Maddi Soroa
II
Sagarrondotik sortua naiz ni
niri deritzait sagarra
sustrai-erroak lurrean ditut
hark ematen dit indarra
haize epelak kulunkatzen nau
eguzkiak damait garra
hemengo fruitu denen artean
ni naiz etxeko izarra.
III
Nik ere berdin esango dizut
zein den nire jatorria
sagardoa da nire izena
edari maitagarria
zabal-zabalik daukat zuentzat
bizitzaren iturria
niregan ase dezakezue
zuen bizi-egarria.
IV
Auskalo noiztik dudan entzuna
“usurbildarrak daukate...”
hitz horiek zuen maitasunaren
berri ematen didate
nola eskertu behar dizuet
horrenbeste borondate?
gaur eta beti izango naiz ni
usurbildarron alkate.
V
Mendetan zehar zuen artean
bizitzera naiz prestatu
sagardoaren kultura beti
duzuelako sustatu
baserri eta etxe askotan
denok nauzue dastatu
gaur berriz hainbat sagardotegi
dirade nire ostatu.
VI
Elkar gaitezen bide berean
andre, gizon, neska, mutil
etorkizuna geurea dugu
ez dadila inor zurbil
zuekin bizi naizen artean
ezingo naiz ni inoiz hil
ni hiltzen banaiz zu ere berdin
hilko baitzara, Usurbil.