argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2013ko maiatzaren 03a

Mikel Asurmendi ARGIAko kazetariak Komatxo Artean 1 eta 2 (Utriusque Vasconiae) elkarrizketa liburuak kaleratu ditu. Asurmendik Donostiako Herri Irratian gidatzen zuen Komatxo Artean saioan egindako elkarrizketa eta mahai-inguru literarioak dira liburuon ardatz. Lehenbizikoak 2000. urtetik 2006ra bitartean Asurmendik hainbat idazleri egindako elkarrizketak bildu ditu. Bigarrenak berriz, mahai-inguru literarioak. Mikel Asurmendi bere liburuez hizketan (bideoa): www.argia.eus/bideoak.

 

Aritz Salamanca lezoarrak irabazi du Pasai Donibanen jokatutako Gipuzkoar Aurresku Txapelketa. Aritz Salamanca Donostiako Goizaldi eta Lezoko Murixka dantza taldeetako zuzendari eta dantzaria da. Iker Larunbe atarrabiarrak lortu du bigarren postua.

 
 

Esteban Barrena zumarragarrak Euskal Herriko Txistulari Elkartearen zilarrezko domina jasoko du ekainaren 17an. Barrenak Zumarragako Antzinako Ama txistulari taldearen sorreran parte hartu zuen eta garai hartatik geratzen den taldekide bakarra da.

 

Jon Mirandek idatzitako Haur besoetakoa sarean jarri du Susa argitaletxeak, Klasikoen Gordailuan. Nobelarekin batera 1951 eta 1963 artean plazaratutako Miranderen ipuinak eta narrazio itzulpenak ere zintzilikatu dituzte Interneten. Helbidea: http://klasikoak.armiarma.com/idazlanak/M/MirandeHaur.htm.

 
 

Unai Fernandezek Bi Batean Diskak zigilua sortu berri du diskoetxe handiek uzten dituzten hutsuneak betetzeko asmoz. Gasteizko zigiluak Euskal Herriko nahiz atzerriko musika taldeen lanak argitaratuko ditu autogestioa eta auto-finantzazioa erabilita.