Katuaren irribarrea ez da Pako Sagarzazuk haurrentzat idatzitako aurreneko kontakizuna. Hor daude Honelakoxea da nire arreba eta Jon Txikiren abenturak, besteak beste. Nolanahi ere, Joxan Ormazabalek euskaratu eta Jose Belmontek irudiz hornitutako Katuaren irribarrea zortzi urtetik aurrerako neska-mutikoek izan ditzaketen sentimen eta irrikak kontuan hartuta idatzitako istorioa da. Kontalaria berriz, jada bi urte dituen katua dugu. Jaio berria zenean, zakur amorratu baten eta are amorratuago zegoen jabearen artean, akabatu zioten ama. Orduan, kale gorrian gelditu zen bera, harik eta emakume batek –“izeba” da orain katuarentzat– bazter batean aurkitu eta bere ilobari oparitzea erabaki arte. Geroztik familia du katutxoak, eta familia hori defendatzen ikasi du.