Dani Blanco
Era berean, nahiz eta konponbiderako alderdien mahairik ez den osatu, elkarrizketak burutu dira hilabete luzeetan konponbiderako ezinbestekoak diren hiru esparru politikoren artean. Baina PSOEk eta EAJk muzin egin diote, behin eta berriro, Ezker Abertzaleak mahai gainean jarritako proposamenari, eta batak elkarrizketak despolitizatu eta lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubideez hitz egitea ekidinez, eta besteak joko oso maltzurra erabiliz, porrotera eraman dute elkarrizketa eta negoziazio ahalegina.
Noizbait konturatu beharko dugu prozesuak ez direla hasten edo amaitzen su-etenen iragarpen edo hausteekin, ezta beste edozein eragileren ekimen, neurri edo jarrerarekin. Horiek guztiak prozesuaren baitan dauden gorabeherak dira, nahiz eta sarritan gogorrak edo ulergaitzak izan. Kontua zera da, gatazka politiko baten konponbiderako aukera bakarra elkarrizketa eta negoziazio prozesu demokratikoa dela, eta mila aldiz hankaz gora jarri arren, mila aldiz berreraiki beharko dugula, azkenean akordio politikoa eta benetako bakea lortu nahi badugu.
Egoera oso konplexu eta larrian gaudela onartu behar dugu, baina denborarik galdu gabe ekin behar diogu errealitate gordin honen gainean prozesua berreraikitzeari. Berriro zerotik hasi beharko dugula dirudi, baina espero dezagun hamalau hilabetetan zehar prozesua aurrera eramateko baldintza objektiboak egon direnean egin dugun konpon-bidaiaren porrotetik bakoitzak bere ikasgaiak atera izana, eta hausnarketa horretan azken hauteskundeotako emaitzak ere ondo aztertzea.
Horrez gain, funtsekoa izango da berriro ere herritarrek konponbidearen alde aitzindaritza hartzea, eta iazko apirilaren 1ean Bilboko kaleetan erakutsitako indarra berreskuratu eta prozesu demokratikoaren aldeko olatu erraldoia bultzatzea. Gaur atzo baino premiazkoagoa da.