Nabulusen, martiri izateko jaio zen

  • Ez da berdina Dublinen jaio, Bogotan, edo Malin. Edo jaio bestela Palestinako Nabulusen, ausartzen bazara. Nabulusen erori dena mundura, mutikoa bada, hiltzera kondenatua dago. “Denak gaude hiltzera kondenatuak”, esango didazu. Baina erantzungo dizut ez dela berdina Malin hil, Bogotan hil, edo hil Dublinen. Eta Nabulusen, tiroz eta misilez hiltzen dituztela hogei urteko mutikoak gauero.

    Mendi harrizko sehaska bat da Nabulus. Eta sehaskan itxita bizi den haurrak, zer egingo du ba, ez bada harriak hartu eta harriak bota. Harriak bota, eta harriak hartu, gauetan amets egiten uzten ez dioten gaiztoen kontra. Beldurrez jaiotzen dira haur txikiak Nabulusen, handitu, eta beldurrik gabe hiltzeko.
 Amine Labada hil zuten etxeko gela
Txomin Txueka
“Eskolan segitzeko esaten didazu? Baina zertarako? Etorkizunean pentsatzeko? Zer etorkizun? Gure etorkizunak zenbat egun dituela uste duzu? Ikusten dituzu nire bi eskutako hatz hauek? Bat, bi, hiru, lau, bost, sei… ba hainbeste egun! Honi etorkizuna esatea ere… Hitz laburragorik ez al du inork? Ez digute ahoskatzeko astirik ere emango! Beraz, zertarako segituko dugu eskolan? Badakigu eta laster hilko gaituztela”.

Aminen lagun batek egindako galderak dira, eta beren baitarik erantzuten dute. Aminek ezin izan zien galderei erantzun, gu iritsi baino hamar egun lehenago hil zuten laurehun soldadu eta bi gerra hegazkinek. Hogei urteko mutikoa. Azkeneko hatzera iritsi zen apirilaren 22 gauean. Baina aurreko lau urteak pasa zituen, israeldarrek esku bat lapurtu ziotenetik, etorkizuna bost egunetan kontatzen.

Ederra da ba Nabulus

Hain ederra ere. Bere alde zaharra, herritxo bat hiriaren erdi-erdian; urre saltzaileak pertsianak oxidatuta, eta laborarien fruitu freskozko piramideak, eta gizonezkoak eserita argilaren ke tartean hitzak kolokatuz. Kale erditik, haur txikiak amari eskutik helduta, atzeraka begira, gaua ba ote datorren. Baina ez dator oraindik, eta jendeak promenan segituko du, soseguzko pausoan, martirien argazkiz jantzitako hormen artean. Ederra da Nabulus eguzkipean. Baina ilargia ateratzen denean, kalean, martirien afixaz bakarrik gelditzen dira, fusilak tente, isiltasuna zelatatuz. Eta pendulugilearen dendan hamabiak joko dutenean, soldaduen itzalak esnatuko dira armaz kargaturik, kale kantoi batetik alde zahar osoa tiroka desafiatuz. Etxe batera sartuko dira, inoren bila. Haur txikia esnatuko da negarrez, eta amak ez du lorik egingo gau osoan. Eta alde egingo dute, sartzerako ongi zekiten bezala, inortxo ere aurkitu gabe. Baina beldurra zabalduta gelditu da “terrorismoaren sehaskan”.

“Hemengo haurrek ez dute haurtzarorik izaten –bota du zigarreta Aminen lagunak–. Tiro hotsak entzunez esnatzen dira gauean, eta goizean, check-pointak pasa behar dituzte eskolara bidean. Eta soldaduek nahi ez badute haurrak ez dira eskolara joango. Ez da harritzekoa norbaitek harri bat botatzen baldin badie. Tiroz erantzuten dute. Eta bat baino gehiago dira eskolara bidean hildako haurrak”. Aminen anaia txikiak entzuten ditu hitz horiek, gure ondoan eserita. Bost urte baino ez ditu, eta plastikozko pistola bat du eskuetan. “Ikusten duzu? Haurrak jolastu egin nahi izaten du, eta hemen ez dute beste jostailurik, plastikozko armekin ibiltzen dira txikitatik. Eta gero, hamasei urterekin, benetako pistola batekin jolastu nahiko du”. Eta hemezortzi urterekin, umetan egin izan ezin zuena, gordeketan jolasten hasi beharko du gauetan.

“Gaueko gudariak” dira, milizia txikiak, eta miliziano txikiagoak; armamendua hutsa. Baina ausardiaz beteak. Itxaropen kale itsu bat denean bizitza, ez dago aurrera egin beste biderik, eta alde zaharreko kalerik estuenetan begiak itxita ibiltzeko gai dira. Eta fusilak bista zorroztua izaten du desfile militarra nondik datorren atzemateko. “Eta zer egiten dute bala batzuk dozena bat karro militarren aurka?” galdera inozoa izan da. “Ezer ere ez. Badakigu hilko gaituztela. Borroka buruz burukoa izaten da, eta pistola bat baino ez dugu karro handien eta F16 hegazkinen kontra. Zer nahi duzu egitea? Baina gure burua babestu behintzat, eta gure herria, ez dezatela pentsatu etxean dabiltzanik. Horregatik ateratzen gara, nahiz eta jakin hilko gaituztela. Hori badakigu aspalditik, ezin diogu alde egin”. Ez dago biderik ezkerrera, ez dago eskuinera, ez dago atzera ere, aterabide guztiak check pointez itxita daude. Aurrera egitea baino ez da gelditzen, zu ez bazoaz beraiek etorriko zaizkizu bila. Eta azken batean, hiltzea ere, ihes egiteko beste modu bat da.

Heriok telefonoz deitzen du

Habibi hitz samurra da, goxotasuna darion hotsa, lagun hurbilenekoari esaten zaio. Eta Nabuluseko soldadu buruak telefonoz deitzen die gazte palestinar bilatuenei: hi habibi!; Hi gazteak ere. Eta inor konturatu gabe, mugikorrak salatu du mutikoa. Orain soldadu buruak badaki zein metro koadrotara zuzendu behar duen misila. Teknologiak ez du hutsik egiten. Baina logikak batzutan bai, eta operazio militarren buruak ez du sekula ulertuko zergatik deitu zion Aminek bere zenbakira hil baino egun batzuk lehenago, baldin bazekien bere burua arriskuan jartzen ari zela. Beldurra sekula ezagutu ez duenak ezin baitu jakin beldurrik ez duzula erakusteak zenbat garrantzia duen.

Allo! –ezjakinarena egin zuen hasieran militarrak.
Hi habibi –Aminek goxo.-
Hi Amine, zer moduz zaude?
–Oso ongi, eta zu?
–Ni ezin hobeto. Zer moduz daude zure lagunak? –soldadu buruaren jakin mina-.
–Nirekin dauden bitartean ongi egongo dira –jakina–.
–Pozten naiz jakiteaz.
–Hil egin nahi nauzu? –Aminen hitzek ez zuten dardararik egiten–.
–Ez, zergatik diozu hori?
–Behin esan zenidan zakur guztiei iristen zaiela beren ordua –Aminek zorroztu du hitza.
–Gogoratzen naiz –militar buruak–.
–Ba zu ere zakur bat zara, eta iritsiko zaizu zure ordua.
–Kar kar kar kar. Estimatzen dizut, zuk nahi duzunean habibi. Kar kar kar kar –fusilaren hots bera du militarraren barreak–.
–Ongi segi habibi!
–Laster arte.

Telefonoa eseki eta handik astebete baino gutxiagora iritsi zen zakurren ordua. Usmatzera joan ziren, bala zuloz zabaldutako etxe hartan, haragia gordinik ote zegoen. Zaunka egin zuten. Nabulus osoan entzun zen zaunken oihartzuna. Biharamun goizean Israelgo egunkari bat baino gehiago esnatu zen “Zisjordaniako terroristarik handiena hil da” esanez. Eta Tel Aviveko ostatuetan kafeak soseguan ketuko ziren airean, eta autobus gidariek txistu joaz pasako zuten goiza. Nabuluseko alde zaharrean, pendulugilea berandu iritsi zen lanera, beti bezala lo hartu zuelako.

http://www.argia.eus/palestina/ kanalean argazki galeriak eta bideoak

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude