Narkoanalisia torturaren izen berria Indian

  • “Narkoanalisia” deitzen zaio atxilotuei informazioa ateratzeko poliziak droga barbiturikoak erabiltzeari. Mundu osoan zabalduta dagoen “teknika” hau modan jarri da Indian, ustezko terroristei eta hiltzaileei gogoz eskaini nahi ez dutena emanarazteko. Batzuetan, epaileen baimenez egiten dute.

    Argazkian gizon bat ageri da etzanda, eta osasungintzako langile batek injekzioa sartzen dio besoan zainetik. Indiako Frontlinen, argazkiari azpian honela ipini diote: “Narkoanalisia egiten ospitale batean, mediku baten eta anestesista baten aurrean, honek barbituriko bat sartzen dion unean. Gero psikologo kliniko batek galdezkatuko du atxilotua. Hemen ‘narkoanalizatzen’ ari direna susmagarria da Bangaloren 2004an gertatutako hilketa batean. Epaileek libre utzi zuten, esanez narkoanalisia erabil daitekeela ikerketarako baina ez susmagarriak errudun jotzeko frogatzat”.
Indiako polizia talde bat
Argazkian, Indiako polizia taldea, tren geltoki batean zainketa zerbitzuan. Polizia indiarrak, atxilotuak drogatuta galdezkatzeko, lankide aproposak aurkitu ditu presoekin esperimentu psikologikoak egin nahi dituzten medikuetan, eta kriminalitatearen kontra eraginkortasuna lortu nahi duten epaileetan. Narkoanalisiaren balio terapeutikoak eta are ikerketarakoak ere aspaldi daude gezurtatuta. Aldiz, tortura "zuri" moduan bere zerbitzua egin dezake. Lakshmanek dioenez "literatura zientifikoak erakusten du narkoanalisiak erabilgarritasunik edukitzekotan zera daukala: susmagarria eramaten duela pentsatzera benetan aitortu duena baino gehiago aitortu duela". Haluzinazioez gain, atxilotuaren kulpabilitate sentimendua, poliziek hain gogokoa dutena. Indiako kontuez ari gara, Espainian edo Euskal Herrian ez da-eta inoiz erabili drogarik atxilotu bat "biguntzeko".
Filmetan nork ez ditu ikusi zerbitzu sekretuetako agenteak arerioaren espioiei pentotal famatua injektatzen, informazioa ateratzeko? Bestalde, tarteka jakiten da munduko edozein tokitako poliziak –Espainiakoak ez, irakurleak ondo dakienez– atxilotu bat drogatu egin duela eta honek komisaldegian jasandago haluzinazioak salatu dituela. Hala ere, Indiatik datorren albistearen berezitasuna narkoanalisiaz –horrela deitzen zaio galdeketarako droga erabiltzeari– eztabaida publikoa egotean datza. Frontline astekarian hala argitu du Sriram Lakshman-ek. Gizon hau abokatua da eta Munduko Bankuan ere lan egina da; bere curriculuma ez da erradikal batena, plazaratu duen artikulua ere ez.

Psikoterapian erabili izan da narkoanalisia, barbiturikoekin edo bestelako drogekin gaixoari lo-abarra eragin eta barnean gorderik dauzkan sentsazio eta sentimenduak ateratzeko. Giza eskubideek axola handirik ez dieten poliziek ere erabiltzen dute, drogek larruazalean arrastorik uzten ez dutelako, atxilotuak inkomunikazio egunetan nahasteko eta deklaratu aurretik menderatzeko. Poliziek atxilotuak legez kontra drogatzen dituzte munduan barrena, eta Indian berria zera da: horien erabilera aitortzeaz gain arautu ere egin nahi dutela.

Karnataka estatuko politikariek hartu dute gai honetan aitzindaritza. Indiako estaturik industrializatuenetakoa da Karnataka; Bangalore dauka hiriburu, “Indiako Silicon Valley” deitu izan dena, herrialdeko software enpresen erdia hemen dagoelako. Agian horregatik, atxilotuekin barbiturikoak erabiltzea ez dute hemen gehienek torturarekin nahasten, justiziaren eta poliziaren balizko aurrerapen teknikoekin baino.

Bangaloreko Barne Ministerioak argitaratu berria omen du eskuliburu bat narkoanalisiaz, non esplikatzen diren teknika hau ondo erabiltzeko “jarduera onak”. Osasun Mentalerako eta Neurozientzietarako Erakunde Nazionala bera elkarlanean ari da Bangaloreko Auzitegietako Zientzia Laborategiarekin (FSL, ingelesezko sigletan), eta laguntzen dio teknika honetan pertsonala trebatzen. Txantxa makabroa ez balitz, esango genuke kalitatezko ISO eskuliburuetan sartu dutela tortura kimikoa.

Bangaloretik atera gabe, 300 preso omen daude narkoanalisia noiz egingo zain. Eta moda India osoan hedatu da. “Narkoanalisia –idatzi du Sriram Lakshmanek– gero eta usuago aipatzen da epaitegietan eta azkar ari dira onartzen poliziaren ikerketan egia bilatzeko tresna moduan, nahiz eta bere oinarri eta balio zientifikoak oso eztabaidagarriak izan. (...) Narkoanalisia oso gutxitan erabiltzen da gaur egun helburu terapeutikoekin, (...) baina Indiako polizia askok eta ikerketa agentziekin lotuta daudenek uste dute ‘urrezko giltza’ dela kasu zailak argitzeko orduan”.

Atxilotuak haluzinatu egingo du

“Egiaren serum” edo “egiaren drogak” aspaldikoak dira, XX. mende hasierakoak. Eskopolamina deitua, adibidez, lehenbizikoz 1922an erabili zen poliziaren ikerketa batean, ofizialki onartuta. 1930eko urteetan psikoterapian halako izen bat lortu zuten barbiturikoek. Amerikako Estatu Batuetako armadak eta inteligentzi zerbitzuek “egiaren drogak” garatzen segitu zuten gerra ondoren. CIAk berak –Lakshmanek dioenez– aitortzen du erabili izan dituela galdeketarako beste taktiken artean. “CIAren galdeketa eskuliburu zaharrek onartzen dute ‘egiaren drogak’ probetxuzkoak gerta daitezkeela atxilotuen erresistentzia makurrarazteko, beste metodoekin lortu ezin denean, baina azkenean eragin ditzakeela jokabide psikotikoak ere, haluzinazioak, ameskeriak, egia ustezko gezurrak eta desorientazioa”.

Hala ere, Bangaloreko forenseek narkoanalisia gero eta sarriago erabiltzen dute. Horretarako, atxilotuari sodio-pentotala injektatzen diote eta horrekin batera beste hiru test egiten: profil psikologikoa, poligrafo edo “gezurren detektagailua” eta brain mapping delakoa, garunaren ikerketa grafikoa. Bangaloreko Victoria Hospital-en egiten dira narkoanalisiok.

FSL polizia forensearen buru B. M. Mohan-ek esaten omen du narkoanalisiak fruitu onak ematen dituela. Beste mediku eta zientzialari askok alderantzizkoa diote: eskopolamina, sodio-pentotala edo sodio-amitala hartuta atxilotuak deklaratzen duena ez dela derrigor egia. Chittaranjan Andrade doktorearen hitzak bere eginez, Lakshmanek idatzi du: “Erabat kontziente dagoen pertsona bat iritsi daiteke sinestera benetan gertatu ez den zerbait. Ikerketa askok erakutsi dute hau. (...) Pentotalez egindako narkoanalisian, inhibizioak makalago daudenean, pazientearen gogoan azaldu daitezke irudipenak. Pazienteak esan ditzake egia izatea nahiko lukeen baina gertatu ez diren gauzak”.

Munduko zientzialariei muzin eginda, Bangaloren teknika hauek sustatzen dituzten poliziek adierazi dute laster publikatuko dituztela beren esperientzien emaitzak, eta orduan erakutsiko dutela metodo honen onura. Argudio horiekin ez dituzte mediku gehienak konbentzitu, baina bai aldiz epaile bat baino gehiago. Eta aberrazioraino iritsi dira zenbait epaitegitan. Madras estatuko Auzitegi Gorenak, esate baterako, narkoanalisira derrigortu zuen akusatu bat: “Laborategira joan beharra dauka gogoz kontra bada ere test horiek egitera, baina test horietan esango duena bere gogoz esango du”. Justiziak harrokeriaz dio itsua dela...

Narkoanalisia tortura mota bat dela asko demostratu beharrik ez dago: gizakiaren adimena fisikoki bortxatzeko sistema da. Baina tortura errazago justifika daiteke iritzi publikoaren aurrean tartean hilketa latzak edo terrorismo famatua daudenean. Indiari gagozkiolarik, hona hiru faktore torturaren alde. Bata, Bangaloreko esperientziak ematen dio sodio-pentotalari eta narkoanalisiari halako aurrerapen irudi bat. Bia, Amerikako Estatu Batuetan ere justifikatzen da tortura emergentziazko egoeran –2001eko irailaren 11z geroztik dena da emergentzia– , eta CIAk berak pentotala erabiltzen duela liburu askotan publikatu da. Eta hiru, Indiako poliziek diote gaiztaginei aurre egiteko baliabide urriegiak dauzkatela, eta beraz, emaitzak lortzeko behar dutela narkoanalisia beren armategietan.

Indian ere badira gizarte mugimenduak torturaren kontra ari direnak. Orain kasu famatu bat nola erabakiko den zain daude: lapur famatu batek, Krushi Cooperative Urban Bank atrakatu zuen Venkateswara Rao-k, ez du sinatu nahi narkoanalisia egin diezaioten baimena, eta Delhiko Auzitegi Gorenak aurten erabaki behar du.

http://www.argia.eus/nethurbil.php helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude