argia.eus
INPRIMATU
Urruñan
Joxemari Ostolaza 2021eko ekainaren 30a
Joxemari Ostolaza
Eraiki zuen etxea. Urrugnen bertakotzeko frantsesera zuen ondasun. Bertako hautetsia izatea erabaki zuen zubitzat. RPRko zerrenda aurkitu zuen lanabes. Eskuindarra eta frantsesa Euskal Herrian. Ez zen tronpatu. Irunen espainola, Urruñan frantsesa. Euskadi erabili zuen arrakasta soziala lortzeko, EAJren ingurutan. Eta Rodriguez de Ibarraren eremuan, Espainiako hegoaldean norbait izateko balio izan zitzaion. Euskadin lapurtutako herritarren sosak zituen irudi, bertako herritarren errespetu. Han eraiki zituen aberats-bideak, kanpoko jendeak aisialditan utzitako diruez Euskadin lapurtutakoa biderkatzeko. Eta bertakoak zerbitzari, ongiletzat zuten, lanpostu sortzailetzat. Orain Martuteneko kartzelan da, lapurretak ogibide argitzat daukan jendez inguratuta. Nonahi bertakotzeko era ezberdinak daude. Urruñan ere bai. Euskal Herrian bizi zaitezke pozik eta ongi. Eremu urria da eta behartsua. Nondik eraman ez dago, non eman bai. Zuretik ematen baduzu, arrakasta ziurra duzu eta lagun leialak ondasun. Euskal Herriari Bai esan diogu hemen, EAJk Frantzian UDF aukeratu duen bitartean. Bravo ez zen tronpatu. Eta Euskal Herri honetatik preso daudenak ez zuten Bravoren bertakotzea hautatu. Ez gaudela mundu berean, ez dugula mundu bera xede.