argia.eus
INPRIMATU
Dicamba, superherbizida
  • Glyfosatoari, gehien erabiltzen den herbizidari, gero eta erresistenteago zaizkio belar txarrak. Horregatik bioteknologian ari direnak sistema berriak aurkitu nahian ari dira.

    Genetikoki eraldatutako hazietan gehien erabiltzen direnak glyfosatoa erresistitzeko gai dira. Horregatik bi gauza gertatzen dira nekazariek Round Up produktuaz –glyfosatoan oinarritutakoa– uztak tratatzen dituztenean: aurrenekoa, lehendik dauden belar txarrak akabatzen ditu herbizidak; bigarrena, ez ditu landu nahi den uztaren belar txarrak akabatzen.
Joxerra Aizpurua Sarasola 2007ko ekainaren 10
Azken urteotan areagotu den arazo horrek lanean jarri ditu Donald Weeks, eta bere gisako ikerlariak.

Weeksek Science aldizkarian iragarri berri du glyfosatoa baino askoz ere indartsuagoa den herbizidari aurre egiteko sistema lortu dutela. Dicamba bataiatutako herbizida glyfosatoa baino indartsuagoa da, baina orain arte uztetako landareak ere erasotzen zituen. Weeksek eta bere taldeak dicambari landareek aurre egiteko sistema lortu dute. Aurkikuntza horrek uzta oparoagoak ekarriko ei ditu. Hala ere, dicamba ezin izango da aplikatu uzta guztietan, arruntenetan baizik; hala nola soia, artoa eta arroza.

Ikerketa horrek akuilatuta, herbiziden alorreko enpresarik garrantzitsuenak, Monsanto konpainiak, iragarri du Weeks eta bere kolaboratzaileen lanen royaltiak erosi nahi dituela.

Txindurri zubigileak....

Eciton Burchellii espezieko txindurriek bere gorputzaren luzera duten zuloak estaltzen dituzte, janaria daramaten beste txindurri batzuk aurrera egin eta habiara heltzeko.

Baso tropikaletan bizi diren txindurri horiek gorputza erabiltzen dute zubi gisa eta horri esker egunero beste espezie batzuk bildu dezaketena baino janari gehiago meta dezakete habian.

Laborategian egindako saioetan, txindurriak gorputzaren tamainen arabera kokatzen ziren zuloetan eta zuloetako batzuk gorputza baino handiagoak baziren txindurriek katea osatuz elkartu eta behar adina luzerako zubia osatzen zuten.

Teknika horren bidez Scott Powell eta Nigel Franks ikerlarien esanetan, txindurriek asko optimizatzen dute janariaren garraioa.