Iñigo Azkona
Hala, prozesuari ongi-etorri sutsua ematen diotenek unibertsitatearen baitako iraultza balekar bezala aurkezten digute hura. Bat-batean badirudi ikaslea bihurtuko dela unibertsitate-irakaskuntzaren erabateko protagonista, irakasle moderno eta gaituen eskutik. Akabo, beraz, irakasle zaharkituen diktaduraren garaia: campus virtuala dela medio, besteak beste, ez da egongo harreman pedagogiko hierarkikorik. Aspaldi frogatuta dago, ordea, irakasle eta ikaslearen arteko harremana haren autoritatean oinarrituta dagoela. Irakaskuntzaren berezko ezaugarria da, metodoak erabat aldatu arren. Europan eta mundu osoan.
Eta zer esan prozesua gaitzesten dutenei buruz? Gehiegikeria hemen ere harrigarria da: Bologna hiltzaile zioen pankarta bat ikusi nuen lehengo egunean. Prozesuaren ezaugarriez ezer gutxi jakinda, harekin zerikusia duen guztia deabrutu egiten da eta hondamendi guztien erantzukizuna leporatzen zaio: unibertsitatea erdaldunagoa izango da –zergatik?–; merkatuaren eragina jasoko du –dagoeneko badu!–; zailagoa izango da euskal unibertsitate baten sorrera –tituluak homologatuta egongo direlako?–… Sinplekeria galanta iruditzen zait kanpotik datorren guztiari, ezinbestean, euskaldunentzat kaltegarri iriztea, jakin badakidan arren ez dugula tresna eraginkor asko aldaketak gure aldera ekartzeko.
Behin eta berriz neurriz kanpo ikusten ditut Bologna goresten dutenak zein gogor kritikatzen dutenak. Izan baditu kontu honek bere argi-itzalak, nola ez. Gauza pozgarrien artean, adibidez, kokatu beharko litzateke ehunka irakasle ikustea haien irakasgaiaz gogoeta eginez, zeren eta, ezin ahaztu dezakegu unibertsitatean, urte askoan, hutsaren hurrengoa izan dela ikertzaile askori irakaskuntzak merezi izan dien arreta. Ni neu sinetsita nago prozesu honek emaitza onuragarriak ekarriko dituela, unibertsitateak astinaldi ederra behar zuen-eta arlo horretan. Eta ikasleen mesedean etorriko direla, etorri ere. Baina hori gauza bat da, eta beste bat da Bolognaren kontura saldu nahi diguten unibertsitatearen ikuspegi idilikoa. Eta are txarragoa da, beste batzuetan, aurkezten zaigun unibertsitate-bizitzaren irudi teknokrata amorratua. Dena da zenbaki hutsa eta eraginkortasunaren neurketa kuantitatiboa. Leku txikia betetzen du, aldiz, irakaskuntzari buruzko gogoeta filosofikoak. Eta horixe da falta duguna!
Bolognako prozesua izeneko hori europar konbergentziaren alde bat besterik ez da, eta atzeraezina da. Europako Batasuneko kide ez diren hainbat herrialdek ere harekiko konpromisoa adierazi dute dagoeneko. Zergatik ez baliatu aukera unibertsitate aurrerakoiago eta euskaldunago baten alde lan egiteko?