Zabor-jana ez da berria

  • AEB, 1972. Center for Science in the Public Interest elkarteko buru Michael Jacobsonek junk-food (Zabor-jana) kontzeptua erabili zuen lehenengoz. Ordutik hona, hitz horien erabilera ohiko bihurtu da balio nutrizional txikia duten eta osasunari kalte egiten dioten jakiak izendatzeko. Zabor-jana ordea, 1972a baino askoz lehenago sortu zen, jaki horien zaleak bezalaxe.
Ezaguna da Erromako hainbat enperadorek, Neron buru zutela, elikadura ohitura osasungarriei muzin egin zietela. Asetu ondoren, goitika egin eta otordu amaigabeei jarraipena ematen zieten. Txolarrea saltsa gazi-gozotan eta txipiroi frijituak ohikoak ziren agintari erromatarren dieta koipetsuan. Saladino sultanak uneoro gozokiak jaten zituen eta, diotenez, Hirugarren Gurutzadan etsai zuen Rikardo Lehoi-Bihotz urdaileko gaitz batek hartu zuenean, udare eta abrikot konfitatuak bidali zizkion. Sultanak berak prestatu omen zituen gainera; militar, estatista eta mezenas bikaina izateaz gain, sukaldari trebea ere bazen. Rodrigo Borja (Alexandro VI aita saindua) fruta konfitatuen eta eztiz eta esnez egindako postreen zalea zen. Saladino gozozalea beti lirain mantendu zen, bere hiperaktibitateari esker; Borjaren profila, ordea, ederki borobildu zuen garai hartako zabor-janak.

Gurutzadaren ondoren, gozogintzaren loraldia iritsi zen Europara, azukrearekin batera. Mende batzuk lehenago Marco Polok pastak ekarri zituen Cataytik. Baina pastak eta beste gozoki italiar batzuk Katalina Medicik eraman zituen Frantziara, Henrike II.arekin ezkondu zenean. Katalinaren astrologo kuttun Nostradamus ere trebea zen sukaldean, eta koipez eta azukrez betetako hainbat errezeta bildu zituen. Nostradamus berak kremaz betetako pastelekiko adikzioa omen zuen. Ingalaterrako Henrike VIII.ak, ginger ale eta haragizko pasteltxoak etengabe hobetzeko eskatu zien sukaldariei. Marie Antoinettek, berriz, petit fours eta bestelako gozokiak eskura izan behar zituen Versalles-eko lorategietan paseoan zebilenean. Otomandar Inperioko Ahmed printzearen dieta mahaspasa-taloek, ahuntz-esne sorbeteek eta ardoz betetako angurriek osatzen zuten. Ingalaterrako Jurgi IV.a izugarri gizendu zen pastelak janez, eta Jurgi VI.aren emazte Elizabeth-i "Galleta" ezizena ipini zioten jaki honi zion zaletasunagatik.

Baina zabor-jana ez zen soilik errege-familietan irensten. Giovanni Jacopo Casanovak, sexu-gosea bukatu zitzaioenean, pastak, anis-bonboiak eta kaneladun konpotak janez asetu zituen bere premia berriak. Sadeko Markesak ere bere zaletasunak aldatu zituen azkenean, Charentongo eroetxean zegoela: pasta, gozoki eta patata frijitu kantitate beldurgarriak jaten omen zituen. Gioacchino Rossini operagilea pizzak janez gizendu zen, Lord Byronen bizioa, aldiz, txokolatea zen, eta Mark Twain-ena kakahuete-gurina. Thomas Alva Edison asmatzaile handiak pastelak, kafea eta, bereziki, freskagarri karbonatatuak maite zituen.

Eta horrenbeste koipe eta azukre artean ito baino lehen, beste batzuek dieta begetarianora jo zuten. Baina hori beste kontu bat da.

ASTEKARIA
2007ko ekainaren 10a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude