz okupatuko duzue, baina harritu egingo zarete gero, ez duzuelako egoera ezagutzen. Irakeko egoera soziala oso berezia da. Irakiarra oso nortasun handikoa da, bere herriaz harro dagoen pertsona, eta harritu egingo zarete sartu eta gero”.

Saddam Hussein ezagutu al zenuen?


Noski, maiz egoten nintzen berekin, eta azkena 2002ko abenduaren 20an, gerra hasi baino hiru hilabete eta erdi lehenago. Milaka argazki ditut berekin atereak, baina azken oroitzapeneko argazki horretan gogoan dut zer esan zidan, literalki: “Amerikarrek erabakia daukate gerra egitea, Irak okupatuko dute, baina lasai, antolatuko dugu erresistentzia”.

Zer pentsatu zenuen hil zutenean?


Negar egin nuen, eta gaizki sentitu nintzen. Baina atxilotu zuten momentutik nekien hala bukatuko zuela.

Mendebaldean oso satanizatua dago. Baina Palestinan oso pertsona gurtua da…


Gu Saddamekin lotzen gaituena Palestina da. Ni urte askoan egon nintzen Bagdaden enbaxadore, eta hasieran gure harremana Baath alderdiarekin oso txarra zen, Saddam ez zen nire laguna, eta preso ere hartu ninduten segurtasun indarrek. Baina gero Arafatekin elkartu zen, eta Saddamek berak aldatu zuen gurekiko politika. Oso ondradua zen, asko laguntzen zigun, eta nik enbaxadore bezala badakit Irakek guri emandako laguntza zenbatekoa izan den; bai dirua, bai babes politikoa, eta bai armak. Une zailenetan lagundu zigun, eta azken laguntza gerra hasi baino hiru hilabete lehenago eman zigun, Arafat preso zegoenean Mukatan. Saddami errespetu handia diot nik, berak bere herria lagundu zuelako, lehenik eraiki, eta gero aberastu. Berari buruz esaten den guzia gezurra da, nik pertsona umil bezala oroitzen dut. Pentsa, bera, Arafat eta hiruak elkartu ginen batean, berak prestatu zigun afaria, eta ni ziur nago ez zuela inoiz jauregi batean lo egin.

Bushek deituko balu zure telefonora zer esango zenioke?


Esaten duzu fede gizona zarela, eta batzuetan Jainkoarengandik mezuak jasotzen dituzula, baina nik uste dut Jainkoa ezin daitekeela injustua izan. Zure politikan, aldiz, ez dut gerra besterik ikusten, injustizia, eta odola, eta ez Palestinan bakarrik, ibili zaren leku guztietan, Iraken, Afganistanen, eta besteetan. Ramboren mentalitatea utzi egin behar duzu, eta ondradua izan behar duzu, lehenik zure buruarekin eta gero besteekin, eta egin ezazu esaten duzuna. Benetan demokratikoa bazara eta sinesten baduzu askatasunean, ez erabili zure esanak eta zure eginak nahi dituzun neurrira.


Euskal Herria ere gatazka luze batean murgildua dago. Palestinatik ikusten al da Euskal Herria?


Bai, noski, eta harreman handia dugu lehendik euskaldunekin. Guk gure askatasun ametsa dugun bezala, desio dugu euskaldunen ametsa ere gauzatu dadin. Guk gure herria nahi dugun bezala, Euskal Herria euskaldunek nahi duten bezalakoa izan dadin nahi dugu, inork ezer inposatu gabe.

http://www.argia.eus/palestina kanalean, bidaiari buruzko ikus-entzunezkoak.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irak
2023-04-09
Mendebaldearen izenean

20 urte bete ditu argazki honek, baita AEBek, Europako bere mariatxiek lagunduta, Irak inbaditu zutela. “Suntsipen handiko armak” hondatzea eta herrialdea “askatzea” izan ziren argudioak. Herrialde bat birrindu egin zuten: milioi erdi irakiar baino... [+]


Kurdistanen aurkako erasoak areagotu ditu Turkiak, gehiengoaren arreta Ukrainako gerran jarrita dagoela probestuz

Turkiak operazio militar berria abiatu zuen igandean Bashurren, PKK (Kurdistango Langileen Alderdia) desegiteko argudioarekin. Kurdistango Askapen Mugimenduak salatu du Ukrainako gerraren testuinguruan Kurdistanen aurkako erasoak areagotzen ari dela Turkia, eta horrez gain,... [+]


Droneekin milaka zibil hil eta isilpean pasa dituztela frogatu dute Pentagonoaren dokumentu ezkutuek

Gudarako droneen teknologian milioika dolarreko inbertsioak egin ostean, “historiako aire kanpaina zehatzena” iragarri zuen Barack Obama, AEBetako presidenteak. 2014tik gaur arte Pentagonoak bildutako dokumentuak aztertuta, ordea, “aire guda hau inteligentzia... [+]


Eguneraketa berriak daude