Irudia, musika, abangoardia

  • Jauregi zaharrez jositako Elorrio historia berriaren sorleku da. Hainbat arrazoi medio, giro polita dago sorkuntza lanerako. Beti bor-bor dago eltzea. Hortik atera zen 2001ean Logela Multimedia proiektua, zapore berriak eskaintzen dituen jakia. Osagaiak: musika eta dantza, antzezpen tanta batzuk eta irudiarekin jolas ugari. Orain dela gutxi, azken sei urteotan egindako zenbait lan bildu dituzte DVDan, eta platera osatzeko, Mokaua diskoa sartu dute pakete berean.

    Ez da musika taldea. Logela Multimedia, izenak ez du zalantzarako beta handirik ematen, multimedia sormena lantzen duen kolektiboa da, euren berba zehatzak erabilita. Egia da sormen lan horretan elementu askok aurkitu dutela habia, musikak ere bai, baina Logelaren espezialitatea bideo sorkuntza da. Irudia da enbor nagusia, eta gainerakoa adarrak, adar sendoak izanagatik ere.
Logela multimediako kideak
“Ez da musika taldea”, esan du beraz Ander Garaizabalek, gurekin egindako solasaldiaren hasieran. Elorrioko Arriola Kultur Aretoan egin dugu hitzordua berarekin. Hantxe aurkituko dituzue sarri, musutruk lanean, Logelako kideak: Ander eta Imanol Garaizabal anaiak, Karlos Gomez eta Gorka Molero. Elorrioko kaleetan hazi, hezi eta helduak, euren kantaren batek dioen bezala, eta denak 30 urteren bueltakoak.

“Logela Multimedia gehienbat Imanolek sortua da. Bera da bideo sortzailea, graffiti egitetik dator, diseinu grafikoan lan egitetik...”. Gainera, Imanol Garaizabal Logelako pro bakarra da, taldea du lanbide. Gainerako hirurek beste zeregin batzuetatik ateratzen dute soldata. Beste hari batek ere lotzen ditu Imanol ez besteak: musikan aritutakoak dira, eta zenbait kasutan badabiltza oraindik. Gorka Molerok gitarra jotzen du 2006ko Bilbao Hiria lehiaketa irabazi duen Yakuzi rock taldean, eta Karlos Gomez baxu-jotzailea Tunnel 483 taldean dabil, pop soinuetara lerratuago.

Non Demontre musika taldeak taularatu zuen Logelari egotzi dakiokeen lehenengo ikuskizuna. “Gorka eta biok gaztetatik genbiltzan Non Demontren”, azaldu du Ander Garaizabalek. Imanolen parte hartzeaz, Belarritakora sartu multimedia kontzertua sortu zuten. Artean, musika zen nagusi, “baina orduan konturatzen hasi ginen irudiaren inguruko formula honek ematen dituen aukerez”.

Graffitia eta breakdancea

Bigarren ikuskizunean –Ohe handi bat– bide berria urratzen jarraitu zuten: Logela Multimediako kideez gain –emankizun haren kariaz sortu zuten izena, hain zuzen–, graffitigileek, break dantzariek eta aktoreek parte hartu zuten. Ordurako, agerikoa zen Imanolek berarekin ekarritako hip hop kulturaren eragina, estetikan soinuan bezainbat. “Geuk ere, Non Demontreren azken diskoan –jarraitu du Anderrek–, hip hop kanta bat sartu genuen, berez rock taldea ginen arren. Azkeneko kanta zen gainera. Sinbolikoa ere bada”. Non Demontre 2002an desagertu zen, Logela Multimediari izena ezartzeaz batera. Edo beharbada, bata bestearen ondorengoa da. Edonola ere, Logelak musika eremuan egindako lanak rap eta hip hop kutsu argia dauka, nahiz eta rock zantzuek oraindik badirauten, “oso gustukoa dugu eta”.

Ohe handi baten, interakzioa lantzen hasi ziren. “Diziplinartekotasuna, interakzioa... Horrelako hitzak erabiltzen dira gaur egun, baina guk ez dugu horretaz ulertzen. Guretzat, interakzioa zerbait praktikoa da, teknika bat, harreman bat: musikariek, aktoreek, dantzariek eszenatokian egiten dutena bat etortzea irudiarekin. Nik besoa mugitu eta atzeko pantailan zerbait gertatu”. Pantaila –orain arte esan ez badugu hauxe da une egokia–, ezinbestekoa baita, izan, Logelaren emanaldi batean.

Jendaurreko hirugarren ikuskizuna Klonk izan zuten, Addictos breakdance taldearekin elkarlanean. Espainiar estatuko talderik garrantzitsuena omen. Garaizabalek gogoratzen duenez, ezkontza interesgarri hartan, “beraiek koreografiak egiten zituzten, eta guk multimedia”.

Break on Stage

Break dantzarekin garatu duten harremana orain arte aipatutakotik harago doa. Urte batzuk daramatzate, berbarako, Break on Stage lehiaketan parte hartzen. “Europar aretoko breakdance lehiaketa da, aurten seigarrenez egin da. Guk irudiak ipintzen ditugu, eta aurtengo honetan kantak ere sartu ditugu. Baina hori, beharbada, Logelaz bereizita dago. Hemen, Arriola Kultur Aretoan, hasi ginen horrekin lanean, eta haziz joan den egitasmoa da. Durangon eta Bilbon egin izan ditugu emanaldi batzuk, arrakasta handiz”.

Hasieran esan bezala, lan horrek guztiak emandakoaren zati bat jaso dute DVD mamitsu batean eta harekin, Durangoko Azokan aurkeztu zuten batera Mokaua diskoa zabaldu. Musika hutsa beraz, edo erroetara itzulia. Horregatik beharbada, egitasmo hori ere Logela Multimediatik bereizi nahi du Garaizabalek, egile berberak izan arren. “Zerikusia dauka Logelarekin, baina proiektu independiente modura atera dugu. CDan Mokaua, DVDan Logela. Egia esan, bageneukan hainbat abesti sortuta, Logelarekin egindako lanetik aparte, eta kaleratzeko gogoz genbiltzan”.

Doinuetan eklektiko, hitzetan sendo

Gogo horrek bultzatuta ipini dute, honenbestez, musika hutsezko mokadutxoa irudia nagusi zen mahai gainean. Hip hop, musika elektronikoa, rock ukitu batzuk... “Musika desberdin samarrak entzutea gustuko duenarentzat egokia da. Ez da musika komertziala, ez ditugu erraz saldu eta kantatzeko moduko leloak egiten, baina era berean, pentsatzen dugu musika atsegina dela gurea, eta entzumen fina edukiz gero edonori gustatu ahal ziola”. Ander Garaizabal, bateria-jotzailea ez ezik, kantuen egilea da Gorka Molerorekin batera, eta hitzak ere bere lumari zor zaizkio. Ondo landutako hitzak dira, kritikoak, eguneroko kontuetan oinarritutakoak... Eta euskarazkoak.

“Guretzat naturala da euskaraz jardutea, hori delako gure hizkuntza. Eta bageneukan euskaraz zeozer berri eskaintzeko gogoa. Hip hopean, esaterako, oso gutxi jolastu da euskararekin, ez dira erabili euskarak eskaintzen dituen aukerak, erritmo aldetik, metrika aldetik...”. Mokauako kantak konposatzeko erritmoan oinarritu dira, “eta esaldiekin jolastu”. “Ez dugu gitarra hartu eta haren doinuari jarraitu. Bateria jo dugu gordinik, hori grabatu dugu eta horren gainean kantatu”. Den-dena euren kabuz ekoitzia; hauei ez zaie antzematen aberasteko grina bizirik. “Geuk sortu eta geuk banatu. Helburua dirutan egindako inbertsioa berreskuratzea da, ez gehiago. Oso merke ipini ditugu salgai CDa eta DVDa”. 10 euroan, nekez mokadu merkeagorik, zenbateraino asegarria den kontuan izanda: ahozurienari gomendatzeko modukoa ez ezik, begiei ere plazer ematen diotenetakoa.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude