Hantxe da Arrastia, Arraztia edo Arritia. Herri zaharra, 1427an dagoeneko hutsik zela aipatzen da. Egungo bertasamarrekoek ahoz belarri bi istorio jaso eta emateko prest dituzte: batetik mairuen bizitoki izan zela –herriaren bi aldeetan dauden bi eraikin zeharo borobilen zimendu-arrastoak omen froga nagusi– eta bestetik Erdi Aroan izurri beltzak bertako biztanle gehienak harrapatu ondoren hustu zela. Dotorea da tokia, artadi bikaina labore eta zainzuri itsasoaren labar. Herria zenaren beheko barrenean hilerri izango zutena ageri da. Erreka-estaliak egiteko teknika zaharraz eginak dirudite hobiek: zuloaren bi aldeetan eta gainean harlosak. Hauen erretenetatik nabarmen ageri dira, oraindik, ixterrezur, hankatipula, mokor... Aparteko dotorezia somatzen maiatzaren erdian da ekiko ekiaren jaiotzari begirako zulo hauen artean: inoiz ikusi dudan orkideo aukera handiena. Genero eta barietate aukera txundigarria; hilerrian pilatutakoek lurrari emandako aparteko elikagaien azioa ote? Poxpoloarena akaso? Inork jakingo balu azal beza...
Beheraxeago, garagar arteko tontorño batean, Ziritzan, egoa bero kitzi-kitzi harrotzen den toki paregabe horietakoa, Santa Katalina deitzen zaion ermitatxoa. Harri kozkor bat dirudi eta zaharra omen da oso. Barruan itsasontzi zaharren margo ederrak ba omen ditu baina gaurkoan kanpoko teilatu-alartzeko harlanduak ikustearekin pozik: dromedario, ahari, emakume-ahate, giza-zaldi... Arabiarrek bereziki estimatzen dituzten animaliak... Horregatik egongo ote dira hauek ere ekira begira? Eraikiko zuten euskaldunen errezoen bidean...